Liluragarria den arren, hozkirria ematen du
Liluragarria den arren, hozkirria ematen du
Joxe Rojasen Teknopataren txokotik, Aizu! aldizkariko 404. zenbakirako egin zuen kolaborazioa jaso dugu, “Gauzen Internet”.
Goizeko zazpiak dira, eta zure erlojuaren eskumuturrekoa dardarka hasi zaizu, jaikitzeko ordua dela argi utziz. Tartetxo bat daramazu esna dena den, logelako pertsiana duela hiru ordu laurdenetik ari baita pixkanaka-pixkanaka igotzen, kaleko argiari gelan sartzen uzteko.
Nagiak atera eta zutik geratu zara ohe ondoko alfonbran. Emakumezko ahots goxo batek agurtu zaitu sakelakotik: “Egun on eta zorionak! Kilo erdi galdu duzu urte hasieratik! Jarraitu horrela!”. Irribarretxo bat eta hasperen ere egin duzu komunera bidean, sukaldetik datorren kafe egin berriaren usaina sumatuaz bat. Zuk ezer egin gabe, sakelakoak zure gogoko irrati estazioa sintonizatu du. Beste behin ere, Edurne Zuriren amaordea etorri zaizu gogora, ispilua berbetan hasi zaizunean: “Esne gutxi geratzen da”, esan dizu. Baita zuk erantzun ere: “Erosi!”. Asteko erosketa zerrenda ikusi duzu ispilua behetik gora zeharkatzen. Esnea gehitu da zerrendan, eta marra gorri batez zirriborratuta zeuden galleta goxo haiek berde jarri dira orain: pisua galdu izanak badu saria!
“Gogoratu gaur bilera daukazula bulegotik kanpo” -ispiluak berriz- “Autopistan trafiko astuna dago, eta komeni da denboraz irtetea. Hamar minutu daukazu gosaltzeko”. Orduantxe gogoratu duzu garajeko ateak olioa behar duela. Komunetik entzun duzu kirrinka, irekitzen hasi denean.
Arineketan gosalduta, kotxean sartu zara. GPSak mapa erakutsi dizu, eta lau ibilbide ezberdin eguneko lehen bilera duzun lekuraino. “Hartu biderik azkarrena” esan diozu autoari. ‘AUTO’ seinale gorri handi bat piztu da bolantearen erdian, eta bilerarako dokumentazioa irakurtzen hasi zara bilerara iritsi bitartean. Aparkalekuaren ondoan, supermerkatu handi bat dago. “Eskatuko dut hemen erosketa, bileran zauden bitartean?”. Baietz esan duzu, eta dardara igarri duzu poltsikoan, konfirmazio gisa…
Honezkero oso gutxi du horrek guztiak fikziotik. “Internet of Things” deitzen diote, gauzen internet alegia, eta kontsumoko teknologiaren hurrengo jauzia omen da. Inguruan ditugun objektuak internetera eta haien artean ere konektatuta, informazioa elkarbanatzen eta era autonomoan jarduten. Eta teknologikoki liluragarria den arren, hozkirri apur bat ere ematen du, ezta?