Irakurri ala hil (1)
Nire lan profesionalak oinarri nagusi bat dauka: liburuak irakurtzea.
Badakit ez dela pentsamendu oso sakona, baina hain kontu funtsezkoa izan arren, ez da beti oso argi egondakoa. Areago, orokortzea beti den arren arriskugarri, esango nuke gure artean liburuen gainean komunikatzen den gehiena, lautik hiru edo, liburua irakurri gabe egiten dela.
Gurean liburu bat jendartean aurkezten den bakoitzean , bospasei kazetari joango dira liburuaren aurkezpenera baldin eta egile/editoreak norbait badira eta zorte handia badute. Ondoren, liburua irakurri gabe —irakurtzeko aukerarik gabe—, emango dute albistea kazetariek, liburuari buruz baino, aurkezpenean esan diren kontuei erneago. Eta denak pozik. Tartean informazioa jasotzen dugunok ere bai, pentsatuz liburuaren gaineko informazio egokia jasotzen ari garela.
Aurkezpenaren egunean eta liburua irakurri gabetan, mozoloaren galderak egingo dituzte kazetari horiek —eskarmentu handiarekin diot hori, hamaikatxotan ibilia bainaiz neu ere—: “Zer kontatzen da zure liburuan?, Zergatik hautatu duzu genero hau eta ez beste bat? Eroso egin al duzu lan? Zer itxaropen duzu liburuarekin? ” Etc.
Erran nahi baita, edozein egile/libururi egiteko moduko galdera-tximino edo galdera-komodinak izango direla irakurri gabetan egin ohi diren ia denak. Aurkezpenean dauden guzti-guztiek zeremonia errepikatu baten antzera onartu eta antzeztuko dituzte galde-erantzun horiek: egileak badaki liburua irakurri gabe daudela aurrean dituenak, eta kazetariak badaki egileak ere badakiela irakurri gabe dagoela bera, gainera, beste liburu batzuen aurkezpenetatik ezagutu baino, elkarren lagun eginak dira dagoeneko.
Izan ere kontua ez baita hainbeste liburuaz informatzea izaten, baizik eta liburuaz informatzen ari garela erakustea. Ez dakit ñabardura ulertzen zaidan, baina esan nahi dut, kazetariak eta komunikabideak eurak politikoki onargarri egite aldera egiten direla askotan gauzak, ia beti ez esate arren.
Baina ez dadila inor engaina, bospasei kazetari irakurgabe horiek dira gure panoraman diren zintzoenak, urte askoan zehar lanbideari eutsi eta euren indarrik handiena jartzen baitute liburuaren promozioan. Elkarrekiko zorra baitago egon: nik zure liburuaz idazten dut zuk liburua idatzi duzulako, eta eskerrak nik idazten dudan zure liburuaz bestela ez baitzen libururik ere izango seguruenez (?).
Gainera, kazetari horiek irakurri egiten dute liburua geroago, hala erabakitzen dutenean. Izan ere, hurrengo batean egile berak egingo duen beste aurkezpen baterako ongi etorriko baitzaio lan hori eginda edukitzea. Eta gainera, zer arraio, irakurtzea gustatu ere egiten zaio.
Kazetari eta hedabide putreenak, ostera, besteek adina bitarteko eduki arren, kazetaririk bidali ez eta editorialek igorritako erreseinak argitaratu baizik egiten ez dutenak iruditzen zaizkit. Hauek ere beren burua prestigiatu nahi izaten dute euskal literaturaren oihartzuna emanez, baina eurek batere ahaleginik egin gabe (aurkezpenera inor bidali gabe). Kopiatu+kolatu besterik ez. Jakina, horrelakoekin ere editorialak pozik, egileak pozik eta mundu guztia pozik, nolabaiteko presentzia lortzen baitute horrela liburuek.
Euskal telebista publikoaren arazoa bestelakoa da. Bistan da argitaratzen diren liburu guztiak ezin direla albistegietan eta nonahi iragarri edo albiste bihurtu. Onerako baino, txarrerako litzateke horrelako zerbait egitea, urtean zehar argitaratzen den liburuen kopurua ez baita txantxetakoa. Beraz, gehiago eta hobeto egin daitekeen arren, ETBko albistegietan ere, tradizionalki jo da egile jakin batzuen liburuak bakarrik erakustera, hain juxtu, albistegiak eurak eta ETB prestigiatzeko balio dutenak: Atxaga, Lertxundi, Saizarbitoria edo direnak direla. Esan dezagun bidenabar, ETBk bezala edo okerrago jokatzen dutela bestelako telebista guztiek , eta ez literatura kontuetan bakarrik, baita artearekin, musikarekin, gastronomiarekin… Beti izen berak entzuten dira eta bizpahiru baino ez.
