Errezildarren ateraldiak
Errezildarren ateraldiak
Laxaro Azkunek eta Imanol Lazkanok duela hiru urte argitaratu zuten “Errezildarren ateraldiak” liburua. Egileek beren buruari botatzen dioten lorerik handiena, normalean irakurtzeko ohiturarik ez daukan jende askok gustura irakurri duela da, bereziki Errezil ingurukoek. Lazkano aspaldidanik izan da hizkuntzaren maitale, eta ez dago oso garbi azpeitiarra hizkuntzarekin biziatu zelako izan duen hain harreman estua Errezilekin, edo Errezilekin harreman oso estua daukalako biziatu den hizkuntzarekin jolastera. Hizkuntzarekin jolasteko gaitasunaz gain, Laxaro Azkunek azpimarratzen duena da Lazkanok sekulako gaitasuna izan duela beti entzun eta jasotakoa bere lepo gaineko biltegian gordetzeko.
Azkunek 1975. urte inguruan euskaltegian ziharduen lanean, eta zein azalduko euskara ikastera, eta Imanol Lazkano bera. Lazkanok orduan kontatu zion ateraldia beti mantendu du gogoan. Errezildar bat denbora dezente herritik kanpo egin ostean itzuli zen sorlekura, eta herria hutsik zegoela nabaritu omen zuen. Tabernariari kontatu zion nola sentitzen zen.
- Errezil oso hila bilatu diat.
- A bai?
- Inor ez zegoan. Irureko Xanti bakarrik ikusi diat, anteajuekin sokorra jotzen.
- Ño, ez al zeukan tresna hoberik?
Handik aurrera Azkune asko zaletu zen Lazkanok zekizkien istorio eta pasadizoak entzutera, eta iruditu zitzaion merezi zuela guzti hori liburu batean jasotzeak, Lazkano falta denerako berarekin gal ez daitezen. Beti utzi zuten gerorako, baina Azkune bera erretiratu zenean serio demonio heldu zioten gaiari. Errezildar koadrila batekin bi afari egin zituzten, eta otordu horiek grabatu. Ondoren paperera pasa zuten han jasotakoa, eta argitaratzeko modukoa zela ikusi. Ordutik hona uste zutena baino arrakasta handiagoa izan du liburuak, baina poz berezia ematen die Errezil bertan izan duen harrera onak.
Baloratu zuten ateraldi horiek beren grazia mantentzeko jatorrizko euskalkian idatzi behar zirela, eta horrela daude jasota liburuan.
Egin duten lana aurrera eramaten aritu diren bitartean pentsatu dutena zera izan da: hau Errezilen bakarrik al da posible? Euskal Herriko hamaika herri txikitan ere egongo da aukera antzeko saiakera bat egiteko, herri askok badaukate altxor hori. Merezi du lan egiteak aberastasun hori gal ez dadin, eta bi lagun hauek bide bat egin daitekeela erakutsi dute dagoenekoz.
Errezilen inguruan kokapen apur bat izate aldera, gogoratu behar da 1900ean 1530 biztanle zituela, eta azkeneko erroldan, 2011koan, 612 herritar geratzen zirela. Hau da, ia herena. Baserriz oso zabala da Errezil, eta gehienak mendiko baserriak ziren orduan, eta urteak pasatzen joan ahala hustu egin dira; kaskoa apur bat hazi da, baina biztanleria jaitsi. Makina bat herritan gertatu da hori.
Liburua gustura irakurriko dudala badakit, baina alde ederra dago liburuan irakurtzetik Lazkanoren ahotik entzutera. Era guztietako 200 ateraldi inguru topa daitezke liburuan. Horretaz gain, Errezilen inguruko historia ezberdinak daude, baita herriak bertsolaritzarekin izan duen harremana ere. Koska bat nabarmentze aldera, liburuan azaltzen diren kontakizun gehienetan protagonistak gizonezkoak direla iruditu zitzaidan. Kanpoko lana, taberna eta plaza gizonarenak izan dira nagusiki, eta istorio gehienak espazio publiko horietatik datoz. Tamalez, makina bat ateraldi egongo ziren sukalde eta eliza-atari bazterretan, ziurrenik gizonezkoen belarrietara sekula iritsi ez direnak.
Aupa, Beñat:
Ez dakit zenbat denbora pasako zen, urte bat edo bi agian, Euskadi Irratiko “Faktoria” saioan Laxaro Azkune eta Imanol Lazkano liburu honetaz hitz egiten aditu nituenetik. Elkarrizketa hartako oroitzapen onak dauzkat. Izan ere, Lazkanok kontatu zuen Errezilgo mutil baten istorioak izugarrizko grazia egin zidan. Gainera, pasadizo edo txiste hura gerora etxekoei kontatu nien eta denak barrez lehertu beharrean utzi nituen. Sekula txiste kontalari itxurazkoa izan ez naizen honek. Pentsa ze meritu zuen pasadizo hark, beraz