Hiru argazki eder (IV)
Hiru argazki eder
Egun hauetan sarean nabigatzen aritu naiz, eta nire bitakora kaieran (ondo esan ahal dut?) argazki historikoak biltzen joan naiz. Pasa den astean bi argazkiei buruz hitz egin nuen, eta oraingoan hiru dakartzat; zuen iritzien zain naukazue.
Giuseppe “Joe The Boss” Masseria (Sicilia, 1887 – Nueva York, 1931ko apirilaren 15) mafiako “capoak” bere jarduna New Yorken garatu zuen. Genovese familiaren kargu aritu zen 1922-31 urteen artean, eta garai hartan hiriko mafioso boteretsuena izatera iritsi zen. Siziliarrak kontserbadoreak ziren oso, eta Masseria filosofia horretakoa zen: ohorea, tradizioa, errespetua eta duintasuna, gauzak egiteko modu bat. Bere meneko asko ez zeuden batee ados funtzionatzeko metodo horrekin.
Kartak bere alde izan arren, as-ak eta guzti, partida gaizki atera zitzaion; argazkiaren angelua, kartaren presentzia eta bigarren planoan desenfokatuta erakusten ez dena dira elementu garrantzitsuenak. Indarra eta gordintasuna.
Dantzari bat epaimahaiari kuleroak erakusten, polizia sekretuak atxilotu ostean, Floridan (AEB). Dantza exotikoak egitera dedikatzen zen emakumea, eta epaileari demostratu behar izan zion makurtzerakoan baginako ezpainak ez zirela agerian geratzen. Testuingurua hori den arren, helarazten duen mezua, ene begiradapean bederen, oso bestelakoa da: lotsagabekeria, ausarkeria, errebeldia; justiziari, ordenari eta modu onen defendatzaileei ipurdia erakustea, garbi esanda.
Evelyn Francis McHale (California, AEB, 1923 -New York, AEB, 1947ko maiatzak 1). Kontulari honek sekulako erabakia hartu zuen 23 urte besterik ez zituela: bere burua Empire State eraikin famatutik botatzea (edo hori diote, behintzat). Etxe-orratzeko behatokitik bota zen, 83. pisutik, eta inoiz ez da argi geratu zerk bultzatu zuen hori egitera.
Robert C.Wiles izeneko argazkilari bat inguruan zegoen, limusina baten gainean erori zen unean, eta argazki hau atera zuen. Life aldizkarian argitaratu zuten, “Suizidio ederrena” izenburupean (hanka sartze itzela, ezta?), David Boweyk abestu zion, eta Warholen inspirazio iturri ere izan zen.
Maiatzaren 1ean amaitu zuen bere bizitzarekin; kasualitatea, seguraski. Ez dirudi halako alturatik jauzi zenik; oinetako gabe, bere eskularruekin, lepokoari helduz, lo balego moduan. Tristura eta elegantzia helarazten dizkit; eta autoan uzten duen zuloa egoera ez ulertzeak eragiten duena bezain handia da. Zergatik?