Pribatutasunaren arrastoa: erraza (aske zara)
Harrituta uzten nau entzuten dudan bakoitzean. Onda Vasca irrati-katearen programa bateko esatari gogotsuak teknologiaren dohainak eta mirariak nola goraipatzen dituen. “Hara, bai, ez utzi zure smartphonean aplikazioak jaisteari eta gehiago ikasteari”, eta tartean aitona-amonak ere aipatzen ditu, ondo letorkiekeela horiez guztiez gehiago ikastea, horrela eguneratuta daudela, eta google mapsen mirariak ere kantatuz. Pagotxa, aizu! Erraz, gratix, jaitsi eta kitto. Trukean? Ezer ez! Hor dago hitz magikoa, gratix, dohainik, free (olentzero etorri zaigu).
Horren kaskarina ere ez da esatari hau, et et et, eta noiz edo noiz, hitz-arrapalada geratu, eta bai, aholkatu ere egiten du, jakitunaren ahots potolo eta mantsoa jarri, eta baldintzak irakurri behar direla aizu, zure esku. Hala ere, berriro heldu dio hitz-etorriari/-arrapaladari, eta teknologiaren mirariak kantatzen hasi da berriz ere. Teknologiak independenteago egingo gaituela. Esan du ere teknologiaren korporazioak egotea ona dela. Kezkarik ez, marabilli: teknologiaren komertzial bikaina dugu esataria.
Niri haizeak beste alde batetik jotzen, ordea. Aplikazio bat jaisteari baiezkoa klikatu eta auskalo zenbat gauzari ez diozun baimena eman: ordenagailuan gailetatxoak (cookie goxoak) sartu, eta hor izango dituzu comecocos baten antzera zure bilaketen arrastoari segika, zer ordenagailu eta software daukazun, eta egun batzuen buruan, zure profil osoa, hor nonbait, norbaiten eskueran. Baina zoriontsuak gu, kezka horri erantzuteko, Googlek, Microsoftek (IEk) eta Yahook beren pribatutasun-ezarpenak edo -konfigurazioa eskaini dizkigute jator-jator, programa gaiztotxoei (spyware eta malwareari oro har) izkina egiteko. Anaia handiak gure segurtasunaren ardura hartu omen du, beraz, egizue lo lasai.
Azken aldian, pribatutasunari buruzko mezu bat agertzen da Google korporazioaren arakatzailea irekitzean. Oraingoan, Googlek ikus dezakeenari eta ez dezakeenari buruz. Antza denez, errezeloa dute batzuek, oraindik, gure anaia handiari buruz ere. Europak estutu egin ditu zeozer pribatutasunari buruzko baldintzak eta, hala behartuta, Googlek pribatutasunari buruzko mezu bat jarri du bere arakatzailean… Ireki dut, eta bi tekla pantaila nagusiaren amaieran: Onartzen dut eta Beste aukera batzuk. Bigarren aukerara joan naiz: pribatutasun-aukeretara sartu: on/off motako aukerak. Dena on dago lehenetsita, off jartzeko botoia arrastatu behar.
Tira, nire burua ez daukat baldartzat, baina bururatu zait botoi hauek mugitzea eta gurdi batetik tiratzea ez direla ariketa hain desberdinak! Pantailetan atzera-aurrera gogaikarri batean ibili ondoren, konfigurazioko atal guztietan off jarri ondoren (Googlek irmo ohartarazi nau ere hemendik aurrera nire intereseko iragarkiak ez zaizkidala agertuko eta aukera politak galduko ditudala), mezuaren pantaila nagusira itzuli, tekla egokia sakatzea lortuz gero, eta lehengo bi teklak berriz ere: Onartzen dut eta Beste aukera batzuk. Hara, sorgin-gurpila sortu da! Zer esan nahi du batak eta zer besteak? Bietara saiatu naiz, eta gero, bilatzailean bilaketa bat egitean, berriz agertu zait pribatutasunari buruzko mezua: informazio garrantzitsua dagoela (…). Bada, berriz sartu naiz, eta zer aurkitu? Ia 30 minututik gora irakurtzen eta atzera-aurrera eman ondoren, konfigurazio-aukera guztiek on jarraitzen dutela! Baldarra ni…
Badugu ere Firefox arakatzailea, software librea. Ez naiz luzatuko, baina Mozilla Foundation da haren jabea, Mountainviewko helbideduna, Googleren instalazioak dauden tokitik 7 bat kilometrora, Nasaren (ez, ez NSAren…) esparrutik 5 kilometrora… Really? Auskalo… Hala ere, sartu naiz Firefoxeko hasiera-orrian, hara, Our 10 principles agertzen, eta gero, pribatutasunaren aldeko aldarri bat, eta Glenn Greenwalden aurkezpen-bideo bat! Estatu Batuetako estatu-aparatuen informazio-kontrolaren lotsaizunak nabarmen utziz. Wow, zer da hau? Interesting, bada, bai.
Berehala, lightbeam aplikazioa eskaintzen da, ustez erabat pribatua, aldarrikatutako printzipioaren arabera. Interesgarria, ze arraio, instalatu dut: aplikazioak, grafiko dotore batez, web-orri bakoitza bisitatzean arrastoa zeinek jarraitzen dizun erakusten du. Politikari buruzko nazioarteko webgune kritiko garrantzitsu batean, lehen orrian, 5 “begi” ari zaizkit atzetik segika, webgune horren beste esteka bat klikatu, eta… 27 nire arrastoaren peskizan, hau marka! Naizen orrian bost bat, eta Wikipedian, artikulu madarikatu batera joan (“Henry Kissinger” artikulua, esate baterako), bi bakarrik? Wikimedia ari zait segika, eta bilatzaile-konpainiaren bat ere bai. Google-analytics hor ibiliko zaizu jira-biraka Googleren bidez bilaketak eginez gero.
Badira asteak Whatsapp-en eguneraketa eskaintzei muzin egin diedala behin eta berriz (bai, nik ere Whatsapp jarri nuen duela hilabete batzuk), eta aplikazio hori ezin erabili geratu nintzen atzo. Berritu nahi badut, berriz mugikorreko Google Play Storera behar dudala, baina hara naizela, Whatsapp nahi dudalarik, betebehar bat jarri dit: mugikorrera Google email kontuaz sartu behar naizela nahitaez, (a)men, era horretan hasi nazi sartzen errusiar panpinen jokoan. Email eta pasahitza sartu, eta handik gutxira agertu zaizkit Onartu / Ezeztatu aukerak, baina lehenago pribatutasun-politika eta beste hainbat esteka agertzen, erabateko askatasunez (hala dio) nire pribatutasun-konfigurazioa erabaki dezadan.
Lehenago eramangarrian izandako letaniarekin berriz hastea tokatu, testu eta leiho berdinak, baina oraingoan smartphone txikian, traketsago. On / off aukerak sakatu behar dira behatzaz, leihoz leiho, baina oraingoan, behatzari behin eta berriz eraginez on bakar bat lortu dut off bihurtzea; beste aukera libreetan, alferrik, oraingoan ezin izan ditut botoiak mugitu, daudenean geratu. Pantailetako bat (ezdakizer pertsonalizatzeko) beti geratzen da trabatuta, zuri: ezin ezer sartu. Ordenagailuan baino zertxobait denbora gutxiago eman dut behatz-puntaz telefono-pantaila musukatzen. Azkenean, ia dena on geratu da, eta leiho nagusira itzulita, etsipenak jota, (baldintzak) Onartu botoia sakatu dut. Etsi, barkatu…, Onartu sakatuta, orain bai, Whatsapp ireki zait. Marabilli.