“Lili eta biok”: Ez zarete damutuko
Ez zarete damutuko
Nire asmo irakurzaleak argitaratu nituenean irakurtzea kostatuko zaizkidan liburuak aipatu nituen eta Durangoko Azokan erosi nuen liburu bat ahaztu nuen nonbait, Ramón Saizarbitoriaren azkena: Lili eta biok (Erein, 2015). Asko gustatzen zait Saizarbitoria baina oso zaila da irakurtzen. Ez ditu hitz potoloak sarri erabiltzen baina tentuz irakurri beharreko esaldiak ontzen ditu: luzeak, konplexuak eta begi bistako anbiguotasunez beteak. Saizarbitoriak singularraren 3. pertsonan idazten ditu nobelak eta normalean pertsonaia batek baino gehiagok parte hartzen duenez, bera/ berak eta hura/ hark bereiztera behartzen zaitu donostiarrak eta askotan berrirakurtzea komeni da.
Baina esaldien konplexutasuna ez da eragozpen izan eta asko gozatu dut Lili eta biok liburuarekin. Saizarbitoriaren betiko buruhausteak dakartza: gizon edadetu baten neurosiak, gizon eta emakumeen arteko harreman gatazkatsu zein umoretsuak, Gerra Zibila eta memoria. Nobelaren abiapuntua hauxe da: Faustino Iturbe idazlea gaixo dago eta depresio batek jota, aspalditik dago etxetik irten gabe eta kalera ateratzen den egun batean kasualitatez Lili nerabea ezagutzen du bere lagun Anaren bidez. Gaztearen jarrerak Iturbe liluratzen du eta bere aititek emandako liburu bat erakusten dio, non Juan Aramendia falangistaren izena agertzen baita, eta aititek falangistarekin Otzetan izan zuen hartu-emanaren berri ematen dio. Hortik aurrera, Iturbek izaera aldaketa bizi du eta Aramendiaren eta Gerra Zibilean gertatutakoaren arrastoari jarraitzen hasten da.
Arestian esan bezala, Saizarbitoriaren nobelek dituzten osagai ugari biltzen ditu Lili eta biok-ek. Hala ere, horrek ez du eleberria aspergarri bihurtzen, ezta errepikakor ere, Iturbe eta Aramendiren istorioak ederto lotzea lortzen baitu Saizarbitoriak eta liburua nahiko motel hasten badu ere, Faustinok eta Lilik elkar ezagutzen dutenetik aurrera abiadura bizia hartzen baitu irakurketak: zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gogo handiagoz ekiten dio irakurleak orriak irensteari. Hori gertatu zitzaidan neuri behintzat. Askoz gauza gehiago aipatuko nituzke baina zeuen esku uzten ditut aholku bat emanez: irakur ezazue tentuz Lili eta biok, ez zarete damutuko.
PD: Argazkia Argiaren bideo honetatik atera dut.
Ez zarete damutuko