Zertarako egiten ditugu kontzentrazioak? (Txinparta eta metxa: III)
Aurreko postean nioen: ez al da erabakiak hartzen diren lekuetan eragiteko gaitasuna izatea boterea?
Galdera horri eta antzeko beste batzuei erantzun behar izaten diet neure buruan kontzentrazioetara joan eta minutu existentzialista hasten zaidanean (badakizu: nondik gatoz, nora goaz, zergatik egiten dugu hau…). Alegia, ze zentzu du, arratsaldeko azken ordua delako, inor ez dagoen udaletxearen aurrean biltzeak? Ze zentzu kontzentratuak ez beste inor (ezta komunikabideak ere sarritan) dagoen plazetan enkartelada egiteak?
Geure artean maiz aipatu izan dugu, hitz egin besterik egiten ez dugun manifestazioetan, azken hamar urtetan zenbat kale adierazpen (manifestazio, kontzentrazio, enkartalada, giza kate…) egin ditugun gainerako jendearentzat ez eta, geuretzat, komunitate batek bere kohesio edo batasuna mantendu zezan, barrurantza. Zenbat erritu egin ditugun, kanpora sentimendu edo mezu bat helarazteko baino, barne sua pizturik mantentzeko.
Ane Miren Etxanizek kezka hauxe plazaratu zuen sei aste-edo, ZuZeun bertan:
“Manifestazioak errutina eta ez salbuespen bilakatzen dituenean gizarte mugimendu batek, haien eragina nabarmen murrizten du (helburua boterearen aldaketa bada bederen). Ezker Abertzaleak hainbat urtez euren jarraitzaileei arrazoi ezberdinengatik hamaika manifestaziotara joateko deia egin die. Urrutikoetxeak dioen bezala, ordea, Zutik Euskal Herriaren eztabaidaren ostean eta Sorturen jaiotzearekin, ez ote zaizkio mobilizatzeko moduak ere aldatzeko unea heldu? Europan ez da Euskal Herrian adina manifestazio egiten den lurralderik izango. Manifestazioak bilakatu dira Ezker Abertzalearentzat ez ezik, sindikatu, euskararen edota ingurumenaren aldeko taldeen adierazpide (ia) garrantzitsuena eta horrek, guztiz desaktibatu du protesta herritarraren indarra.”
Gaur , Euskal Herrian, manifestazio, elkartelada eta giza kateek, jende artean ez dute asaldurarik sortzen (eta hori zuen helburua, ezta?), justu kontrara, paisaia baten parte bilakatu dira, ia turisten atrakziorako.
Egungo adierazpen ereduak botereguneetatik urrun daude eta oso nekez dira, azken urteetan ikusi ahal izan dugunez, eraldaketarako tresna. Ikusiko dugu, dena dela, M15eko mugimenduak ere zer ekartzen duen Espainian eta Hego Euskal Herrian: lehendabizi igandeko hauteskundetan, eta gero, indar eraldatzailea izan nahi badu, protestakoaz haratago, nola artikulatzen den. Momentuz, lehen blokeo informatiboa gaindituta, eguneko notizia garrantzitsuena izatea lortu dute, eta hori, Zizek-en arabera, ez da gutxi.
Kontzentrazio edo manifestazio bat deitzen dutenean, kanpainako mezuak konbentzituei bideratzen dizkietenean bezala sentitzen naiz.