22. jardunaldiko apunteak

1) Penaltyak eta puntuak. Bateren batek atera al ditu Athleticek penaltyak huts eginda galdu dituen puntuen kontuak?. Berdinketa lortzeko egokieran zegoen Muniaini 86. minutuan aldeko penaltya agindu ziotenean. Ohituta gaudenez, huts egin zuten zuri-gorriek. Ez da onargarria talde profesional batean hainbeste aukera galtzea. Larrazabal erretiratu zenez geroztik, jaurtitzeko ardura hartu behar luketena aldatu dute entrenatzaileek. Jaurtitzaileen konfidantza higatzea ekarri du horrek. Penalty bat, azken finean konfidantza eta teknika da. Behar bezala entrenatzen dituzten jakin gabe, gaur gaurkoz, jokalari zuri-gorrientzat, penaltya, aukera bat baino “putada” bat da.

2) Atzetik aurrera. Astero errepikatzen dudan atzetik aurrerako taldearen ideiari loturik, antolamendua galdu zuen lehen unean sartu zioten lehena Osasunari. Sendo agertu zen bitartean, oztopo handirik gabe eta aukerak sortuz jokatu zuen. Luis Fabiano-Kanoute bikoak kalitate handia du ordea eta Osasunak ezin du segundu bakar batez bere antolaketa galdu. Camachoren eskua ikusten da, baina ai! Sevillaren kalitate erdia balu aurrean. Markagailuan atzetik jartzen denean, gorritxoek ez dute buelta emateko baliabiderik ia.

3) Bartzelonaren lehen porrota. Bartzelonaren denboraldiko lehen porrota eta markagailuak dioena baino okerragoa da taldearen sentsazioa. Lesionatu asko ditu, eta gora datorren Real Madrilen hatsa kokotean nabari du. Champions Leagueko kanporaketak ere bertan ditu gainera. Denboraldiko une garrantzitsuenak heldu direnean, zalantza handiak sortzen dituzten blaugranek. Nondik joko du Guardiolak oraingoan?

 

4) Del Hornoren azken aukera. Athleticen liluratu egin zuen jendea. Chelseari saldu zioten. Lesio larri baten ostean Valentziak fitxatu zuen, baina ez zen lehengoa izan. Fisikoa baino, arazoa buruan zuela esan zuten komunikabideek. Profesionaltasun eskasa izatea leporatu zioten. Athleticera itzuli zen, utzita. Ez zuen denek espero zuten jokorik eskaini. Valladoliden dago orain. Atzoko partidan, Onesimok konfidantza eman zion eta talde bioletaren jokuan aktiboki hartu zuen parte. Jokalari handia dela erakusteko azken aukera izan daiteke eta baliatu egin beharko luke.

5) Atezaina goleatzaile. Asteko jokaldietako bat izango da Realko Bravo atezainaren gola. Ni ez naiz berez atezainek faltak jaurtitzearen aldekoa. Euskadi Irratian Larrañagak ere nahiago zuen zelaiko jokalari batek jaurtitzea atezainak baino. Jokalariek gutxitan bezala sartu zuen Bravok. Chilavert eta Higuitaren eskolakoa atera al zaigu atezain txiletarra? Bitartean Real Madrilen eta Bartzelonaren agendetan dago, Casillas eta Valdesen ordezkoa izateko.

6) Gabilondo, maitatua eta gorrotatua. Lagun Athleticzaleak erdibituta ditut. Batzuk Gabilondoren parte hartze handiagoa eskatzen dute. Besteek ez. Herenegun gol ikusgarria sartu zuen, baina partidan zehar deus gutxi egin zuen.

7) Astelehenetan partidak. Ze adimen burutsuk erabaki du astelehenean futbol partidak jartzea? Gaur gauean, emaitza baino lehen, zelaira joan diren zaleen kopuruaz interesatuko naiz, badaezpada ere.

Vila-Real eta Athleticen arteko partidako irudi bat. Orbaiz.

Irudia | Vila-Real eta Athleticen arteko partidako irudi bat. Orbaiz. | Ezezaguna | LGPL