Hezkuntza pil-pilean
Manifestuak, aldarriak, iritzi artikuluak, elkarrizketak… asko dira egun hauetan hemen eta han irakurritakoak hezkuntzari buruz. Eta egia esan egoera ez da gutxiagorako: Nafarroan TIL eta Hello! ereduak eta Euskal Herria terminoa liburuetatik kentzea; Ipar Euskal Herrian landa eskolen itxiera eta euskararen ofizialtasun eza; EAEn eredu hirueledun berria, curriculumari erasoak eta “Bakerako Hezkuntza”; eta guztietan merkantilizazioa, gurasoen alderatzea eta irakasle figuraren aldaketa.
Gaur bertan irakurritakoak izan daitezke adibide on bat. Celaák aurkeztutako Eredu Hirueledunari erantzuna ematen diote Aralar eta EAJko bi hautetsik:
“Gobernuaren abiapuntua ez da zuzena: batetik, hezkuntzako euskalduntze prozesua amaitutzat jotzen du; gure ustez, berriz, eskolak euskalduntzen jarraitu behar du. Hezkuntza eredu guztiak berdin-berdin hartzen ditu abiapuntutzat, nahiz eta azkeneko hogeita hamar urteek erakutsi zeinek balio duen ondoen hizkuntza ofizial biak ikasteko eta zeinek ez duen helburu horretarako balio. Bestetik, ez du gure hizkuntza errealitatea kontuan, hau da, ez ditu aintzat hartu ez eskolaren euskalduntze maila desberdinak ez eta egin diren esperientzia hirueledunak ere.”
Eta Garan artikulua irakurri dutenentzat orrialde batzuk geroago, Edurne Larrañaga EHBEko kideak berdinari erantzuten dio, kasu honetan mobilizazioa proposatzen:
“Euskal Herri osoan euskara ardatz izango duen eredu bat behar dugu, euskaldunduko duena eta Euskal Herria herri gisa aitortuko duena. Curriculum propio baten arabera antolatuko litzateke, eta edukien nolakotasuna guztion artean erabakiko genuke. Gure ametsa hezkuntza eskubideak errespetatzen dituen eskola publikoa da. Hau guztia, haur-eskoletatik hasi eta unibertsitateetaraino.”
Baina interneteko uretan nabigatzen badugu aurkituko dugu Ezker Abertzaleko kide baten iritzia, euren webgunean jarrita:
“Eredu hirueleduna edo aurkeztu berri dute Gasteizeko parlamentuan, TIL, hello Nafarroa garaian, mila urte igarota ere euskaldunduko ez duten ereduak. Eredu hirueledun berriak euskara, gaztelera eta ingelesa maila berean jartzen ditu, eta hirurak izango dira irakats hizkuntza. Eredu berri honen ezarpenak, D eredua desagertu eta Euskararen gutxiagotze prozesuan beste urrats larri bat suposatzen du. Are larriagoa, azken aurre-matrikulazio datuei erreparatzen badiegu hiru herrialde hauetako gurasoen %75ak D ereduaren aldeko hautua egin baitu.”
Eta gaur bertan Bilboko euskalgintzako 25 eragilek (esan daiteke Bilboko euskalgintza osoak) deialdi zuzena egiten du manifestaldian parte hartzeko:
“Eleaniztasuna bai, baina bertako hizkuntzaren, euskararen, ezagutza bermatuz. Horretarako euskalgintza eta hezkuntzako eragileok Katalunian, Frantzian, Portugalen, Espainian… indarrean duten murgiltze ereduaren alde egiten dugu: eredu bakarra eta euskalduna, lehenik eta behin, ikasle guztiek euskara ezagutzeko duten eskubidea bermatuz eta behin hori lortuta ikasle eleanitzak lortuz. Horregatik, gaur hemen gauden Bilboko euskalgintza era hezkuntzako eragileok inposatu nahi diguten eredu berri hau arbuiatzen dugu, eta larunbatean 17:30tan Arriagatik aterako den Hezkuntza Deialdiak deitutako manifestazio nazionalaren deialdiarekin bat egiten dugu, hiritar guztiak bertan parte hartzera eta eredu bakar eta euskaldunaren beharra aldarrikatzera deituz.”
Eta hau gutxi balitz Irakasle Eskoletako hainbat irakaslek manifestua egin dute, hezkuntzaren balioaz:
“Irakaslearen rolaren aldaketa nabarmena suertatzen ari da eskolan: ezagutzen igorle izatetik ikaskuntzaren gidari eta kudeatzaile izatera pasatzen da. Bere ardura ikasgelako ingurunetik haratago doa. Berari dagokio, baita ere, curriculuma burutzea eta ikastetxeko antolamenduan aktiboki parte hartzea. Gurasoekiko, komunitatearekiko, beste ikastetxeekiko, elkarte sozialekiko lankidetza eta harreman sareetan partaide gisa ikusten da irakaslea. Hezkuntza Deialdiak aldarrikatzen duen eredurantz: hezkuntzarako eskubidea bermatu, kultur aniztasuna eta hezkidetza landu, eta hezkuntza kritiko eta askatzailea posible egingo duen eredua eraikitze aldera, asko dugu egiteko.”
Argi dago egoera pil-pilean daudela. Gutxitan irakur daitezke hezkuntzari lotutako hainbeste erreflexio aldi berean. EHBEk esaten zuen Hezkuntza Deialdia aurkeztu zuenean helburua ez zela berez manifestaldi bat egitea, baizik eta lozorroan dagoen hezkuntza mugimendua esnatzea. Eta badirudi hori, apur bat bada ere, lortu dutela.