Jaiak bai, utopiak ere bai
Jaiak bai, utopiak ere bai
Herriko jaien ajea pasa eta berehala elkartu ohi dira, berriro, jai batzordeak, kofradiak, konpartsak edo dena delakoak. Aurreko kafean eta ondorengo zerbezan jaien balorazioa estraofiziala egiten dute. Halakok halako egunean harrapatutako makatza, beste hark hirugarren harekin izandako halako afera… tartean ordea, seriotasunez, hau da, akta eta guzti, urteroko nahigabe eta pozak azpimarratuko dituzte.
Egongo dira pare bat kexaka, juergan baino ordu gehiago pasa omen zituzten txosnako barra atzean; sakrifikatua baita zenbaitetan militantzia. Besteren batek goraipatuko ditu taularatutako talde gazteen lanak, “baina hurrengo urtean ez naiz egunero ni enkargatuko afaria emateaz” gaineratuko dio balorazio positiboari. Eta mahaiaren jirabueltan hasiko dira hurrengo urterako utopiekin. Utopiak diot gehiago izaten baitute han kontatuek utopiatik errealitatetik baino.
Arituko dira baloreak finkatzen, antolakuntza moduak aldatzen, genero perspektiba txertatzen, jai alternatiboen epika mahai gaineratzen. Eta berriro ere eztabaidak: jaiak instituzioekin edo handik kanpo? Hau da, udaletxea gaztetxe bihurtu edo gaztetxeak udaletxe? Talde famatu eta garestiak ekarri eta egun bakar bat bultzatu, edo dirua erlatibizatu eta zati berdinetan banatu talde hasi berrien artean? Gazteei begirako egitarauan diru, gogo eta denbora guztia inbertitu edo egitarau anitza eta adin guztietarako balekoa prestatu? Nola finantzatu urtean astebetez dena zilegi bihurtzen duten herriko festak? Boletoak? Bertso saioak? Otarrak?
Eta hasten dira amesten: jai parekideak, autogestionatuak, bertako produktuak bultzatuko dituztenak, ekologistak eta abar luze batekoak nahi dira. Horretarako, taularatutako emakume kopurua aintzat hartu, herri bazkariak bertako nekazal produktuekin egin, zakarra txukun-txukun bereizi… ederra! Hurrengo urteko jaiak, ziur guztiz eraldatzaileak aterako zaizkigula! Eta herriko lau gazte ustekoak hor hasiko dira burua lurrean eta hankak lainoetan teoria ezin iraultzaileagoekin jai ereduak birmoldatzen, astero batzartuko direla lau haizetara zabaltzen, urtean zehar ere ekintzak egin behar direla ozen oihukatzen. Jaiak bai, utopiak ere bai.
Sarri etsigarria suerta liteke, jai ondorengo gorakada eta beherakadak sortutako euforiatik hurrengo urteko jaiak iraultzeko gogo guztiak ezerezean gelditzen direla ikustea. Hainbeste gogoeta, ika-mika eta amets gorpuztu gabe gelditu direla ohartzea. Baina zer esango dizuet, nik uste utopiaz betetako batzar amaigabe horiek pauso handi bat direla. Jaietako atmosfera, klima eta giroak gizartearen onena eta txarrena uzten baititu agerian. Eta maiz, ohartu gabe herriko jaiak antolatzean, gizarte antolakuntzari buruzko hainbat gogoeta interesgarri entzun ohi ditut. Agian geure etxeetan emakumeak taularatzen, bertoko produktuak kontsumitzen, zaborra txukun bereizten, lanak modu ordenatuan banatzen eta abar luze bat hasten garenean, jaiak bezala geu ere eraldatuko gara; bihurtuko gara alternatibo, izango gara autogestionatu.