Amesgaiztoa.
Gosaltzeko hitz-ordua egin genuenetik urduri antzean ibili naiz. Nire editorea berezi samarra da, eta Durangoko azokaren inguruan eman behar zizkidan berriak aurrez aurre ematearekin tematu zen.“ Ez dira telefonoz hitz egiteko moduko kontuak”. Zer edo zer aurreratzeko galdegin nion, esan behar zidana ona ala txarra zen jakiteko, bederen, baina alferrik, sado sesio baten ondoren ezpainak josita omen zituelako, eta gaur goizean geratzeko whatsapp bat igorri zidan. Beilan eman dut gaua, loa hartu ezinda, nire liburuaren balizko salmenta zifrak buru barruan bueltaka eta bueltaka (ametsa bazen zero bat gehitzen zitzaion zifrari, amesgaiztoetan, aldiz, bat kendu) , 8etan iratzargailuak jo duen arte.
Eta orain hemen gaude, bera (ezpainetatik hari solteren bat zintzilik duela) eta biok, Bilboko hotel hiper-modernista honetan, kitsch kutsuko mahaiaren inguruan, elkarri begira, kafea eta croissant bana ekartzen diguten bitartean. Jakiteko irrikatan nagoen arren ondo hezia naizela erakutsi eta garrantzi bako hainbat gaien inguruan aritu gara, hala-nola bake prozesua, Siriako egoera edo El conquis-eko azken debatean Juanito Oiartzabalek esandakoa. Kafea bukatu orduko, baina, urduritzen hasi naiz, eta aho bizarrik gabe galdera luzatu diot: zelan joan dira gauzak Durangon? Egin du irribarre nire editoreak , luze, zabal, erakutsiz bere hortz horizka nazkagarrietan itsatsita dituen croissant papurrak: “ Zelan joan den? Bikain!!!! Sari bat irabazi duzu eta!” Sari bat! Nire lehengo liburuarekin, eta sari bat! Harri eta zur geratu naiz, negarrez hasteko zorian.
Irudikatu dut nire burua sari banaketan, eskainiz berau kartzeletan preso dauden lagun guztiei, bertan dagoen inor ezagutzen ez dudan arren, irudikatu dut Napoleon Lopezen kakalarri aurpegia, nire hitzak entzutean, irudikatu ditut nire familiakoen malkoak, emozioz gaindi, irudikatu… eta hori dena irudikatzen nuen bitartean nire editoreak zein sari irabazi dudan argitu dit: “liburu ez-salduenaren saria irabazi duzu!” “ Barkatu?” “Bai, sari garrantzitsua da, Durangoko azokan ale bakar bat ere saldu ez duen liburu bakarra izan da zurea” “Bakarra?” “ Triki poteotik zetozen mozkorrek ere ez dute erosi nahi izan” “ Horrek kriston meritu dauka, ezta?”. “ Noski motel, bide onetik zoaz”. “ Horrela jarraituz gero…” “ Laster kultuzko idazlea izango zara!”. Eta nik irudikatzen jarraitu dut.