Zer ez jan…
Erabakia duela gutxi heldu da. Baina urteak dira produktu hori medikuek agintzen dutela. Eta hainbat elkarteetatik behin baino gehiagotan ‘Reductil’ hartzearen arriskuez ohartarazi izan duten arren, oraintsu arte, ez zaie jaramonik egin. Europako sendagaien agentziaren gomendioz heldu da debekua.
AEBtan, sendagai bera kontsumitzen zuten hainbat pertsona hiltzean piztu ziren alarma guztiak. Abbot enpresa ekoizleak, heriotza horiek sendagaiarekin zerikusirik ez zutela adierazi zuen, orduko hartan. Munduan 8 milioi pertsonek kontsumitzen dute ‘Reductil’, argaltzeko gehien kontsumitzen den medikamentua baita, hain zuzen ere.
Sibutramina dute pilula horiek, eta substantzia honek ase sentsazioa ematen du. Asetasunarekin batera, ordea, arteria-presioa handitzea, portaera nahasmena, edota bihotzekoa izateko aukerak handitzea dakar. Ez dirudi ez, esperotako emaitzek sendagaiaren arriskuak gainditzen dituenik.
Kontsumitzaileek insomnioa, urduritasuna eta takikardiak izan dituztela diote eta hala ere oraintsu arte, sendagaia eskuratzea kasik edonoren esku zegoen.
Baina zer esan nahi dute esperotako emaitzek sendagaiaren arriskuak gainditzen ez dituztela diotenean? Arrisku horiek hartzea mereziko lukeela benetan pilula horiek hartuz argaltzea posible balitz?
Badakigu miraririk ez dagoela. Gizartearen kanonek markatutakoa lortzearren gure osasuna arriskuan jartzeak ez dauka ez hanka eta ez buru. Ez naiz hasiko argaltzeko modu bakarra elikadura osasuntsua eta kirola egitea besterik ez dagoela esaten…
Oraintsu arte ‘Reductil’-ek zuen tokia betetzera helduko dira beste batzuk. Industria farmazeutikoaren alorrik errentagarrienetakoa baita, argaltze-metodoena. Baina esperotako emaitzek inoiz ez dituzte justifikatuko halako arriskuak hartzea.