Izenik gabekoengatik ez balitz, ez ginateke deus
Apirilaren 14an bete da Zuzeu-ren bigarren urtebetetzea. Nahita jarri genuen jaiotza egutegiaren egun hain seinalatuan, Espainiako Errepublikaren egunean berean. Berariaz egin genuen hori, oso txarrak baikara datak gogoratzen eta ez genuen nahi Zuzeuren jaiotze egunea oharkabean pasa zekigun sekula.
Haur ginela, halako egunez txanpaina irekitzeaz batera, “Niña republicana sal al balcón…” kantatzen zigun gure amama zenak, eta ohartu ere ez ginen egiten gaurko begietatik errepublika hura ez genuela sentituko geure, baina, tira, bagenekien bizi genuen erokeria faxista baino hobea zela askozaz ere, eta maitagarria egin zitzaigun galtzaileen bandera debekatu hura, irabazleen zaldiak ekarritako piper potoaren aldean.
Beraz, ez horregatik, baina baita horregatik ere, Apirilaren 14 guztietan betetzen ditu urteak Zuzeu.com albistariak. Aurten bigarrena, esan bezala.
Zenbat jendek ez du eskuartu, molde batez edo bestez, mirari honetan?
Gauza orotan bezala, ordea, pertsona batzuk gertatzen gara ageriko eta beste asko ezkutuko. Nire lan gehienetan halaxe izaten da, izan telebistako edo liburuetako, neuri agerikoen aldean gertatzen zait ia beti, baina aspalditik nago horrekin nazkatzen hasita: euskalgintzak izen ospetsuak izan baditu, baina zahartzearekin ohartua naiz, anonimo askok egin ez balu bultza, gaur izango ginatekeela zakurraren putza.
Horregatik gaur, Zuzeun eskuartu duzuen guztioi eskerrak emateaz gainera, sekula agertu ez diren hiru lagun ezinbestekori aitortu nahi diet albistari honegatik egin duten lana.
Aitor Ortuondo eta Josu eta Martin Erguin anaiak dira, euren ekarririk gabe ezinezkoa izango bailitzateke Zuzeu.com albistari hau.
Ortuondok eraikuntzan egin zuen lan, tripak eta gorputza eman zizkion gaur ezagutzen duzuen honi, gauari loa eta egunari dirua kenduz.
Erguin anaiek, ostera, arnasa eta bularra eman zioten jaio berriari: euren enpresaren babesa eman zioten eskuzabalki. Eta horretan daude, gaur ere, mirariak egin eta geure babesleak bilatu eta kudeatzen, batez ere. Ezinezkoa litzateke ezer eurak gabe.
Gauza bera ikusi nuen, esaterako Euskaldunon Egunkaria sortu zenean ere: zenbat jende izenik jakin gabeko, zenbat eredu ixil jarraitzeko moduko, zenbat portaera ereduzko…
Gazteok, jakin ezazue gauzak ez direla zerutik erortzen, egin egin behar direla asmoz, lanez eta nekez, eta gauzatutakoan soilik direla errealitate. Eta atzean beti badela norbait, euskaltzale, langile, eskuzabal, ixil…
Eurei omenaldi. Direlako gara eta, izan.
Eta horrek inoiz baino merito haundiagoa du, “izena” egitea kirol nazional bilakatu zaigun herrian. Ikusi behar zaizu, aktoreak alfonbra gorrian “nola” (orain ikusgarri direnek idazten duten bezala).
Eta horrek inoiz baino merito haundiagoa du, sortzen dena hainbat “argazki bilatzaile”-ren eskaparate izango dela jakina denean (gero eta nabarmenago).
Eta horrek inoiz baino merito haundiagoa du, lehen gogoak ematen zizulako, edota sortu nahia ikaragarria zelako sortzen zela, eta orain aldiz sortzen denetik asko norbere ogia egiteko sortzen dela kontutan hartuta (nahiz sortzen den horrek ahalegin epiko irudia hartu, minorizatutako kultur itoaren ahalegin nekezaren pareko).
Dead written content, regards for selective information. “No human thing is of serious importance.” by Plato.
Wonderful goods from you, man. I’ve understand your stuff previous to and you are just too magnificent. I actually like what you have acquired here, really like what you are stating and the way in which you say it. You make it entertaining and you still take care of to keep it wise. I cant wait to read much more from you. This is really a great web site.|