Durangaldeko zortzi lagunek baraualdia hasi dute euskal preso politikoen eskubideen alde
Urtarrilaren 25etik 30era durangaldeko zortzi lagunek baraualdia hasi dute gaur eguerdian euskal preso politikoen eskubideen alde. Horrela, gaur bertan (urtarrilak 25) Euskal Preso Politikoen Kolektiboak frantziar eta espainiar espetxe guztietan burutuko duen “baraualdiaren oihartzuna kalean zabaltzea” dute helburu.
Baraualdian parte hartzen ari diren lagunek azpimarratu dutenez, “espainiar eta frantziar gobernuek abian duten errepresio estrategiaren bidez muturrera eraman dute espetxeetako egoera”. Presoak bisitatzeko joan etorrietan egin beharreko “milaka kilometroek eragindako istripuak”, kondena betea duten presoek oraindik kartzelan jarraitzen dutela eta “kartzelan jasaten dituzten eskubide urraketak, isolmendua, lekualdatzea, jipoiak…”, salatu dituzte, besteak beste.
Egoera orokorra deskribatuta, euskal preso politiko batzuen egoera azaldu dute. Igor Gonzalez “bere buruaz beste egiten bigarren bider saiatu” dela eta Juanjo Rego Vidalek “orain gutxi bihotzekoa izan” duela gogoratu dute. Bestalde, Patxi Gomezi (20 urteko zigorra beteta kalean dagoela) Entzutegi Goreneko doktrina ezarri diotela salatu dute, “beste hamar urterako espetxeratua izango delarik”. Durangaldeko Gatza, Zabarte, Kubati eta Gautxori egoera berdinean daudela ere gogoratu dute.
Ildo horretatik, dei bat luzatu dute herri eta auzoetan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko; “bereziki ostiralean eskualdeko herri guztietan antolatzen diren azken ostiraletako kontzentrazioetan eta larunbatean, 13:00etan, Andra Maritik irtengo den eskualdeko manifestazioan”.
Durangaldeko albiste gehiago: www.anboto.org