Bortxaketaren zirkulua
Bortxaketaren zirkulua
Ene lagun bat beti izan da abeltzaina, eta beti diodanean beti diot. Umeak ginela, haztean zer izan nahi genuen galdekatuak ginelarik nire erantzun dezente oroitzen ditut: astronauta, suhiltzailea, futbolaria… behin guardia zibila izan nahi nuela esan eta nire ama kasik atzekoz aurrera erori zen. Ez dakit ba, uniformea, fusilak, eguzkitako betaurrekoak… umetan oso erakargarri zitzaizkidan. Pasa zait.
Adiskideak garbi zeukan, ordea: abeltzaina. Baina ez zuen esaten “animaliak heziko ditut”, “animaliak hezten ditut” baizik, baserrikoa bera. Bere burua elikatzeko gai ez zela banatzen zien jatekoa zaldi, zerri, oilo edota behiei; gaiarekin lotutako ikasketak egin zituen, eta ordutik hona lanpostu finko bat izan duen koadrilako bakarretakoa da.
Haurtzaroan asko joaten nintzen berarekin, animaliak zuzenean ikuste horrek erakarrita edo, apartamentu txikikoa ni; baina baziren urteak igotzen ez nintzela, aurten aukera suertatu zen artio. Arrautza batzuk ekarri zizkidan, neronek eskatu gabekoak, eta horrek, betiere, ilusio gehiago egiten du. Igotzeko apeta neukala kontatu eta hantxe joan ginen, umetan hainbestetan zeharkatutako bidezidorretik.
A zer nolako oroitzapen uholdea ukuiluan sartzean! Ez dakit nola ez genuen istripurik izan sekula, lasto fardo, tresneri eta animali artean jauzika.
Untxiak zeuden tokira iritsi ginen. Ikuskizuna arrunt tristea zen, egia erran. Kaiolatxoetan sartuta zeuden guztiak, banan-banan. Kaiolatxo guztiek forma kubikoa zeukaten, baina guztien erdian, lurrean, bazen itxitura borobil bat, zezen plaza txiki bat iduri.
- Zertarako duk hori?
- Orain esango diat.
Kaiolatxo bat ireki, untxi bat hartu eta itxitura zirkularrean utzi zuen.
- Hau emea duk.
Jarraian beste kaiolatxo bat zabaldu, untxi bat heldu eta toki berean utzi zuen.
- Hau arra.
Elkarri inguratu, usaindu eta tartetxo labur baten ondoren txortan ari ziren. Eszenari begira elkarri kontatu genizkion txorakeriak aurreztuko dizkizuet, eta jarraian egin nion galderari pasa.
- Zergatik jarri behar dituk aparteko itxitura borobil batean? Ezin al ditek berdina egin kaioletako batean?
- Kaiolak karratuak dituk, eta horrekin arazo bat zegok. Emeak ez badik txortan egin nahi, ipurdia izkinan jartzen dit eta kito, hor ez duk ezer gertatzen; baina itxitura borobilean bai ala bai bukatzen ditek txortan, eta nik tarteka untxi gehiago behar dizkiat.
Ostia. Bortxaketaren zirkulua.
“Espezismoa” kontzeptua serioski aztertu dudan lehen paradetako bat izan da hau niretzat.