Inposaketari erantzuna.
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak aparteko batzarra egingo du otsailaren 27an, larunbata, aztergai bakarrarekin: Adierazpen instituzional bat irakurtzea eta onartzea, Espainiako bandera Aldundiaren jauregiko kanpoan jartzeari buruz.
Joan zen azaroan, 6934/05 epaiaren bitartez Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Foru Aldundiari agindu zion Espainiako bandera jartzeko. Auzitegi Gorenaren arabera, bandera “Aldundiaren eraikinaren kanpoaldean jarri beharko da, eta beste batzuekin batera dagoenean leku nabarmena eta gainerakoen aldean ohorezkoa emango zaio”.
Agindu hau dela-eta, diputatu nagusiak adierazpen instituzionala irakurriko du jende aurrean, Diputatuen Kontseiluak gaiari buruz hartutako erabakiaren berri emanez. Foru Aldundiak dagoeneko lurralde historikoko kargu hautetsi guztiak deituko ditu ekitaldi batera; ekitaldia jendearentzako ere irekia izango da, eta adierazpenaren irakurketa ofiziala egingo du bertan Markel Olano diputatu nagusiak.
Ekitaldia, otsailaren 27an izango da, larunbatez, goizeko 11etan, Gipuzkoa plazan, foru jauregiaren aurrean. Jendez gainezka ikusi nahi da Gipuzkoako Plaza, ikurriñaz betea, inposaketari eman behar zaion erantzuna ematen.