Donostiako Jazzaldia, to bost!

Donostiako Jazzaldia, to bost!

Donostiako jazzaldiak mende erdia bete zuen iaz, sasoi betean. Aspaldi da “jazzaldia” hitza asmatu zuen jaialdiak gainontzeko musika joerei bidea egin eta hirian zehar zabaldu zena, udako kultur hitzordu zirraragarri.

Bihar 51. edizioa abiatuko da, datorren astelehena arte 130 ikuskizun oholtzaratuko dituena. Eta egitarau oparo horretatik bost proposamen egitera gatoz, jazzaldiak oholtza nagusia duen Trinitate plaza zapaldu barik eta guztira 50 euro baino gutxiago ordainduta.

Bost proposamen, bat eguneko, guztiak ere ondo bitxiak eta ordutegi zein oholtza ezberdinetan gauzatuko direnak. To bost!

.

Uztailak 21 osteguna

19.30 Dave Douglas & High Risk

22.30 Marc Ribot & The Young Philadelphians (Kursaaleko terrazak) DOAN

Dave Douglas eta Marc Ribot, jaialdiaren aspaldiko lagun bi, lehendik ere Donostian sarri jo izan dutenak. Tronpeta joleak, besteak beste, 2009ko edizioa bikain zabaldu zuen Brass Ecstasy gidatuz, eta Trinitate plaza zapaldu zuen beste behin, Enrico Rava eta Avishai Cohen-ekin Tears for 3 egitasmoan. Tom Waits-en gitarra jole izanak, bere aldetik, Ceramic Dog gidatu zuen Kursaaleko terrazetan, eta Los Cubanos Postizos taldearekin jo zuen Trinitate plazan. Biek ala biek parte hartu zuten John Zorn maisuaren Masada maratoian. Honakoan, Kursaaleko terrazetan joko dute biek, Gloria Gaynor baino lehen batak eta ondoren besteak.

Donostiako Jazzaldia, to bost!Dave Douglas bere belaunaldiko tronpeta jole bikainenetakoa dugu. Biharko emanaldian, jazza eta musika elektronikoa uztartzen dituen High Risk laukotea gidatuko du.

Marc Ribot, bere aldetik, The Young Philadelphians zazpikotearen buru dator, hari hirukote eta guzti. Taldekideen artean, Jamaaladeen Tacuma (baxuan) eta Calvin Weston (bateria) ditu, Ornette Coleman zenduaren Prime Time Bandeko partaide izandakoak.

.

Uztailak 22 ostirala

12.30 Mikel Andueza: Bost segundoro (San Telmo Museoa) 5 euro

Nafarroak jazz saxofoi jole bikainak izan ditu aurretik ere, Pedro Iturralde eta Javier Garaialde, eta beraien bidetik dira egun, besteak beste, Josetxo Goia-Aribe eta Mikel Andueza ere.

Donostiako Jazzaldia, to bost!Lizarrako musikariak “Cada 5 segundos / 5 segundoro” -denbora tarte horretan Afrikan haur bat gosez hiltzen baita- argitaratu zuen iaz Errabal Jazz zigiluan, El País egunkariko Babelia gehigarriak “Los 16 discos de 2015” zerrendan sartu zuena; Chema García jazz kritikariaren aburuz, “edertasun aratz eta barea” du lanak.

Mikel Andueza saxofoi jolearen diskoa grabatu zuen talde bera izango da STM-ko oholtzan vermouth sesioan, tartean euskal jazzman ezagunenetako batzuk, Iñaki Salvador (pianoa), Gonzalo Tejada (kontrabaxua) eta jada bertakotzat jo dezakegun Dani Pérez (gitarran). Chris Kase (tronpeta) eta Gonzalo del Val-ek (bateria) osatzen du seikotea.

.

Uztailak 23 larunbata

18.30 Ibrahim Maalouf: Red & Black Light (Kursaal Auditorioa) 20 euro

Aurtengo Jazzaldian, Kursaaleko auditoriorako abonuak 80 euro balio zituen, eta agortu egin dira. Ez da harritzekoa, bertan oholtzaratuko diren lau proposamenak bikainak baitira.

Donostiako Jazzaldia, to bost!Dave Douglas egun jazzak duen tronpeta jole bikainenetakoa bada, Ibrahim Maalouf bere bidea zabaltzen ari da apurka-apurka musika tresna berarekin -beste horrenbeste aurten oholtza berean izango dugun beste tronpeta jolea ere, Christian Scott-.

1980an Libanoko artista familia batean jaiotako tronpeta jole frantseztua Gasteizko jazzaldian ezagutu genuen orain hiruzpalau urte, XXI. mendeko Jazza sailean, eta geroztik bere itzala handituz joan da. Maalouf-ek bere aitak asmatutako tronpeta berezi bat jotzen omen du, lau tonukoa, bere musikari arabiar kutsua emateko baliatzen duena. Donostian zortzi musikari izango ditu ondoan “Red & Black Light” aurkezteko.

.

Uztailak 24 igandea

21.00 Grupo Fantasma

24.00 Charles Bradley & His Extraordinaries (Zurriola hondartza) DOAN

Grupo Fantasma bederatzikoteari buruz apenas dakigu ezer, Texaseko latin jazz talderik bikainena dela eta berau entzuteko jakinminez eta dantzan egiteko gogoz gabiltzala besterik (bezperan terrazetan joko dute 18.30ean).

Donostiako Jazzaldia, to bost!Charles Bradley berriz, entzuna dugu aurretik ere, besteak beste Azkena Rock jaialdian! Soulman saiatua da oso, James Brown-en eskolakoa; zuzenekoa grinaz bizi eta ikuskizun sutsua ematen duena. Bati baino gehiagori Sharon Jones gogoraraziko dio, eta bero dantzaraziko ditu hondarretan bilduko direnak.

Gizonak berandu ekin ei zion ibilbide artistikoari, eta denbora guztiz zukutu nahian dabil orain. Bere bizitzari buruzko dokumentala du, “Charles Bradley: Soul of America”.

.

Uztailak 25 astelehena

17.30 La Marmite Infernale: Les hommes… maintenant! (Victoria Eugenia) 14 euro

https://www.youtube.com/watch?v=w6huM0hdQ3s

“Lyonen egoitza duen kolektibo hau europar jazzeko talde original, sortzaile, definiezin eta jenialenetako bat dugu” dio Heineken Jazzaldiko web atariak La Marmite Infernale xelebreari buruz (ikusi minutu bakarreko bideoa, otoi), eta kasu egin beharko diogu.

Donostiako Jazzaldia, to bost!Arfi kolektiboaren parte den taldea, (Irudimenezko Folklore baten Bilaketarako Elkartea), 40 musikari inguruk osatzen du, 1977tik bide berriak esploratzen dabilena.

“Arfitik hiruko bat edota orkestra handi bat sor daiteke; geometria aldakorreko formazioak, musikari hauen onena ateratzen dutenak”. Donostiako ikuskizunean, hamairu musikarik hartuko du parte.

to bost to bost to bost to bost to bost

ZUZEUko erredakzio kide