Eta ni bertso txikietan…
Eta ni bertso txikietan…
Zaila da bizikidetzaz idaztea, bizikidetza bera plastikozko hitza baita, hau da, kontzeptuak berak esanahi propioa hartzen duelako gutako bakoitzarentzat, eta bakoitzak bere ikuspegiaren arabera jarduten duelako. Jardun eta jardun, baina bakoitza berean. Askotan gertatzen da: Zer demontre esan nahi ote dute demokrazia, bakea, eskubideak eta horrelakoek?
Zaila da bizikidetzaz jardutea, bizitzea konplexua baita, eta, are konplexuagoa, kidetza edo elkartzea. Eremu askotan, historiak erakusten digu: gizaki batzuek besteekin talka egiten dute borroka etengabean, gure historiaren motorea da talka.
Zaila da, gainera, bizikidetza neurtzea, ez baitugu horretarako tresnarik. Zertaz ari gara? Giroaz? Giro ederra egiten du Izarraitz inguruan? Arazo handiak ditugu bizikidetzan, ikaragarriak, munduaren erdia gosez hiltzen ari denean, baina ez gara horretaz ari.
Baina, ez dezagun geure burua engaina: badakigu zertaz ari garen. Geure zilbor hesteari begiratzen diogun herri maitea izanik, gureaz ari gara bizikidetzaz hitz egiterakoan, euskal gatazkaz. Gatazka, hitzak berak begiko mina egiten du, alde ederra pinpilipauxa edo tximeletez jardutea. Baina euskal gatazkaz ari gara bizikidetzaz mintzatzean: ez arrazismoaz, errefuxiatuez, munduko goseaz, pobreziaz, emakumeen kontrako indarkeriaz, bullyng-az, lan arloko pasadez, kotxeko abiaduraz eta abar.
Asko hobetu da bizikidetza gure herrietan. Orain urte gutxi ez zegoen arnasa hartzerik, metro koadroko zegoen tentsioa ez sinestekoa zen. Ez dugu askorik behar gogoratzeko, atentatuak eta atxiloketak ia egunero, politika egiteagatik kartzelatuak, bizkartzainak… elektrizitate hura desagertu egin da, eta kaleetara arnasa etorri da; denok atera gara gure trintxeretatik (gotorlekuetatik).
Haize bolada freskoa merezi genuen. Eta poztekoa da. Egoera bidegabe asko daude, eta saiatu gaitezen minak arintzeko erremedioak jartzen, geldirik egoteak ez baikaitu inora eramaten. Norberak erabil ditzala nahi dituen hitzak, baina sendaezina sendatzen saiatu gaitezen.
Batzuetan, zintzoki egin dugu aurrera, kamerak eta kazetariak ezkutatzen direnean, herritarrak hasi dira elkarrekin baso-erdiak hartzen, eta bueltan dira erlazioak. Izan ere, derrigorra da hori negar eta barre batera egiten dugun auzo eta herrietan, ezin baitugu saihestu batak bestearen begirada; horregatik, zintzoki jarduten dugu.
Hala ere, gurea ere ez da perfektua. Iluntzero gogoan amets gaiztoak ditugunok buruari bueltak ematen hasten gara. Galderak eta galderak etortzen zaizkigu. Zein oinarrien arabera eraikitzen ari gara ditxosozko bizikidetza hau?
Batetik, minaren bueltan. Sufrimenduaren inguruan. Gizakiak gara, sufritu egiten dugu, eta sufrimendu hori aitortzea eta leuntzea beti da egokia. Trauma handia da biolentziaren eraginak jasatea, eta trauma bikoiztu egiten da politika arrazoiak tarteko badira. Ondo landu behar den gaia da, sentsibilitate kontua da; baina gizakiak gara, izen-abizenekin, eta denok merezi dugu errekonozimendua.
Bestetik, oinarriak ezarri nahian gabiltza giza eskubideen inguruan. Giza eskubideak denoi dagozkigu, eta oinarri etiko objektibo gisa jarri ditugu, denok errespetatuz bizi behar omen dugu. Sinplea eta erraza. Baina nor egon daiteke giza eskubideen aurka? Euskal politikaren zoru etiko absolutua da.
