Osabaren irakaspena
Osabaren irakaspena
Baserriko osaba mutilzaharra Ameriketara joan zaigu. Bere lagun minarekin batera Hego-Amerikan igaroko du hiru asteko oporraldia. Lasai joan da, ondo lotuta laga baitu etxeko lanik garrantzitsuena: egunero-egunero hutsik egiten ez dion okinari dirua utzi dio mahai gainean. Kanpoan egon bitartean haren ogirik profitatuko ez duela jabetzen den arren, ogiak erosi nahi izan dizkio.
Familiako hainbat kidek dio osabaren erabakiak ez duela ez hankarik ez bururik. Diote dirua “gozatuko ez duzun produktu baten truke” uzteak ez duela zentzurik. Baina ez. Gure aldean jakintsua da baserriko osaba mutilzaharra. XXI. mendean bizi arren, bere egitura psikologikoa gertuago dago neolitikotik. Eta guk produktua ikusten dugun lekuan, sekula hutsik egiten ez dion langile baten soldata eta bizimodua ikusten ditu hark. Ogia barik, okinarekin egunero-egunero ondutako leialtasuna baloratzen du. Errespetua. Gertutasuna. Lana eta sakrifizioa. Bizimodu bat.
Baserriko osaba mutilzaharrak asko baitaki bere ingurukoen aldean. Barne eskema neolitikotik gertu duenez, jakin dezakeen ia guztia daki. Inozoak gu. Aro informatikoan bizita, jakin daitekeenaren laurdena ere ez dakigu.