Lurraldearen marka sendotzeaz
Azken egunotan topaketa pare batean parte hartzeko aukera izan dut. Bietan ariketa prospektibo bat egin da, [Arabako] lurraldearen etorkizuneko erronken inguruan hitz egiteko. Bata euskaraz izan da eta “euskara” gai zentrala izanik, hiri/ lurralde baten alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea bilatzen zuen. Bestea… bestea, gazteleraz izan da nagusiki, work coffeearen metodologiaren arabera antolatuta. Lan saio horretan, partaideok bi mahaitan egon ginen, horietako bakoitza dinamizatzaile batek gidatuta eta beste bost kiderekin batera. Metodologiak proposatutako ariketari heldu aurretik, lan egiteko erabili beharreko hizkuntzaz jardun genuen (oker egon ninteke, baina nik dakidala, kezka hau ez zen gainerako partaideen artean planteatu). Lehenengo taldean euskaraz hitz egiteko aukera izan genuen, gure mahaikideen ulermen mailak horretarako aukera ematen baitzuen. Bigarrenean, ordea, gazteleraz egin behar izan genuen, gehienek ez baitzuten euskaraz aritzeko eta ulertzeko gaitasunik.
Lurralde baten etorkizuneko erronken inguruan aritu ginen eta partaidetza askotarikoa izan zen: administrazioak, unibertsitateak, enpresak, teknologia zentroak, sindikatuak, enpresa erakundeak, finantza entitateak, hezkuntza eragileak, komunikabideak, gizarte erakundeak… Ekonomia, gizarte eta kulturaren arloetan aurrera begirako erronka nagusiak finkatzeko xedearekin. Parte-hartzaile gehienek erdaraz irudikatu zuten etorkizuna. Zalantzarik ere ez zuten izan. Hala ere, beste batzuek, zorionez, beste ikuspegi bat gaineratu zuten, [Arabako] lurraldearen etorkizuna [eta marka] euskaraz ere izan daitekeela eta izan behar duela adierazi baitzuten.
Gure eta geure seme-alaben etorkizuna euskaraz ere irudikatzen dugu, instituzioek bideratutako ekimen askotan ikuspegi hau oraindik barneratu ez bada ere. Ez da nahikoa borondatean eta marketingean oinarritutako irudi kanpainak zabaltzearekin eta ohiko mantra diskurtsiboak behin eta berriro errepikatzearekin. Lidergoa, ekintzak eta praktika eredugarriak behar dira. Etorkizuna euskaraz ere pentsatu eta eraiki behar da, gure lurraldean [Araban] egunero euskaraz lan egiteko eta euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dutenena ere bada eta.
Lurralde baten marka sendotzeaz ari dira etengabe komunikabideetan. Lurraldearen balioak sintetizatu eta “saldu” ahal izateko eta etorkizunari ilusioz ekiteko. Aurrerabide ekonomikoa, soziala eta kulturala ahalbidetzeko lehiakortasunaz eta ikuspegi berritzaileak proposatzeaz ari dira. Ekintzailetza, talentua, lankidetza, berrikuntza… Honek eskatzen du balio eta ideia batzuk indartzea eta beste batzuk itzalpean eta atzeragoko plano batean uztea. [Arabako] lurralde markaren osagaiez eta bereizgarriez ari garelarik, zehaztu beharko da euskara izango den indartzea erabakiko den balioetako bat ala itzalpean utziko denetako bat.
Komunikabideetan ikusi ahal izan dugu orain dela gutxi FITURren izan direla instituzioak, “lurraldea saltzeko” asmoarekin: natura, ardoa, ondare historikoa, gastronomia, kirola… eskaintza oparoa. Kanpora begira zabaldu nahi den posizionamendua hobetu nahi dute, irudi erakargarria, dinamikoa eta erabilgarria eskainiz… batez ere turista kopurua handitzeko eta kanpoko inbertsioak sustatzeko eta bideratzeko estrategia komertzialarekin. Ez dut esango hori guztia egin behar ez denik… egiteko moduetan egongo dira ñabardurak. Baina, eta barrura begira? Kanpora begira “saldu” nahi duguna garrantzitsua da, zalantzarik gabe.
Baina hori bezain inportantea edo garrantzitsuagoa da bertan gaudenon ongizatea lortzea maila guztietan, eta nire ustez [markaren] lurraldearen ongizatea hizkuntzekin lotu behar da, euskararekin lotu behar da. Hiztun komunitatearen ongizatea handiagoa izango baita euskaraz bizi bada. Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, euskaraz ekitea, euskaraz sortzea, euskaraz berritzea, euskaraz saltzea eta erostea, egunerokoan euskaraz normaltasun osoz aritzea… Horra hor marka itzela.
Rober Gutiérrez, Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria