Gaur egun ez dago elebakar izaterik
Gaur egun ez dago elebakar izaterik
Izenburu gisa agertu da hemengo goiburu hori gure prentsan Carme Junyet-ek emandako elkarrizketa batetik jasoa: “Gaur egun ez dago elebakar izaterik”.
Berrikiago honako hau, Lacroix izeneko ikertzaile kanadar gazteak esana: “Eleaniztunek beren burmuinaren kontrol hobea dute”.
Eta zalantzan jarri ezinezko dogmak balira bezala, hasi dira segidan bestelako itsu-mutilak ere titularrak han-hemen errebotatzen.
Baina ez dago garbi ondo ulertu ote duten guztiek kontua ala (hala balitz, hobe!) horretaz baliatu nahi izan duten eztabaidak pizteko.
Hipotesi emankorraren alde eginez gero, egur pare bat ekar liteke hona sua hauspotzeko, baina garbi ulerturik ez dela hemen elebakartasunaren aldeko aldarririk egin nahi, antzua bezain anakronikoa izateaz gainera, ez baitirudi jadanik bertako hizkuntzaren askoz ahultze gehiagorik ekar lezakeenik beste bizpahiru hizkuntza hegemonikotan (harrigarriki, beti dira hegemonikoak ikastera beharturik gauden hizkuntzak!) eroso sentitzeak.
Hori esan bezain azkar, errepara diezaiogun esaldi horiek hainbaten diskurtsoetan eraman dezaketen haziari:
1- Bitxia bada ere, Nazio Batuen Erakundean erabiltzen diren sei hizkuntza hegemonikoetako hiztun gehien-gehienak elebakar hutsak dira: aski dute beren hizkuntza bakarrarekin munduan irauteko. Ez gara, beraz, nazioarteko erakunde guztietan in fact elebakartasuna ezarri nahi duten anglofonoez mintzatuko, monolingue hutsak baitira estatubatuar, australiar eta britainiar hiztun gehientsuak. Hurbilago ditugu gazteleradun espainiarrak, zeinak elebakar amorratu izanik, hirueledun bilakatzeko exijitzen baitigute, fabore egiteagatik nonbait, inposizioz elebidun garenoi. Eta zertarako mintzatu errusierarekin aski dutenez edo frantsesa darabiltenez? Eta mandarin hizkuntzaz baliatzen direnez? Eta zer esan gainerako hizkuntzak agindu dibinoz desagerraraztera behartzen dituen arabieraren hiztunez? Ez al dira elebakar eternal ehuneko ikaragarri sinesgaitzetan?
2- Errealitate horren aurrean, garbi dago inolako ezaugarri hegemonikorik ez duen gizataldeari dagokiola ez-elebakar izatea, eta “burmuinen kontrol hobea” izatea ere. Beti bezala, menpekoari, alegia.
Morroia da beti, bere burmuina aberastuz, Nagusiaren hizkuntza ERE jakin behar duena. Nagusiak aski eta sobran dauka bere hizkuntza bakarrarekin eta bere burmuin idorrarekin.
Nonbait horrexegatik, morroia da elebitasunaren abantailez konbentzitu behar izaten dena. Berdin argudio ekonomikoen bitartez zein argudio zientifikoen bidez, morroiari zuzentzen zaizkio beti eleaniztasunaren abantailen eta premien zerrendak, ez Nagusiari.
3- Eta hain da izugarria eleaniztasunaren ustezko abantaila psikologikoen eta ekonomikoen zama, ze morroiari ez omen zaio inoiz galderarik egiteko tarterik geratzen. Bere eginkizuna beti da burmuina aberastea eta eleanitza izatea.
Galde lezake, noski, zer dela eta ezin diren menpekoak ere elebakar triste eta burmuin idorreko mantendu; edo pertsonalki elebidun edo eleaniztun balira ere, zer dela eta ezin diren gizarte elebakar bezala bizi; edo nork dion horri beldurra.
Baina normalean ez da galdetzera ausartzen, susmoa baitu, elebitasun arrakastatsuaren urratsa eman ondoren, bere hizkuntza propioaren galeraren hasiera etorriko dela; eta zientzi argudiaketa baikor horien beste aldean, beste hizkuntza baterantz, beste kultura baterantz eta beste nortasun baterantz eraman nahi duten Nagusiak daudela kukuturik.
(X.G.)
Interesgarria delakoan:
http://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/berezko-hiztunak