Politika ezin da printzipioekin egin

Politika ezin da printzipioekin egin

.
Kataluniako prozesuari adi, Junts pel Sí eta CUP-en azken erabaki eta jokamoldeei buruz Beñat Sarasolak Separata blogean egin berri duen azterketa jaso du gure salabardoak.
 .

Doan bostekoa

Badago eztabaida politikoetan sarri aipatu ohi den esaldi bat, oraintxe norena den oroitzen ez dudana, zeinak dioen politika ezin dela printzipioekin egin; hau da, politikaren artea zerbait bada, aurretik ezarritako marra gorri ororen zalantzan jartzea dela. Bon, esan beharrik ez aski esaldi deabruzkoa dela –Koldo Izagirreren letra duen Joseba Tapiaren abesti hau ekartzen dit gogora beti–, baina zenbait gertakari azaltzeko balio izaten du maiz. Nago hori dela egungo Kataluniako Prozesua delakoaren kasua, CUPen ezetza azkeneko kapituluan. Printzipioak eta Arrazoia ondo daude, baina zenbait momentutan parentesi artean ipini behar ez ote diren…

Politika ezin da printzipioekin eginHala, oso ondo ulertzen dut Mas, maszale eta JxSko askoren arrazoibidea: bozkatuenak gu gara, guri dagokigu hautagaia proposatzea eta gure hautagaia Mas da. Politikan bozkatuenak ezartzen du burua. Edo, are, Mas da Prozesu honen liderra –azkenaurreko bagoian igo zen egiazki, baina tira– eta hari dagokio gobernuaren burutza. Hori guztia ondo ulertzen dut, eta ziur aski, testuinguru “normal” batean hala izango litzateke, baina, batzuetan Printzipioekin ezinezkoa da politika egitea.

Izan ere, aurreko irailaren 27ko hauteskundeek utzi zuten irakasgaietako bat izan zen bloke independentistak zabaltzea ezinbestekoa duela Prozesua burutu ahal izateko. Bozken %48 lortu zuten JxS eta CUP-ek, eta horrekin ez da aski Prozesua azken bururaino eramateko, erreferendum batean berrestu beharko baita 18 hilabeteren buruan. Ezagun da balizko erreferendum horretan baiezkoak irabaz dezan iraileko hauteskundeeetan Catalunya si que es Pot-i bozka eman ziotenen zakuari heldu behar diotela independentistek. Eta, ezagun denez berriro, hori ezinezkoa litzateke Masek patrimonializatutako Prozesu bat gauzatuta. CUPek hasieratik ikusi zuen ondo hori, eta horregatik, kontuan hartu behar da CUP-en ezetza ez dela soilik CUPena berarena, ezpada beste sektore potentzialki independentista (egun) ezinbestekoarena. Gehiago gustatu ala ez, Masek gogo-gorpuztutako Prozesu bat baztertu egingo luke Kataluniako gehiengoak (urrutira joan gabe, En Comú Podem bloke osoak, hauteskunde orokorretan lehen indar izan denak, ez ahantz). CUP da independentistak sortzeko egungo katebegia, eta jokaldi taktikoak Mas inbestitzea bultza zezakeen arren, estrategikoki akats larria zatekeen, akaso atzera bueltarik gabea.

Ulertzekoa izan liteke orain sektore convergenteak, CUPen ezetza kari gogotxarturik, Prozesua pikutara bidaltzeko tentazioa edukitzea. Baina printzipioekin ezin bada politika egin, are gutxiago kasketekin. Begiak nahi adina estal ditzakegu, baina egun garbi dago Masek urrats bat eman behar duela atzera (ez zertan ostrazismora) Prozesuak aurrera egingo badu; ez zehazki CUPen posizio irmoagatik, baizik eta independentziaren hegemoniaren mesedetan. Parametro convergente-abertzale klasikoetan ezingo baita hegemonia ezinbesteko hori erdietsi.

(…)

Irakurri sarrera osoa HEMEN.

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Politika ezin da printzipioekin egin”-ri buruz

  • Iraultzak lorpenakin bukatzen dira edo denboran irauten badituzte jarrita dagoen botereak berriro berreskuratuko ditu. http://www.hamabost.net/videohiru.html

  • Ganbaratxotik 2016-01-05 13:30

    Ez ahal luke puntu asko irabaziko Mas-ek epe ertainera orain pausoa atzera egingo balu?

    Orain 10 urte imaginago genukeen autodeterminazioaz horrelako naturaltusanez mintzatzea?

    Okerrago ala hobeto gaude, espainiako alderdi batek, podemos-ek, horrelako argi hitzegiten duenean erabakitzeko eskubideaz?

    Krisialdi ekonomikoa, Espainiaren akats estrategikoak eta Kataluniako mugimendu sozialen indarra kontutan hartu gabe ezin uler daiteke egungo eskenategia. Nere ustez aurrerakada galanta egin da. Egin dute. EGIN DIGUTE!!! (zalantzak ditut ea hemendik lagundu edo traba egin ote dugun).

    Kataluniako lezioa: 5 lortzeko (Autodeterminazioa) 10 esakatu (Estatua), inteligentziaz, eta inozotasuna aparte utziz.