LOMCE eta gero, zer? (Mikel Garcia)

LOMCE

Idatzi hau Argiaren ataritik dakargu, Mikel Garciaren Jendartean blogetik.

LOMCE

LOMCE legearen hemendik aurrerako aginduak impassean utzi eta “itun nazionala” iragarri du Espainiako presidenteak. Edo beste era batera esanda, PP, Ciudadanos, PSOE eta ahal balitz beste alderdi txikiagoren baten babesa bilatuko duen hezkuntza lege berri bat (LOMCE urardotu/moldatu bat beharbada, bestelako proposamena agian), frankismoaz geroztik Hego Euskal Herrian aplikatu beharko dugun zortzigarrena. Zer espero dezakegu, baina, Madrilen agintea dutenen interesetara diseinatutako enegarren hezkuntza legetik?

LOMCEren kanpo-azterketak eta errebalidak bertan behera gelditzeko aukerak gero eta eskuragarriagoa dirudi, eta nahikoa ez den arren (curriculuma, planteamendua, eredua goitik behera da gaitzesgarria LOMCEn), albiste pozgarria litzateke kanpo-probak gainetik kentzea, horiek baitira legea betetzen dela ziurtatzeko kontrol sistema nagusia. Hots, ikas-prozesuan zehar egin beharreko proba hauek alboratuta, aurreko LOE, LOGSE eta enparauekin gertatu moduan zirrikitu handiagoak izango genituzke geure curriculuma aplikatzeko eta ahal den heinean Espainiakoari muzin egiteko.

Sakoneko arazoa ez da LOMCE

LOMCEDena den, sakoneko arazoa da Madrilen egositako hezkuntza lege organikoak, dena delakoak, ez diola Euskal Herriko beharrei erantzungo, baina haren menera jarraituko dugula, LOMCEk horixe erakutsi baitigu: hezkuntzan (ere) handia dela Madrilekiko dugun menpekotasuna, bai behintzat hezkuntza tituluak Espainiako Estatuaren esku dauden bitartean. Madril da kristalezko sabaia, gure hezkuntza proiektua etengabe erasotzen eta baldintzatzen duen sabai zentralista, eta argi utzi dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak: berme juridikoa da muga. Alegia, adabakiak adabaki eta saihesbideak saihesbide, legeak –Espainiako legeak– “hona arte” esaten duenean, atzera egingo dutela.

Desobedientzia ez da aukera bat Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat. Aldiz, Madrilgo proposamena murriztea eta bertakoa indartzea helburu duen EAErako Hezkuntza Lege berria legegintzaldi honetan onartzeko asmoa du Jaurlaritzak (halako proposamen batetik urruti dago oraindik Nafarroako Gobernua). Ez gaitezen engaina, EAErako lege berriak ere Madril izango du sabaia, baina bertakoen artean zenbat eta adostasun handiagoa izan, orduan eta indartsuagoa izango da; inportantea ere bada, egungo ereduaren hainbat puntu ukitu nahi dituelako. Arazo handi bat du ordea: Jaurlaritzarekin eragileek izan ditzaketen desadostasunetatik harago, eragileen beraien artean dago gatazka. Eta eragile nagusien adostasuna lortzea beharrezkoa izango du legeak, eraginkorra izan nahi badu.

LOMCE

 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.