Indibidualizazioa

Indibidualizazioa

IndibidualizazioaGaraiko gizartearen ezaugarri esanguratsuenetakoa bilakatzen ari da Indibidualizazioa. Ez zaio soilik indibidualismoari atxikitzen ahal, ez du ezta ere egoismoarekin edo berekoikeriarekin harremantzeko larritasunik; badu beste jite bat. Norbanakoaren erabakitze ahalmena areagotzeko joera dela esanik ia gehiena azalduta dago.

Indibidualizazioa gaur egungo gizartean kokatzeko ahaleginean, batez ere, mendebaldeko zibilizazioa osatzen dugun jendartea datorkit burura. Bai, zuk eta nik partekatzen dugun lehen munduko bizimodu aurreratu hau, nahiak eta desirak kontsumismoaren baitan asebetetzea helburu duena, nireak barne.

Hartara, bada, ez dago expertoa izan beharrik jabetzeko taldearen edo komunitatearen kaltetan norbanakoaren garrantzia areagotzen ari dela. Komunitateak ez du, jada, traszendentziarik gutako bakoitzaren eguneroko zereginetan. Komunitateak-eta, taldeak-eta kaletarraren bizitzetan ezinbesteko euskarri izateari utzi diote oharkabean. Taldearekiko pertenentzia izaera aldatzen ari ote den, hortxe dago koska!

Indibidualizazioa

Izan ere, susmoa dut, esaterako, gaur egungo politika ez dugula teoriatik egiten, praktika bitartez baino. Eguneroko jardunak definitzen du politika, eta ez teorietatik eratorritako doktrinek. Egunerokotasuneko jokaerek erakusten dute zein jokamolde diren eskuinekoak eta zein ezkerrekoak, askotan biak elkar nahasiz eta maiz biak elkar ezin bereiziz. Jendarte likidoaren ajeak dira politikarekiko mesfidantza eta dena laino ikustea.

Era berean, Do it yourself eta halako lelo ez leloek, besteak beste, pertsonaren ekintzailetza aregotzea dute xede: arazoei aurre egiteko kemena igorri, erronka berriei ekiteko kapazak garela iradoki, norbanakoaren gaitasunak lehenetsi. Berez ez dira gomendio txarrak, balekoak begitantzen zaizkit. Txanponak bi alde dituen neurrian, ordea, beti ez da komeni izaten soilik alde onarekin gelditzea. Aipatutako leloaren magalean ezkutuko jokaera gaitzesgarriak aurkitzerik badago: lortutakoaren meritua norberarena baino ez dela sinistea, mugagabeko anbizioz jardutea, ingurukoekiko enpatia hutsaren hurrena izatea eta abar.

Finean, beraz, garaiko indibidualizazio prozesuak norbanakoaren bertuteak laudatzeko bide ematen duen arren, arazo kolektiboei eta bestelako injustiziei bizkarra erakusteko joera erraztea dakar, beren-beregi. Egoera zailen bat nor bere azalean jasandakoan hasten gara halabeharrez bazterrak nahasten, ordura arte nagiak soinetik kentzen sobera lan izaten dugu, zoritxarrez. Gainera, indibidualizazioak nor bere erabaki ahalmenaren burbuila puztean, aukerez betetako mundu ezin oparoagoan murgiltzean, desiratutakoa gauzatzen ez dela ohartzerako frustazio sentimendu mingotsak erasaten digu. Egoera horietan atsekabea eta etsipena gailentzen dira. Hala, iruditzen zait indibidualizazioaren zibilizazioa geroz eta agerikoagoa izango dela ondorengo garaietan.

Indibidualizazioa a