Izanak izan, talaia ezin hobea eskaintzen digu ETBk Sautrela egiteko zoria dugunoi. Seguru asko, lana eta soldata edukitzeko fortunaz harago, jendeak uste ez duen gauza desberdin askogatik ere bai. Esate baterako, bitartekoek horretara derrigortzen gaituztelako, gure literatura saioak ezin du hurbil-hurbiletik segitu liburuen argitaratze erritmoa. Horretan edozeinek hartuko dio aurrea Sautrelari: irratiek, biharamuneko egunkariek, istanteko agerkari digitalek…
Beste kontu batzuk ere badira, kalterakoak diruditen arren, saioaren egileoi onerako gertatu zaizkigunak denborarekin. Bakarrak ez diren arren, hiru berezitasun dira nagusi esaten dugun honetan: darabilgun gaiaren izaera minoritarioa, emisio ordu traketsak eta estetikoki nolabaiteko “prestigio saioa” edo kutixia izan beharra. (Horietako berezitasun batzuk berez-berez etorri zaizkigu, eta beste batzuk berariazkoak dira).
Gezurra dirudien arren, horrek guztiak, libratu egin gaitu gainerako saio gehienek duten audientzia kopuru handiak lortu beharraren estuasunetik eta, seguruenez, programazio parrilatik aspaldi desagertuta egotetik.
Baina desbideratzen ari naiz, halako kontuez baino gehiago, mintzatu nahi bainuen beste kontu zehatz batez: nola letra eta liburuen komunikazioan ibili behar bada, ezinbestekoa gertatzen den tratatu beharreko liburu horiek goitik behera irakurrita edukitzea. Batez ere egilea horretaz elkarrizketatu nahi bada eta ez bada babuaren itxura eman nahi, “zure liburua zertaz da?” eta antzeko zozokeriak galdetuz.
Bai badakit agerikoa dirudiela baieztapen horrek, baina jendea askotan harritu egiten da gure lanaren barruan —lanorduen artean—, irakurtzeko denbora behar dela esaten dugunean. Astean bizpahiru liburu irakurtzeko obligazioa kontu oso garestia da, eta ez da beti erraza izaten baimena eta ordaina lortzea. Horregatik edo, usu ikusten den gauza da liburua irakurri gabe egilearengana galdezka joatea.
Kostatzen ari zait, baina apurka badihardut nahi nuen lekuraino iristen: Zer egin behar da lehen orrialdetik gustatu ez zaigun liburu batekin? Irakurri ala bertan behera utzi? Abiadura azkarrean eta zeharka irakurri? Egilea elkarrizketatzeko dugun hitzordua bertan behera bota? Eta azkenean egilea elkarrizketatzen badugu, liburua ez zaigula gustatu erakutsi ala ez? Etc., etc.
Poliki-poliki nahi nieke galdera horiei eta beste batzuei erantzun, zeuk ere zer irizten diozun iruzkinetan irakurritakoan. Hobe izango da, ba, orain pausatzea eta hurrengo sarrera batean argitzea gauzak. Baldin eta ahal baneza, baldin eta baneki.
Kaixo Hasier,
Hemen duzu irakurle xume baten iritzia.
Ez naiz ez kazetaria ez idazlea, nahiz eta bietan ere saiatu naizen, baina bai irakurle sutsua. Zuk esan bezala, lehen orritik gustoko izan ez ditudan liburuak izan ditut eskuartean baina behin ere ez naiz gai izan haien irakurketa bertan behera uzteko, ez dakit zein mekanismo masokari erantzunez azken orriraino iritsi naiz, batzuetan azkarrago, beste batzuetan motelago. Eta zergatik? Uste dut liburu bat idaztea berebiziko lana dela, batzuentzat besteentzat baino gehiago beharbada, eta errespetuagatik agian, bukatzea atsegin dut. Edo agian bukatu eta “a ze putamierda…” esateko lejitimazioa edukitzea gustatzen zait ;), ez dakit ba. Janariarekin berdin gertatzen zait: ez naiz inoiz gai izan inorri esateko prestatutako jaki hori txarra dagoela.
Besarkada bat
Tira ba, ez dirudi kontu erreza denik. Niri neuri bi aukera bururatu zaizkit:
a) “Errazena” (ez dakit serioa / profesionala / bidezkoa den): gustuko liburuen idazleak baino ez elkarrizketatu. Horrek estutasuna ere ekar lezake, baldin eta urte edo sasoi bateko liburuen artean oso gutxi badira gustukoak.
b) Zuk zeuk diozuna: egileari berari esan zer ez zaizun gustatu, ahultasuna non aurkitu duzun. Bigarren jokaera horrek “arazoak” ekar litzake: batzuek zakartzat har zaitzakete, alde batetik, eta jakina da hemen denak garela ezagun edo auzoko, beste aldetik. Hala ere eskertzen dira noizean behin, onerako nahiz txarrerako, agertzen diren kritika zorrotz horiek (off the record lasai asko entzuten direnak, bide batez).
[…] [Aurreko sarreratik gatoz: Irakurri ala hil (1)] […]
[…] [Aurreko sarreratik gatoz: Irakurri ala hil (1)] […]