Ingelesez mintzatzen zaizkigu
Ingelesez mintzatzen zaizkigu
Bi aste Katalunian nahikoa izan dira gure kultura eta hizkuntzari dagokionez ikasteko zenbat daukagun ohartzeko. Han zenbat entzuten diren gazteleraz eta zenbat hemen. Hango kartelak zein hizkuntzatan dauden… Gu bertakoak ez ginela jakinda ere katalanez mintzatzen zitzaizkigun dendariak maiz; prezioak esaterako garaian batez ere. Hasiera batean ez zitzaidan batere gustatzen; arrotz sentitzen nintzen. Banekien gu ez ginela katalanak zekitela, eta halere… Baina gero ohartu nintzen hori hemen egingo balitz mirestu egingo nukeela; eta beraz, hangoa miresten hasi nintzen.
Gero, ordea, toki turistikoetara joaten ginenean, egoera hankaz gora jartzen zen. Denda batera sartu, eta “hola” batekin agurtzen genituen dendariak. Behin barruan, gure artean euskaraz mintzatzen ginen; gauza bat begiratu, bestearen prezioa… “Begira zein polita hau”, “begira zein polita bestea”… Behin baino gehiagotan etorri zitzaigun dendaria, ingelesez mintzatuz (gu ingelesak bagina bezala), eskuartean genuenari buruz informazioa emanez. Lehengo aldian grazia egin zigun; “ingelesak garela pentsatu dute hauek”. Bigarrenean ez horrenbeste. Hirugarrenean, jada, zipitzik ere ez. Sei edo zazpi aldiz pasa zitzaigun berbera; hots, dendaria guri ingelesez zuzentzea. Dendatik irteterako garaian, gero, ez genuen jakiten “adios”, “good bye” edo “adeu” batekin agurtu.
Lehen aipatutako egoeraren sei edo zazpi errepikapenen aldean, behin, dendari batek, agurtzerakoan “agur” esan zigun; “es que se os nota mucho en el acento”. Batek, behintzat, bazuen gure berri; euskaldunon berri. Beste egoerekin, berriz, ez dakit zer pentsatu. Batzuetan, iruditzen zitzaidan turistengana ingelesez jotzeko joera zutela; baina nire teoria ezeztatu zen beste turista batzuk dendara sartu ziren unean. Beste batzuetan, pentsatzen nuen gure hizkuntza arrotz eta berezia entzuterakoan, ez zutela ideia zipitzik ere nongoak ginen; eta beraz, hizkuntza unibertsalean jotzen zutela gugana.
Asko haserretu ninduen (nire bigarren hipotesiak zentzu gehiago baitzuen) Katalunian (bai, Kataluniaz ari naiz eta ez Laoseko herrixka batetaz) euskaldunon berri ez izateak; Katalunia guztiz turistizatuan. Zeren, agian, turistentzako sortutako mundu hartatik at ongi asko dakite nor garen; baina han ez, nik bizitutakoan, behintzat.
Ingelesez mintzatzen zaizkigu maiz, eta guk, harro, ingelesez erantzuten diegu; hizkuntza horretan ere badakigulako. Baina, noiz ikasiko dugu Kataluniatik? Noiz hasiko gara duguna benetan baloratzen?
Hau kamusada! Ez gara munduaren zilborra!
Akaso “Hola” eta “Adios!” esan beharrean “Bon dia” eta “Adeu!” esan izan bazenute…