Europako skatelari onenak Durangon batuko dira larunbatean
Larunbatean laugarren aldia izango du Landako Erakustazokan izango den Txotx! Mini Ramp Txapelketak. Aurreko urteetako irabazleak euskaldunak izan dira: Alain Goikoetxea algortarra, lehenengoan, eta Ivan Rivado bilbotarra hurrengo bietan. Antolatzaileek diotenez, frantziarrei eta ingelesei gustatzen zaie euskaldunekin lehiatzea, “maila errespetagarria dugulako”; beraz “txapelketa erakargarria da kanpokoentzat”.
Baina gure maila goratzeaz gainera, “pike sano bat” ere badagoela diote, eta aurten tronuaren bila datozela kanpotarrak. Irabazleari eskaintzen dioten aurreskua albotik beharrean aurrez aurre bizi gura ei dute. Pike sanoa ikuskizunaren mesedegarri izan dadila.
Guztira, 60 skatelari lehiatuko dira, Landako Erakustazokan egokitutako moduluetan. 12:00etan irekiko dituzte ateak; 15:00etan kanporaketa faseak hasiko dira eta final handia 17:00etan jokatuko dute. Gaur egun, “Estatu mailan skate txapelketarik garrantzitsuena da, eta Europan ere sona hartu du”, azpimarratu zuen Gaizka Izagarri antolatzaileak. Horregatik, ez da erraza kiniela osatzea. Rivado eta Goikoetxeaz gainera, Aaron Sweeney ingelesa bereiztu daiteke faboritoen artean. 9.000 euro banatuko dituzte saritan; 4.000 irabazlearentzat.
Kalitatea azpiegituretan ere
Skatelariek euren mailaren araberako azpiegiturak aurkituko dituzte. Urtero berritzaileak izaten ahalegintzen dira, ahal den neurrian eskaintza osatzen eta zabaltzen. Aurten arrapala nagusiak 25 metroko zabalera du, eta ez da puntan amaitzen; azken unean behera egiten du.
Best Trick-erako moduluak V itxura izango du (Volcom delako txapelketako babeslea) eta egurrezkoa izango da. Era berean, lehenengoz, street modulua ipiniko dute, areto-futbol kantxa baten neurrikoa, skatea daraman edonork ibili ahal izateko gora eta behera. Bestalde, ohi duten moduan, txotx egiteko sagardo kupel bi ipiniko dituzte.
Azkenik, eguna borobiltzeko Voxson (Alemania-Belgika) eta Sermonds taldeen kontzertuak hasiko dira, 22:00etan, LuscoFusko tabernan. Kontzerturako zein txapelketareko sarrera doan da.
Durangaldeko albiste gehiago: www.anboto.org