Tamalez, hemen hasten dira arazoak. Inork irakurri al ditu giza eskubideak? Zintzoki uste dut ezetz. Defentsa legitimoa eta horrelakoak alde batera utzita, adibidez 22. artikulua komeni da irakurtzea, gizaki ororen duintasuna aldarrikatzen duenak. Giza eskubideak absolutuak badira, has gaitezke sistema ekonomikoa desmuntatzen. Tamalez, giza eskubideen arau horiek duintasun guztiak bezala baliogabeak dira.
Bai, soilik nahi diren artikulu batzuk erabiltzen ditugu gure zoru etiko absoluturako. Benetan diot, irakurri giza eskubideak; haiek aplikatzea, iraultza bat litzateke. Horretan oinarritzen zen hain justu Sthepane Hesselen Haserretu zaitezte! liburu ezaguna. Baina seguru artikulu horiek ez direla aho handiarekin giza eskubide guztiak aldarrikatzen dituztenen lehentasunak.
Kuriosoa da, gainera, iraganari begiratzean, asko eta asko oso eroso sentitzea, eta, aldi berean, pertsonak berek, gaur egungo eskubideen murrizketan ez ikusiarena egitea. Eskubide murrizketak egunero gertatzen ari dira, eta harrigarria da inongo erreakziorik ez eragitea. Salbuespen bat kenduta, jakina: terrorismo gisa ezagutzen dugun fenomenoa agertzen denean. Mediterraneoa hilotzez beteta dago, suizidioak etxe kaleratzeen bueltan, etxerik gabeko jendea, eskubide murrizketa legala, dispertsioa… Hiltzeko modu asko daudela zioen Brechtek.
Gainera, irudipena hartzen hasia naiz gurean, esandako arazo guztiez gain, bizikidetza erabiltzen ari direla batzuk interes politiko hutsarekin arerio politikoei aurre egiteko; hauteskunde estrategia usain nabarmena duela iruditzen zait. Ondo dago elkarri kontuak eskatzea, oso ondo dago, baina tonuak eta formak kirats elektorala daukate. Gauza asko gaizki egon ziren, asko, gehiegi: hilketak, tortura, zauriak, egunkariak ixtea, alderdi politikoen ilegalizazioa, bahiketak, gerra zikina, beste aldera begiratzeak… aurrera egiteko zintzoak izan beharra dugu.
Bizikidetza kontzeptu murritzean ere, oinarriak eraiki nahi baditugu badira pare bat zutabe sendoagoak:
1.-Bata, elkartasuna, kidetzaren oinarria, bestearen eskubideak ere bakoitzarenak egitea, eta norberarenak bezalaxe defendatzea. Iragana ezin da aldatu, baina gaur eta orain dauden giza eskubideen defentsa bateratua eta sendoa egiteak elkartasuna eta koherentzia erakusten du. Zer esan dezakegu ehunka kilometrotara dauden euskal presoez? Dispertsioa giza eskubideen urraketa da. Zergatik ez dago gure agenda politikoan? Ez al ziren giza eskubide guztiak gure zoru etikoa? Etorkizuneko epaia zorrotza izango da gai honetan.
2.-Eta, bestea, errespetua, edozein proiektu politiko gaurko markoan ere garatu daitekeenaren bermea. Dena izan beharko litzateke posible herritarrek nahiko balute, mugarik gabe. Baina jakin badakigu hori ez dela egia. Galdetu katalanei, erantzuna badakizue. Bizikidetzari muga sendoak jarri dizkiete.
Lan asko dugu egiteko bizikidetzan, jarri dezagun bakoitzak beretik pixka bat, beti bestearen itxaroan geratu gabe, eta bitartean hitz egin dezagun herri eta auzoetako kaleetan…
Gure herriko apaizak ez luke hobeto esango. Pakea, elkabizitza, denok lagunak,…nazio zapaldua ez bagina On Enekok arrazoi.