Juan Luis Zabalak “Blonde On Blonde” (Kafe Aleak)

Juan Luis Zabalak “Blonde On Blonde” (Kafe Aleak)

7884581148e30ccb73a24dfa45b62e09_XL.

Bob Dylan

“Blonde On Blonde” (Columbia, 1966)

.

Juan Luis Zabalak "Blonde On Blonde" (Kafe Aleak)

.
.

Harmonikaren erabilera egokia

 

.

.

“Y crecí tratando en vano de desentrañar
todo lo que el miedo esconde
y yo me hundía en el ‘Blonde On Blonde’
haciendo que los días me duraran mucho más,
mucho más, lo juro, mucho más”.
Nacho Vegas

.

.

Ezeretik bat-batean sortua, arpegio hura, harmonika hura, doinu hura… Bob Dylan, Blonde On Blonde diskoko azken kantua. “Sad Eyed Lady of the Lowlands”. Zenbat denbora entzun gabe! Zenbat oroitzapen nahasian! Zenbateko tristura eta zenbateko indarra, dena batera. Zenbateko bizi-txertoa zainetan!

Ohetik altxatu eta autokarabanatik kanpora irten nintzen, kantua hobeto entzuteko gogoak bultzatuta. Bertan behera utzia nuen siesta egiteko asmoa, de facto, erabakirik gabe, barruko ahotsen inolako agindurik edo eztabaidarik gabe.

Aldameneko autokarabanatik zetorren kantua. Arropa zabaltzen ari zen andrea, bainujantziaren gainean brusa txuri arina jantzita. Harengana hurreratu nintzen, kantuak sorgindutako automata bat banintz bezala.

– Barkatu –atera zitzaidan barrutik, neu ere harritu ninduen ziurtasunez–. Baduzu zigarro bat? Ez dut erretzen baina, aizu, kantu honekin… Hainbeste urte dira entzuten ez dudala!

Zigarroa emateaz gain, arropa guztiak zabaldu eta gero bere autokarabanaren atarian kafe bat hatzera gonbidatu niduen, Blonde On Blonde entzuten genuen bitartean.

Horrela ezagutu nuen Marta, abuztuko egun sargoritsu batean, Mendigorriako kanpinean. Nire adin berekoa zen, eta gaztetan antzeko musika entzuna: Bob Dylan, Neil Young, Lou Reed, Janis Joplin, The Doors, Eric Clapton…

– Urte batzuetan, 14 edo 15 urte nituela, disko hau –Bob Dylanen Blonde On Blonde horretaz ari zen– oso disko kutuna izan nuen –aitortu zidan–. Herriko mutil batekin maitemindu beharrean, diskoaren azaleko Bob Dylanekin maitemindu nintzen.

– Eta “Sad Eyed Lady of the Lowlands” kantatzen zizula egiten zenuen amets…

– Nola dakizu hori? –esan zuen irriz.

– Oso erraza da. Nik Blonde On Blonde-ren azaleko Bob Dylan izatearekin egiten nuen amets, eta “Sad Eyed Lady of the Lowlands” kantatzeko eskatuko zidan neska bat aurkitzearekin.

– Harmonikarekin lagunduta?

– Jakina! Beti eramaten nuen harmonika aldean!

– Uaaa! Zoragarria! –esan zuen barre algara apal batean.

Solasarekin gustura sentitzen nintzenez, goiari eusteko asmoz, Blonde On Blonde-rekin neukan aspaldiko anekdota bat kontatu nion.

– Orain dela 30 bat urte, diskoa erosi nuen egunean seguru asko, Benito Lertxundik herriko areto txiki batean eman zuen kontzertu batean, lehenengo aulki-ilaran eseri nintzen, Blonde On Blonde binilozko LPa mantalean nuela, azalean Bob Dylanen aurpegia agerian, Benitok oholtzatik argi ikusteko moduan.

– Eta… ikusi al zuen?

– Oholtzako aulkian eseri eta berehala. Diskoari begira, honelako zerbait esan zuen orduan: “Hara! Hemen dugu-eta Bob Dylan! Hobe izango dugu berari uztea eszenategia”.

– Nola sentitu zinen une hartan?

– Zeharo lotsatuta.

– Kantaria izan nahi zenuen?

– Bai, hori zen nire ametsa.

– Eta…?

– Nahi izatea ez da nahikoa.

– Badakit, bai. Nahi izatea ez da ia ezertarako nahikoa izaten.

Autoironiaz baina samurtasunez mintzatu ginen gaztetako kantuez eta ametsez. Leonard Cohenen Chelsea Hotel etorri zitzaidan burura, neure buruari maiz aplikatutako esaldiak Martarentzat ere balio zuela iritzita: “We are ugly but we have the music”.

– Musikak ederrago sentiarazten ninduen –atera zitzaidan–. Edo, besterik gabe, sinpleago eta zintzoago esateko: guapoago.

Ez zuen asko iraun solasak. Martaren senarra eta bi alabak bizikletan egindako txangotik itzuli ziren, eta nik gure autokarabana jo nuen. Laster izango ziren han emaztea eta semea, kanpineko piszinatik bueltan.

Ez zuen asko iraun solasak, baina edertu egin ninduela sentitu nuen.

Autokarabanan geneukan ordenagailu txikia piztu eta T. Rex taldearen Life is A Gas bilatu nuen YouTube-n. Ohean etzan nintzen, sabaiari begira. “I could I loved you girl like a planet”, kantatu zuen Marc Bolanek, “I could have chained your heart to a star…”.

.

Juan Luis Zabala (Azkoitia, 1963) Idazlea eta kultura arloko kazetaria

“Sad Eyed Lady of the Lowlands”

.

“Kafe aleak” liburuaz, Leire Lopez Ziluagak eta Ibon Rodriguez Garciak, argitalpenaren arduradunek

Juan Luis Zabalak / Juan Luis Zabalak “Blonde On Blonde” / Juan Luis Zabalak