Arraroaren berezitasuna

Arraroaren berezitasuna. Asteburuan Bulling-ari buruzko dokumental bat ikustea suertatu zitzaidan. Barrenak nahastu xamar nituela, dokumentalaren erdialdean, ohartu nintzen protagonistek 20 urte gehiago izango balituzte ere, egoera, sinesgarria litzatekeela.

Arraroaren berezitasunaTxikitan, homogeneoaren parte izaten ahalegintze gara, multzoari jarraitzen. Beldurra izaten zaio bazterrari, taldetik at geratzeari edo ezaugarri berezituak azaltzeari. Gogoan dut, konplize papera; handien, indartsuen eta normalen taldearen parte izateagatik ordaindu beharreko kontzientzia-zigorra. Norbaitentzat jolas-ordua trantze bilakatzean, autobus-bidaia egiteko bikoterik gabe geratzean, talde-aukeraketan azkena izatean… gogorarazten dizute, beste behin, arraroa zarela, berezia.

Ume eta gazte garaira begira jarri eta hasi naiz autokritika egiten, neuk ere gehienetan korronteari jarraitu diot; neure arrarotasunak zanpatzen, gainerakoen oniritzia bilatzen, normaltasun estandarizatua imitatzen. Galtzetatik irteten ziren haragiengatik, garaia baino lehen hortzetara itsatsitako aparatuengatik, bere generoarekin bat ez zetozen portaera izateagatik edo janzkerak eramateagatik, betaurreko biribilengatik… edozein izan daiteke burlarako arrazoia (aitzakia). Konplize baino gehiago ere izango nintzen akaso, norbait txikiarazten neu handitzeko asmotan. Baztertua ere bai, inoiz, malkoetan aurkitu nahirik nire arrarotasun madarikatuaren zergatia. Baina ume garaian erreza da botere gune batetik bestera pasatzea; goitik behera eta behetik gora. Arazoa da, boterera iristean ahaztu egiten zaigula zer zen azpian egotea, eta erdian gaudenean, errazagoa da botereari men egitea kontraboteretik iraultzea baino.

Atzera begirako autokritika zintzo batean nenbilela konturatu naiz, oraindik ere, antzera gertatzen zaidala. Txikitan egin nituen/genituen/ zizkidaten barrabaskerien atzean ezkutatzen diren krudelkeria txiki-handiak oraindik ere egiten ditudala/dizkidatela. Izan ere, ez ditugu beti, lagunik gabeak gurekin batzera gonbidatzen; autobuseko ahulki huts batzuk beste batzuen aurretik hobesten ditugu; eta taldeak egiterakoan beti geratzen da norbait azkenerako. Biktimak, soilik, seinalatu eta ikusarazten dituen gizarte batean, lehia eta boterea lortzera bideratzen gaituzten estrukturen menpean ez da erreza zaintza gailendu, geure gorputzak eta besteenak onartu eta aitortu, eta arrarotasunak naturalizatzea.

Eskolak ez dira boteredunek ogitartekoak lapurtu eta betaurreko berrien kristalak hausten dizkizuten leku bakarrak. Edo esaldi bera XXI. mendera ekarrita, umeak ez dira sare sozialen erabilpen krudel bat egin eta norbait lotsarazteko edo norbaiten intimitateak haizeratzeko erabiltzen dituzten bakarrak. Umeak kriminalizatu aurretik geure jokabideei begiratzea ez dago sobera. Matoien konplize den gizarte batek eskoletatik kanpora ere lan egin beharko du bortizki eta sotilki arraro izatea leporatuta kondenatutakoei amnistia emateko.

Arraroaren berezitasuna

4 pentsamendu “Arraroaren berezitasuna”-ri buruz

  • Aupa Malen!
    Gai hau asko interesatzen zait, barrua asko aztoratzen dit eta hau aldatzeko nire esku zer dagoen ez jakiteak ezinegona sortzen dit gaia atera bakoitzean. Dokumental hori zein den esatea posible duzu? Gaiaren inguruan jantzi nahiko nuke ta…
    Eskerrikasko!

    • Noski, nik ingelesez ikusi nuen baina uste dut gaztelaniaz ere badagoela. “The bullig project” du izena. Mila esker zuri!!

  • Enara Azkarate Ausejo 2016-02-15 20:49

    GOra Meister zure kapilako irakasle kuttuna eta amorratua!

  • Enara Azkarate Ausejo 2016-02-15 20:50

    Zu beti zara nire amodio arraroena eta bitxiena!