Umberto Eco eta Amoroto, orain hamar urte
Umberto Eco eta Amoroto, orain hamar urte
Umberto Eco idazle ezaguna hil da bart, minbiziak jota, honezkero jakingo duzuenez. Gizonak 84 urte zituen, eta “Numero zero” argitaratu berria zuen, kazetaritzaz mintzo den liburua. Internet eta berak kazetaritza eskasa deitzen zuenaz; ustelkeriaz eta gezurrez betea dagoenaz.
Ecok beti izan zuen harreman estua eta kritikoa kazetaritzarekin, 60ko hamarkadatik hona. “Beti hitz egin nahi izan dut kazetaritzaren kezka eta arazoei buruz, eta orain, baita interneti buruz ere, gezur asko esan baitaitezke bertan”, adierazi zuen orain gutxi. Italiar semiologoa oso ezkorra ei zen sarearen erabilera gehiegizkoarekin, bere aburuz, egiaztatu gabeko gauza asko zabaltzen direlako sarean.
ZUZEU bertara, eta “Herriko tontoa, sare sozialetan errege” izeneko sarreran, “Il nome della rosa” nobela arrakastatsua idatzi zuen irakasleak iaz interneti buruz egindako adierazpen batzuk ekarri ziren:
“Lehen tabernan eta txikito baten aurrean ematen ziren iritziak, gizataldea mintzen ez zutenak, haizatu ditu. Lehen isilarazten ziren iritziei Nobel Saridunen esanei besteko garrantzia eman die; pepelerdoen inbasioa eragin dute”.
“Telebistak baleko hartua zuen jada herriko tontoa, baina Internet-ek egiaren jabe egin ditu”.
.
Azken aipamenean internet eta telebista alderatzen zituen Ecok, kazetaritza ez ezik honek darabiltzan tresna eta teknologiei buruz ere egin baitzuen hausnarketa. Amatiñok, esaterako, herri kultura eta kultura jasoa aztertzen dituen “Apocalittici e integrati” saiakera hartu zuen ahotan, bere blogean orain hamar urte egindako “Umberto Eco eta Amoroto” sarreran -2005eko urtarrilaren 2an-, interneten hastapenaz eta, batez ere, telebistaz berba egiteko:
Umberto Eco eta Amoroto
Berrogei urte joan dira 1964an Umberto Ecok Apocalittici e integrati saiakera argitaratu zuenetik hona. Garai hartan eztabaidan zegoen telebista genero estetiko berezia ote zen ala ez, eta Eco irakaslea gaztea (Piamonte, 1932) apokaliptikoen (telebista, antikultura) eta integratuen (telebista, kultura-zabalkundea) arteko zubigintzan saiatu zen. Orain 40 urte nagusi ziren telebista estetika propiorik gabeko teknologia hutsa zela uste zutenak. Orduko azterlarien ustez, telebista elektronika-eskoletan ikasi beharrekoa zen. Hain zuzen ere, aldez aurretik zeuden generoak (albisteak, filmeak, antzerkiak, kontzertuak, dokumentalak…) etxez etxe zabaltzeko teknologia baino ez. Hau da, telebistak ez zuen generorik, denetarik (poesia, nobela, saiakera, ipuinak…) kaleratzen duen argitaletxeak generorik ez duen bezala.
Umberto Ecok, berriz, erdibidetik jo zuen. Haren ustez, telebista ez zen ezelango generoren jabe baina, hala ere, teknologia hutsa baino zerbait gehiago zen. Semiotika maisuaren iritziz, telebista ez zen generoa, ezta teknologia ere, zerbitzu soziologikoa baizik. Alegia, han-hemenka zeuden espektakulu-mota guztiak gizarteratzen zituen zerbitzua.
Auskalo Umberto Eco teorilariak arrazoirik ote zuen orduan, baina orain ez behintzat, ez dira-eta alferrik berrogei urte pasatu. Geroztik, telebistak aldez aurretik zeuden generoak bereganatu ditu. Gaur egungo albistegiak ez dira orain berrogei urtekoak, telefilmeak espreski egiten dira telebistarako eta antzerkia desagertu da realityen mesedetan. Are gehiago, gaur egun audientziarik gehien duten programak telebistaren beraren fruitu dira, telebistan baino ezin ikusi direnak.
Jakina da teknologia bakoitzak (liburuak, argazkiak, zineak… ) bere genero aproposa sortzen amaitu izan duela beti. Telebistak ia 70 urte behar izan ditu bere moldeak asmatzeko. Orain Interneten garaia omen. Teknologia hutsa? Zerbitzua? Fenomeno soziologikoa?
Genero estetikorik ez behintzat… oraingoz.
.
Hamar urte joan dira Amatiñok goiko testua idatzi zuenetik (eta mende erdi Ecoren aipatu saiakeratik). Denbora horretan, irakurle, zein bilakaera sumatu duzu telebistan eta interneten?