Bakardadearen mahaia. Iñaki Segurola

Bakardadearen mahaia

Urola Kostako Hitza hedabidetik hatu dugu Iñaki Segurolaren idatzi hau.

BAKARDADEAREN MAHAIA

Ume-galderak egiten ez zait ahaztu, eta horregatik galdetzen dut gaur zergatik diren guretzat pobrezia edo analfabetismoa arazo sozialak, eta bakardadea ez. Bo, zaharren bakardadea edo umezurtzena bai beharbada, baina tarteko guztiena ez. Galdetzen dut zergatik dagoen etxez-etxeko laguntza hankak moztu dizkiotenarentzat, ez ez bakardadeak janda dagoenarentzat. Galdetzen dut, jan-edana eta “afektibitatea” baldin badira pertsonaren beharrik garrantzizkoenak, zergatik, adibidez, inork ez liokeen parre egingo gosea pasatzen ari denari, baina adarra lasai jotzen zaion txortan egiten ez duenari.

Bakardadearen mahaiaDakidana da lehenagoko garaietan beste sentiberatasun bat zeukala jendeak gaitz edo izurri honekin. Adibidez, hemen esan nezake nola gelditu zen gure ama zena “munduan bakarrik” nahiko gazterik. Etxe-jabeak aldamenean bizi ziren, eta tarteko pareta puska bat bota eta holaxe eragotzi zen gure ama bihurtuko zen neska hura bakarrik bizitzea. Holako kasuak askotxo omen ziren garai batean. Gaur ez: mundu aurreratuan, Askotasunaren paradisuan, bakardadearen izurria arazo pribatu eta pertsonal hutsa da.

Bakardadearen asunto honetan, eta oro har afektibitatearen merkatuan, ahal duenak ahal duena egiten du eta ezin duena izorratu egiten da. Horri politikan neoliberalismoa edo kapitalismo basatia esaten zaio, baina beste ixtori honetan “gauzak halaxe dira” besterik gabe eta naturalki. Bakardadea zakartu eta minbizi bihurtzen denean edo psikozoramen zatar batera jotzen duenean, orduan bihurtzen da “tratatzeko” modukoa, eta tratatu egiten da, eta jeneralean oso gaizki. Hauxe da bakardadearen panorama Askotasunaren munduan. Ni neu Askotasunera iritsi gabeko paraje “azpigaratuetan” etxe-barruko intimitaterik sekula ezagutu ez duen jendearen inbiritan bizi naiz.

Udak, eta abuztuak bereziki, badu berekin jendearen sakabanatze bat, askoren bakardadea eta bakarmina gaiztotzen duena. Abuztuak jarri nau ni ere bakardadean pentsatzen, eta oroitzen nola neuk ere, munduan beste askok bezala, borroka gorria egin behar izan dudan boladatan bakardade beltzaren kontra, udan, neguan eta gainerako urte-sasoietan. Eta nik ere neure “irtenbide pertsonalak” bilatu behar izan ditut, eta neuk bakarrik dakit zenbat gauza irentsi behar izan dudan “jendearekin egoteagatik”; zenbat zurrut (eztarrian behera) eta zorrot (musuzuloan gora) egin dudan; zenbat ikuskizun, entzukizun eta jasankizunetan egon naizen; zenbat mugitu naizen mapan hara-eta-hona; zenbat irakurri dudan, neure burua lehenaz-gain tontotuz; zenbat aldiz —zergatik ez esan?— jo dudan iriyena bihotzeko hustasuna barrabiletara aldatzea besterik lortzen ez nuelarik… eta abar luze bat, abar haundi bat, abar bakar barren-ustel bat.

Ezin utziko dugu aitatu gabe puta eta masajista askok esaten omen dutena: bezeroak gero-eta maizago joaten zaizkiela… hitzegitera!, funtsean beren barruko sentimendu eta gorabeheren gainean hitzegitera, eta, jakina, norbaitek ukitzen dituela sentitzera ere bai. Tamaina horretarainoxe iritsiak gaude.

Lehen, euskaldunen artean, mahai baten inguruan jan-edanean konpontzen omen ziren gauzak. Gaur adituen mahaietan dago fedea: Kulturaren Mahaia, Berdeguneen Mahaia, eta hola.

Bakardadearen mahai bat egitea ez legoke gaizki beharbada, baina aditurik gabe, plazan eta denen bistan, eta honelatsuko aldarri batekin: “hemen gaude bihotz eroriak eta arima urratuak, bakardadea kudeatzeko eredu apolitikoaren kontra”.

Bakardadearen mahaia
arazo sozialak, bakardadea, egozentrismoa, iñaki segurola, Kapitalismoa, nia, norbanakoa, psikologia
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

3 pentsamendu “Bakardadearen mahaia. Iñaki Segurola”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2016-10-18 21:45

    Eskerrik asko, Iñaki.

  • Zirraragarria eta gomendagarria.

  • Oso oker zaude elbarria eta bakartia alderatuz. Artaldeak erraz hauteman daitezken gabeziak dituzten jendea laguntzen du, altruismo hori bisible egiteko eta gainerako ardien saria jasotzeko.

    Bakartiak ez dio botererik ematen artaldeari, beraz bertan hiltzen uzten da.

    Lantokietan dinamika ikusterraza da eta patroia beti errepikatzen da. Guztiz ezgauza den pertsonaren bat dago beti, laguntza eske eta afektibitatea bilatzen. Hau laguntzen du lantokiko jende arrakastatsuak (otsoak), eta publiko egiten du lagundu duten bakoitzean. Nik, edo ni bezalako beste lankide bakartiren batek ere inoiz ez dugu laguntza jasotzen. Erasoak akaso bai.

    Erabakia sinplea da:obeditu, agindu edo aske izan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude