Euskalduntzea, indarrez behartua

Euskalduntzea, indarrez behartua

Atzo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen zela-eta, Arabako Ciudadanos alderdi berriak argi utzi zuen gure hizkuntzak herrialdean izan duen hazkundeari buruzko iritzia: “Euskarak inposizioz egin du gora Araban”.

Euskalduntzea, indarrez behartuaEgin dezagun atzera. Iragan uda partean, uztail erdialdera “Albert Rivera euskaltzalea?” itauntzen zuen sarrera bat argitaratu zuen ZUZEUk, Peru Zaratek sinatua.

Bertan esaten zenez, Ciudadanos alderdiko buru Rivera bi neurri harrigarri hartzekoa zen Espainiako boterea eskuratuz gero, “euskara, galiziera eta katalana espainiar hizkuntzak direlako”:

  • Estatu osoko eskola publikoetan euskara-galiziera-katalana ikasteko aukera izan behar da.
  • Moncloa jauregira heltzen bada hizkuntza koofizial denak ikasten hasiko da, “Felipe erregea bezala. Prest nago horretarako”, esan du.

 

Arabako Ciudadanos

Usteak erdi ustel, Euskararen Nazioarteko Egunaren karira Arabako Ciudadanos alderdiak plazaratu duen lau orriko agiriaren arabera -Iker Armentia kazetariari esker eskuratu duguna-. Eguna ospatzeko eta euskaldun berriari gorazarre egiteko Arabako Batzar Nagusiek plazaratu zuten adierazpen instituzionala sinatzeari uko egin zioten, Araban euskarak izan duen susperraldia ez dela “eredugarria” izan iritzita, adierazpenak zioen bezala.

“Arabaren euskalduntzea inposizioz eta doktrinamendu politikoz gauzatu da, hizkuntzak lurraldean duen pisu edo garrantzia sozialetik haratago”.

Alderdi laranjaren aburuz, seme-alabek eskolan derrigorrez euskara ikasi beharrak kalteak ekarri dizkie hezkuntzaren kalitateari dagokionez. Eta helduak ere indarrez egin behar izan dute euskalduntzeko ahalegina, lanpostu publikoak lortu ahal izatera. “Milaka drama pertsonal eta familiar” eragin ei ditu euskalduntzeak Araban; askok Euskal Herritik alde ere egin omen du Hizkuntza-Eskakizunak lortu ezinak eraginda.

“Ciudadanos-ek askatasunez egindako hizkuntza hautaketa baten alde egiten du; ez dadila izan euskara lanpostu bat lortzerakoan inor bazter uzteko tresna”.

AGIRIA

 

2 pentsamendu “Euskalduntzea, indarrez behartua”-ri buruz

  • Ba ez zaio arrazoirik falta, argi dago EHn ta Araban askoz gehio, Euskara gabe ezin zarela bizi, argi dago edozein lan edo tramite egiteko Euskara behar dela jakin derrigorrez, baita Espainiar Naziotasuna lortzeko ere.

    Eskerrak Ciudadanos bezalako taldeak daudela egia errateko, bestela ez dakit zer egingo genukeen, kar kar.

    Oxala Riverak dioena egia balitz, ta osasuntxu dagoen edozein hizkuntzaren antzera, hemen inposatu ahalko bagenu Euskara, tamalez Riverak dioena bakarrik gaztelerarekin gertatzen da.
    Ta tamalez, hainbeste atzeratu burmuingabea egonda, Ciudadanosek dioena milaka ta milaka pertsonen iritzia izango da ere.

  • Hara! C’s-en daude orain Unión Alavesakoak.