Rajoyk eta Otegik elkarrizketa bat izan dute
Rajoyk eta Otegik elkarrizketa bat izan dute
Gaur eguerdian izan dute “elkarrizketa” eta laburra izan da, Twitter bidezkoa.
Mariano Rajoy, Partido Popularreko buruak, Venezuelan Giza Eskubideak errespeta ditzatela eskatu du txio batean. Preso politikoek etxean beharko luketela egon ere jaurti duenez, agudo erantzun dio Elgoibartarrak -edo honen Twitter kontuaren kudeatzaileak-, ironiaz.
Espetxeratuta urteak daramatzan arren, sasoian dago Arnaldo, eta ez bide du umorerik galdu. Zer uste zenuten ba, Espainiako presidentea -oraindik horrela bada- Otegiri Logroñoko kartzelara bisitan joan zaiola ala?
. @marianorajoy Gorantziak Logroño espetxetik. Un saludo desde la prisión de Logroño #PresoakEtxera #FreeOtegi #FreeThemAll
— Arnaldo Otegi (@ArnaldoOtegi) January 18, 2016
Free Otegi kantuz
Aurreko sarrera batean, “Arnaldo Otegi kantuz askatzeko” deiturikoan, preso guztiak askatzeko aldarria kantu bidez eman nahi zuen ekimenaren berri eman zuen ZUZEUk. Bihar emango da ezagutzera dagoeneko prest dagoen kantua eta bideoklipa.
Bitartean, #Free Otegi #FreethemAll Kantuz ekimenak askatasun aldarri diren abestiekin zerrenda bat atondu eta youtubeko kanal batean jarri du entzungai. Bertan dira, besteak beste, Lluis Llach-en “L´Estaca”, Hertzainak-en “No Time For Love” eta Leonard Cohen-en “The Partisan”, baita egitasmoan parte hartu duten Joserra Senperena edo Mursego musikariek hautatutako kantu bana ere, Peter Gabriel-en “Biko” eta Miss Bolivia-ren “Bien Warrior”.