Kirmen Uriberenak ez nau harritu
Ez dut irakurri Bilbao New York, Kirmen Uriberen nobela, baina gertu gordeta daukat “Bitartean heldu eskutik” poemarioa. Nobela poema liburuaren neurrikoa bada, ez nau harritzen saria irabazteak.
Beste gauza batek ere ez nau harritu: hedabide batzuek egin duten Patxi Lopezen aipamena. Zenbait egunkarientzat ez dakit zer izan den aipagarriago, Kirmen Uribek lortutakoa ala Patxi lopezek lehengo maiatzean gure poeta irakurri izana. El Correok, Diario Vascok eta ABCk albiste bera argitaratu dute eta bertan Patxi Lopez aipatzen dute, berandu baino lehen bigarren pasartean. El Paisek beste modu batean antolatzen du artikulua, baina testuaren lehenengo paragrafoan azaltzen da Lopez jauna. La Razonek lehenengoan jartzen du.
Ez nau harritu ere ez beste komunikabide batzuetan horrelakorik ez azaltzeak, askori gogora etorriko bazitzaion ere.
Bada, ordea, harritu nauen zerbait, edo zehatzago esateko, bada zerbait atentzioa eman didana: idazle sarituari egin zaizkion elkarrizketetan, bere aurretik sari bera jaso zuten Atxaga eta Elorriaga euskal idazleak gogoratu zaizkionean, Uribek erraz hartu du beretzat Atxagarena eta Obabakoena, baina ez du Elorriagaren aipamenik egin. Nahi gabe izango zen?
Nik egun hauetan irakurri dut liburua eta harritu egin nau. Eta harritzen nau Elorriaga ez aipatu izana, dirudienez "lagunak" omen direlako. Gaineraz, sari hau dela eta bi pertsonari bakarrik irakurri diet poztu direla: bata, Karmele Jaio eta bestea, Unai Elorriaga.Hala ere, duela gutxi Kirmen Uriberi berari entzun nion Euskadi Irratian bertsolaritzaz ari zirela, bertsolariak taula gainean elkarrekin lehian aritzen diren arren, gero lagunak direla eta ondo konpontzen direla. Idazleen artean, ordea, ez dagoela horrelakorik.Oraingo honetan argi geratu da, idazleen artean ez dagoela horrelakorik, bai horixe. Lan asko izan du egun hauetan inbidiak.
Irakurri beharko dut neuk ere bai. Saiatuko naiz irakurtzen aurreiritzirik gabe, idazlea etxe bertakoa ez balitz bezala. Mutil eta idazle goxoa iruditu zitzaidan Kirmen Uribe ezagutu nuen behin hartan, eta ez daukat ezer bere aurka egiteko. Baina dagoeneko eskarmentu nahikoa badaukat eta ez zaizkit gauza guztiak irensterrazak egiten.