Lourdes Fernandezen dimisioaz

MjE4Mw==

Zer da Ifema?

Ez dago afera ulertzerik baldin eta ez badira bi kontu, bi erakunde, bi sistema alde banatara jartzen. Alde batera ARCO eta Lourdes Fernandezek zuzentzen zuen taldea eta, bestetik, IFEMA edo, nahiago bada, Instituto Ferial de Madrid delakoa.

Azken hau arduratzen da Madrilen egiten diren azoka handi guztien kudeaketaz, Cibeles, Fitur, Sima eta horrelakoak. Iaz, esaterako, hirurogeita hamarretik gora antolatzeaz arduratu zen. ARCO horietako bat baizik ez da, ez handiena, ez garrantzitsuena, bai entzutetsuenen artekoa.

Feria handi horietaz gain, beste berrogeita hamar kongresu eta bilera garrantzizko antolatu zituen iaz IFEMAk, Real Madrid futbol klubaren asanblea, esaterako.

Nor da Luis Eduardo Cortés?

Horixe bada, IFEMA, Madrilgo Komunitatean eta Madrilgo Hirian aberastasuna ekartzeko sortutako azpiegitura eta hiru jabe nagusi dituena: Udala, Gobernu Autonomoa eta Komertzio Ganbara. Hiru hauek izendatu zuten Alianza Popularren garaietatik politikan dabilen gizon bat, Luis Eduardo Cortés, IFEMAko buru, eta hortxe hasi ziren kalapitak.

Izan ere, beste garai batean Ruiz Gallardon alkatearen gizonetakoa izan arren, 2007an lerratuago ageri baitzen Esperanza Aguirrerekin eta hala, Gallardonen udalak bere izendapenaren aurka egin zuen, argudiatuz batera ezinak zirela bere kargua eta ordura arte zeukan postua, Sacyr konpainiaren filialetako bateko buru izatea, alegia. Batez ere konpainia hori ari bada IFEMAren egoitza handitzeko lanak egiten.

Gizon honek ibilbide oparoa du nola Partidu Popularraren barnean, hala Madrilgo instituzio ugaritan ere. Komunitateko Presideorde izatera ere iritsia da. Eta, jakina, agintzera ohitutakoa dela dirudi.

ARCOri dagokionez, beste azoka bat baizik ez da berarentzat: erakustokietako metro kuadroak ahalik eta garestien saltzera dedikatzen da bera, batez ere. Zertara, bestela?

Jar gaitezen bere azalaren pean eta ohartuko gara ezin dugula ñabarduretan ibili gaur artistekin, bihar arropa edo auto diseinatzaileekin…

Bera ez da gauza horietara emana, bere egitekoa beste bat da, esan bezala. Bost axola berari duela 30 urte ARCO arte galeristek sortutako negozioa izan ala ez izan, IFEMA existitu ere egiten ez zen garaian, hain juxtu. (Ordukoak Retiroko Kristalezko Palazioan egiten ziren).

Zer gertatzen da ARCOn?

Eta hala, iazko Gabonak baino lehen, zalaparta piztu zen, ARCOren baitan galeristek osatzen duten Hautapen Batzordearen iritziaren aurka, lau arte galeriari IFEMAk baimendu zienean ARCO 2010 edizioan egotea. Sutan jarri ziren galeristak, besteak beste, ezin baitzuten onartu lan faltsuak saldu nahi izanaz akusatua zegoen galeria bat tartean izatea.

Galeristek mehatxu egin zuten: ez ziren aurtengo ediziora etorriko. Eta Luis Eduardo Cortesek azkar erantzun zien: nahi bazuten ez etortzeko, beste ehunka zeudela itxaron-zerrendetan zain eta.

Lourdes Fernandezen papera bikaina izan zen halako borrokaren erdian: ixilik geratu eta azoka ospa zendin saiatu zen, beste kontu guztien gainetik. Berak adierazi izan duen bezala, “haritz baten moduan egon naiz”.

Galeriaren bat edo beste ez zen aurtengora agertu, baina azoka egin egin zen, eta salmentetan arrakastatsua izan zen, gainera, krisi garaian izan arren. Euren asanblea indartuta atera zen. Itxura batean.

Orain Fernandezek dio ezin duela gehiago eta Luis Eduardo Cortes agoanta dezala bere amamak. Beno, azken hau ez dio berak, baina badakigu hala pentsatzen duela. Lourdes ezagututa, hori baino korapilo handiagoa ere egongo da, seguruenez, pertsona argi eta bizkorraz gain, gogorra izaten ere bai baitaki, hala komeni denean. Ez da haize bolada batek etzaten duen horietakoa.

(Bere lagunok, mementuz, VIP sarrera gabe geratu gara, eta euskarazko hedabideak, pieza preziatu bat gutxiago Madrilgo Gortean.)

Zer gertatuko da, ba?

Batek jakin. Itxura batera IFEMAko buruak irabazi du borrokaldia, eta aurki izendatuko dute Fernandezen ordezkoa 30. edizioa goberna dezan. Ez nuke bere azalean egon nahi. (Carlos Urroz izango ote?)

Ez dago Holmes izan beharrik gauza batez ohartzeko: galeristek ez dute oraino ezer esan. Egia da Juana de Aizpuru (galerista ospetsu eta zaharrenetakoa, ARCOren sortzaileetakoa), ARCOko batzorde eragileko izendatu dutela galerista gazteagoen oniritzirik gabe, eta abar, baina horrek gauzak konpondu baino, kaltetu egin ditzake. Eta nola, gainera.

Egia da galerista gehienek Lourdesen alde egingo luketela dirudiela, baina galerista merkataria da definioz, eta inoren alde lerratzekotan, bere buruaren alde lerratzera dago ohituta. Hala izan da hori beti.

Oraingoz ixilik geratu dira, egia den arren, oso goiz dela antolatu, bildu eta zerbait adosteko.

Baina ur hauek olio putzua bezain bare ez direla geratuko, lepoa jokatuko nuke. Eta beste gauza bat ere seguru dakigu: Lourdes Fernandez ez dela galduko. Handik edo hemendik agertuko dela haren begirada sakon eta ederra. Esaten denez, Bilbo aldean, oraingoan. Batek jakin, ur handitarako jaioa den arraina zein itsasotan ibiliko den. Nik neuk esango nuke, Bilbokoa txikitxo zaiola.

(Lourdes Fernandezen nortasuna eta  artearekiko ikuspegia ezagutzeko, primerakoa da Luis Mendizabalek oraintsu egindako Kalifornia saioa. )

Irudia | Daniel Buren-en lan bat salgai, ARCO 2010ean | Rafa Garces | Creative Commons By SA

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Lourdes Fernandezen dimisioaz”-ri buruz