Goyaren kaskezurra hondartzan
Goyaren kaskezurra eta berdintasuna
Bazoaz museoko karrejuetan hainbeste koadroren artean mozkortuta, eta han, urrutira, margo batek jo dizu begian. Hain urrutitik ez duzu oso argi ikusten zer den, ez baita oso handia ere tamainaz. Ia dena beltza da, beltz sakon-sakonez margotua, baina bada orban gorri bat eta hari begira dagoen aurpegi bat ere atzematen duzu hurbildu ahala. Abade bat ageri da liburuxka gorri bat irakurtzen, oso koadro sinplea, berez. Baina badu zerbait, beste koadroen artetik bereizten duena. Indar bat, erakarmenerako gaitasuna… Gainerakoek ez duten zerbait. Egia esan, lehen aldiz sartu zara museo horretara eta koadro hau ez duzu aurrez ikusi sekula.
Koadroaren titulua eta egilearen izena dakarren laukitxoraino hurbiltzen duzu sudurra, betaurrekoak jantzita eta, ahhh, orain bai, orain ulertzen duzu dena: Francisco de Goyaren margo lan bat da Jose Dueso Latre kalonjea liburu bat irakurtzen deitzen dena. Zoragarria egiten zaizu eta nork egina den jakindakoan, sortu dizun erakarmena ulertzen duzu: nola ez zaitu, bada, erakarriko Goya bezainbesteko jenio baten lana izanda!
Eta hasten zara pentsatzen zerk egiten duen Goya hain berezi, haren esku eta begiak, izango dira, seguru asko. Eta burua, jakina, beste inork ukan ez duen bezalako buru dohatsua.
Eta oroitzen zara Goya lurpetik Bordelen atera zutenekoa. Bere hondarrak Espainiaratu nahi zituztela eta haren hezurren bila hasi zirenean, kaskezurra falta zitzaion, baten batek aurrez eramanda, gorpua oso-osorik sartu baitzuten lurpean, testigu guztien arabera. Zer gertatu zen, bada, jenioaren kaskezurrarekin?
Mila kontu sortuak dira handik hona, baina zabalduena Zaragozako museoan dagoen koadro batek eragindakoa da. Dionisio Fierros asturiarrak 1849an margotutako kaskezurra ageri da bertan eta koadroaren atzekaldean adierazten denez, Goyaren kaskezurretik naturalean egindako margoa da. Berak hartuko zuen, beraz. Baina kontua ez da hemen amaitzen. Antza, Fierros horren seme batek Medikuntza ikasi zuen Salamancan eta esaten da bere ikasketak burutzeko eraman zuela Goyaren kaskezurra Gaztelako hiri ospetsura.
Egia izan ala ez, Goyaren kaskezurrak desagertuta jarraitzen du eta inork ez daki haren berri. Ala bai?
Esaten da medikuntza estudiante hori kalean zihoala 1911ko Salamanca hartan eta txakur bat hasi zitzaiola ondoren segika. Beldurtu eta korrika ihesari ekin aurretik, altzoan zeraman Goyaren kaskezurra bota ziola jostailu moduan or aluari, harekin zebilen bitartean berak ihes egin ahal izateko.
Izango da ala ez da izango, baina nik diot egia dela azkenean denok berdinak garela. Izan ere txakur gaizto hari beste edonoren kaskezurra botata, ez zion antzik ere emango jenio ala gizarajo arlote batenak ziren hezurkin haiek. Heriok dena berdintzen duela, alegia, nolaz eta olatuak bere etorriarekin hondartzako area, hondarra edo sablea.