Leone eta Kurosawa, imitazioa eta kopia
Leone eta Kurosawa, imitazioa eta kopia
Imitazioa eta originalaren arteko erlazioa jorratzen du Joxean Agirrek bere Zwei frauen (emakume bi) eleberrian. Protagonistak diosku “dagoeneko ez dago orri zuririk. Geure aurretik idatzitakoaren gainean idazten dugu” eta idazle bihurtzeko bere maisuak aurkezten dizkigu. Esaldia zinemari ere aplika dakioke eta zinemagileek “aurretik filmatutakoaren gainean filmatzen dutela” esan. Baina batzuetan imitazioa imitazio izatetik kopiara izatera ailega daiteke, begi-kolpean igartzen dena. Hori gertatu zitzaion Kurosawari Sergio Leoneren Dolar batzuen truke (1964) filma ikusi orduko. Leonek zioen Yojimboren (1961) bertsio librea zela baina Kurosawak italiarra salatu zuen bere pelikula zela argudiatuz eta, gainera, berari baimenik eskatu gabe egina.
Dolar batzuen truke eta Yojimbo bi istorio paralelo dira. Biek familia edo talde bien ezin ikusiek (Rojo/ Ushitoro VS Sheibei/ Baxter, non emakumeak boterean baitaude) herri baten elkarbizitza galbidera daramatela kontatzen dute eta bat-batean kanpotar bat agertzen da (Joe– Clint Eastwood/ Sanjuro Toshiro Mifune), zeinak egoera iraultzen baitu. Pelikula bietan kanpotarra tipo nahiko iluna da, bakartia eta hitz motzekoa. Herritarrek mesfidati begiratzen diote, bakarrik dakite armekin trebea dela eta familiek edo taldeek fitxatu nahi dute. Horretaz baliatuko da kanpotarra eta dirua egingo du haien bizkar. Pertsonaia arrunta dirudi baina detaile batzuk nabarmenak dira Joe Sanjuroren kopia bat dela igartzeko, tabernariarekin duen harremana batez ere, zeinak bi pelikuletan jatekoak eramango baitizkio kanpotarra hil zorian dagoen bitartean eta lagunduko baitio ihes egiten ataute batean eramanez. Ihes egiteko erak ere argitzen dizkigu Leoneren asmoak, A fistfull of Yojimbo bideoan ikusten dugunez.
Bideoan ikusi bezala, Yojimbok eta Dolar batzuen trukek dituzten antzekotasunak planoetan ere agerikoak dira. Niri sekuentzia batek deitu zidan arreta: bahituen arteko trukaketa bat dago herrian, kalea hutsik dago eta bando biak parez pare ikusten ditugu. Rojo/ Ushitoro familiek Sheibei/ Baxterren semea dute eta emakume baten truke askatu nahi dute. Emakume hori gizajo baten emaztea da, zeinak jokoaren bidez galdu baitzuen Rojo/ Ushitoro anai ilunaren mesederako. Trukaketa egiten duten bitartean, emakumeak bere semearen oihua entzuten du eta tabernariak ostenduta dagoen aitari galdetzen dio “ez duzu ezer egingo?”. Berriketa bera izateaz gain, bi pelikuletan plano berberak erabiltzen dituzte zuzendariek: bi taldeak parez pare daudenean edota tabernariak aitari errieta egitean. Gertaera horren ondorioz, protagonistak amarru bera erabiltzen du familia (aita, semea eta ama bahitua) askatzeko eta Rojo/ Ushitoro anaia lerdoena engainatzen du amaren zaindariak hil direla esanez eta plano berberak erabiliz: herri kanpoko etxetzarra, mendiko borda eta abar…
Kasualitate gehiegi dira imitazio bat dela esateko. XIX. mendeko Japoniatik XIX. mendeko Estatu Batuetako basamortura eraman izana ez da nahikoa. Dolar batzuen trukek aurrera egin ahala, Yojimbo ikusten ari zarela dirudi eta, lehenik Dolar batzuen truke ikusi baduzu Yojimbo ikusten ari zarela irudituko zaizu. Ez dago alde handirik, pelikula bera da eta ez nau harritzen Kurosawak eta bere gidoilariek epaiketa irabazi izanak. Leonek Yojimbo pelikularen kopia bat egiten du eta agerikoa da hainbat plano eta sekuentzia goitik behera errepikatzen baititu. Leonek aurretik idatzitako Yojimbo (ber)idazten du, Westernera moldatu* eta Dolar Batzuen Truke deitu. Eta horri ezin zaio imitazioa deitu, horri kopia esaten diogu.
* Akira Kurosawa westernzale amorratua zen. John Forden pelikulak izugarri maite zituen eta bere pelikuletan eragina nabaria dute (niri adibidez Yojimbo pelikulako herriaren hainbat planok Shinbone ekarri didate burura). Beraz, esan dezakegu Leonek samuraiz beteriko western bat moldatu zuela.
Samurairen argazkia hemetik atera dut eta Tim Notarik egina da eta Clint Eastwoodena Wikipediatik atera dut.
Leone eta Kurosawa, imitazioa eta kopia