Google: zutaz jaso eta gordetzen duten informazioa

google

Jarraian datorren idatzia Azkue Fundazioaren egunkari digitaletik hartu dugu. Azkue Fundazioa teknologia berrien bidez euskararen erabilera sustatzeko asmoz 2009. urtean sortutako fundazioa da, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren, Euskaltzaindiaren, EHUren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetzarekin. Irekia, parte-hartzailea eta bizia izateko asmoa du, Creative Commons filosofiari jarraituz eta filosofia hori bultzatuz.

google

Google erraldoia dela eta gure amak baino hobeto ezagutzen gaituela esaten omen da. Egia esan, txantxa balitz bezala hartzen dugu hau, baina egi borobila da. Pribatutasun ezarpenak ondo doituta izan arren, Googlek etengabe erabiltzaileon datu berriak biltzen ditu. Googlen hainbat produktu ezberdin erabiltzera ohitu gara eta guztietatik informazioa gordetzen du enpresak. Ez du bilketa lan hau ezkutatzen eta zuk ikusteko estekak eskaintzen dizkizu, zuk erabakitzeko baimentzen diozun edo ez.

Hauek ezagutu nahi? Hemen datuak biltzen dituen gune horiek zeintzuk diren argitzen dizugu. Agian irakurtzen bukatzerakoan parazetamola hartu beharko duzu. Abixatuta zaude…

google

Etengabe komentatzen dugu interneten gabiltzanean pribatutasun ezarpenak arretaz doitu eta noizean behin berrikusi behar ditugula. Partekatzen duguna zaindu behar dugu.

Hala ere, jakin badakigu, gure nabigazio eta interneteko jarduera dirauen bitartean, Googlek hainbat datu biltzen dituela. Sarritan inkontzienteki eman diogu bilketa hori egiteko baimena.

Googlek ez du ezkutatzen datuen bilketa hori (maila batean behintzat) eta gune jakin batzuetan erakusten digu zer gorde duen. Gure esku dago hori berrikusi, hausnartu eta zer baimentzen dugun erabakitzea eta ondorioz, jokatzea.

Webgune eta aplikazioak

Googlek webgunean bilatzen duzun guztiari buruzko informazioa gordetzen du: bisitatzen dituzun guneak, Androiden erabiltzen dituzun aplikazio guztiak…

Zenbatetan erabiltzen duzun, data eta ordua, zenbat denboran zehar, zer egiten duzun webgune bakoitzera heltzen zarenean eta nondik heldu zaren.

Ikusi nahi duzu non ikusten duen? Hemen sakatu eta gune horretara helduko zara.

Hainbat estatistika ikusteko aukera izango duzu: zenbat bilaketa egiten dituzun egunero, zeintzuk diren gehien bisitatzen dituzun webguneak…

Noski, zure kontuan saioa hasita, zuk eta Googlek bakarrik ikusi ahal izango duzue guzti hau; nahi izanez gero, zerrenda ezabatzeko aukera izango duzu.

GoogleWebguneAplikazioak-Bilaketak

Gailuak

Agian zuk ez dituzu gogoratuko zenbat trasto dituzun, baina Googlek bai;dituzun gailu guztien informazioa gordetzen du. Gailuen informazioaren eginbideak modu pribatuan gordetzen ditu zure kontaktuak, egutegiak, alarmak, aplikazioak, musika, filmak, liburuak eta bestelako edukia. Gainera, gailuen egoera ere gordetzen du (adibidez, pantaila piztuta edo itzalita egotea, bateria-maila, Wi-Fi eta Bluetooth bezalako sareko konexioen kalitatea eta iraupena, ukipen-pantailaren eta sentsorearen datuak eta hutsegite-txostenak). Eta zure telefono operadorea zein den, gailuaren marka eta modeloa, baita ere.

Hau ikusi nahi baduzu hemen sakatu.

google

Ahotsa eta audioa

Google Nown esandako guztia Googleko zerbitzarietan gordeta dago.

Dataren arabera antolatuta dago eta horri esker Googlek zure ahotsaren profil berriak ateratzen ditu. Beldurgarria da nolabait, ezta? Berri ona, nahi baduzu, elementuak ezabatu ditzakezula.

Entzun nahi dituzu esandako guztiak? hemen sakatu.

YouTube

YouTubek ere zure Googleko kontuarekin saioa hasi duzuneko ikusi dituzun bideo guztien historia zerrenda gordetzen du, gailu ezberdinetan ikusi badituzu ere. Estekaz gain, data eta ordua gordetzen ditu.

Ikusitako bideo guztien historia ikusteko hemen sakatu.

Aldi berean, YouTuben betidanik egindako bilaketa guztien zerrendara jo zenezake, hemen sakatu eta ikusiko duzu.

Kokapenak

Googleko Timeline izeneko baliabidearen bidez egon izan zaren lekuak edo burututako bideak berrikusi ditzakezu. Baimendu ezkero, zure gailuek kokapenari buruzko datuak bidaliko dizkio Googleri.

Beraz, erraldoi honek jakin izango du zure bizitzaren inguruko hainbat gauza: non bizi zaren edo non egiten duzun lan, zein lekutara joaten zaren maizago, zenbat denboratan egoten zaren bertan, kokapen batean egon zinen egun eta ordu zehatzak.

google

Besterik? Bai, badago ?

Nahikoa ez balitz guzti hau, oraindik datu eta informazio gehiago bildu eta gordetzen du. Orain arte beldurtu ez bazara, agian orain dardarka hasiko zara:

  • Blogger sareko blogetan egindako argitalpen, iruzkin eta abarrekoak.
  • Egutegian gorde izan dituzun ekintza edo hitzorduak.
  • Google +eko kontaktuak.
  • Zure posta elektronikoak eta helbideen zerrenda.
  • Hangouts-ean egindako elkarrizketa guztiak.
  • Google Driveko fitxategiak.
  • Google Docsen sortu izan dituzun fitxategi guztiak.
  • Google argazkietan gordetako irudi guztiak eta hauetan sortutako metadatu guzti-guztiak.
  • Google Keepen bidez sortutako notak.
  • Google Walleten bidez egindako erosketak.

Eta oraindik gehiago dago.

Gordetako guztia eskuratu nahi duzu? Badago modurik

Googlek zu eta zure jarduerari buruzko gordetako informazio guzti hau eskuratzeko aukera ematen digu, TakeOut baliabidearen bidez. Hemen sakatueta horra eramango zaitugu ?

Formato ezberdinetan gordetzeko aukera izango duzu; fitxategi bat sortuko du eta posta elektronikoz jasoko duzu. Zerrenda ikusita, gordetzen duen guztiaz ohartuko zara. Eta deskargatutako fitxategiaren pisuak ikaratuko zaitu, ziur baietz…

google

Pribatutasun aukerak zaindu

Egia esan, Googlek pribatutasun aukera eta ezaugarriak doitzeko baliabidea eskaintzen du. Kontrol-panelean partekatu nahi duzun edo ez guztien gaineko aukerak agertuko zaizkizu eta zuk erabakiko duzu nola jokatu.

Googlen miaketa hau geldi zenezake neurri batean, beti ere, horrek ekartzen dituen beste onurak galtzeko prest bazaude.

Zure esku dago…

google

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Google: zutaz jaso eta gordetzen duten informazioa”-ri buruz

  • euskaldun bat 2016-06-20 22:16

    Zorionak artikuluaren egileari! Bada garaia jendea esnatzeko!