“Zestak Filipinetan zeukan fama berreskuratuko dugula uste dut”
Ez da Filipinetara joan zaren lehenengo aldia.
Ez. Hirugarrenez nago eta beste aldibietako oroitzapen oso onak dauzkat. Lehenengoan debutatu egin nuen. Bigarreneko gomutak oraindio hobeak dira, arrazoi birengatik: lesio txar batetik nentorren eta berriz zestan ezingo nuela jokatu esana zidaten, beraz, berriz jokatzeak kilika berezia eragin zidan; bestalde, nire emazte izango zena ezagutu nuen.
Zenbat denbora egongo zara?
Ahal dudan beste, gorputzak nahikoa dela esan arte, baina hori gertatu baino lehenago oporretan bueltatuko naiz; urte bete barru, gutxi gorabehera.
Oraintsu pilotaleku berria inuguratu duzue.
Bai, frontoia berri-berria da. Lehenago Manilan jokatzen genuen, eta zoritxarrez frontoi hura itxita dago. Orain Santa Anan gaude, Filipinaseko iparraldean. Egia esanda, frontoia oso polita geratu da. Ez da Manilan beste jende sartzen, baina oso lan polita egin dute, eta denboragaz gehiago estimatuko dugu, gaur egun frontoi berri bat zabaltzea oso gaitza delako. Mundu osoari eragiten dion krisiak horrelako pausuak gehiago zailtzen ditu.
Zer osasun dauka zestak, gaur egun, Filipinetan?
Momentu honetan zestaren egoera nahiko ona da, baina lehen zeukan famara heltzeko oraindio bide luzea daukagu aurretik. Normala da hainbeste urte itxita egon eta gero. Jarraitzaileak berriz erakartzea ez da hain erraza, baina bertako jarraitzaileak apur bat ezagutzen ditut, eta seguru nago denbora gutxiren barruan lehenago zestak zeukan fama hori berreskuratuko dugula. Eskerrak eman gura dizkiot bai MasterJairi eta bai bere presidente Aitor Totorikaguenari eta berak hemen dituen kideei proiektu hau martxan jarri dutelako.
Pilotaleku berria bultzada garrantzitsua izan da.
Orain pausoka-pausoka joan behar dugu. Apurka, telebistaren laguntzaz (gauero ematen dute telebistatik azkeneko kiniela) jende guztiak jakingo du hemen gaudela berriro, eta oraingo honetan denbora askorako izango da.
Hor zaudeten pilotariona da orain erantzukizuna.
Ez hemen gaudenona bakarrik; munduko pilotari guztiak daukagu erantzukizun hori. Ondo jokatu beharra daukagu, eta zaleak entretenitu behar ditugu, baina, nik behintzat, gustura hartzen dudan erantzukizuna da.
Zelakoak dira horko zaleak?
Hemengo zaleak oso sutsuak dira, ez dira isiltzen eta beti animatzen dabiltza. Gainera, Euskal Herrian legez, hemen ere euren pilotari kuttunak dituzte, eta ez zaituzte ezergatik uzten, onerako zein txarrerako. Leku guztitan moduan, ez bazaie gustatu zelan jokatu duzun kritikatu eta Euskadira bidaliko zaituzte, baina hurrengo egunean zugaz egongo dira berriro.
Bero eta hezetasun itzela ei dago. Igartzen duzu jokoan?
Egia esaten badizut, nik ez dut asko igartzen, ze gauez jokatzen dugu eta, beraz, ez daukagu egunez izan ohi dugun bero eta hezetasun hori.
Zelakoa da horko egunean eguneko bizimodua?
Partidua daukadan egunetan goiza emazteagaz hondartzan lasai pasiatzeko baliatu dezaket. Erosketak egin, pelikula bat ikusi, errekaduak egin, albistegia ikusi… eta iluntzean frontoira joateko prestatzen naiz. Partidurik ez badaukat hondartzara joan beharrean korrikan joaten naiz, eta gero etxean ariketa batzuk egiten ditut. Bazkalostean eguraldiaren eta gogoaren arabera bertako parajeak ezagutzera joaten gara. Baina ez pentsatu beti bidaiatzen gabiltzanik, etxean ere geratzen gara, lasai-lasai lagunekin kafetxoa hartzen kontu kontari.
Euskal Herrian erremontea estu dabil. Zelan ikusten duzu zesta?
Zer edo zer irakurri dut erremonteari buruz, eta tristea da. Zorionez, zestaren egoera ez da hain larria; ez da bikaina, baina hain larria ere ez. Hor dabiltza Aitor Totorika eta MasterJai luzaroan lanean, eta oraindio hor segitzen badute, gauzak ondo egiten dabiltzan seinale da. Lehenago esan dudan moduan, Filipinetan bide luzea daukagu zesta dagokion tokira eramateko. Euskadin berdin gertatzen da, eta niri gustatuko litzaidake euskal agintariek, Federazioko agintariek eta dagokien guztiek indarrak batuko balituzte Euskal Herriko jokorik internazionalena bere tokian ipintzeko. Amaitzeko gorantziak eta besarkada bana eman gura dizkiet familiakoei eta lagunei: lasai egon, apurka estresa kentzen nabil!
Durangaldeko albiste gehiago jakieteko: www.anboto.org
Irudia | Eneko Ugarte Filipinetako pilotaleku berrian | Anboto | LGPL