Errefuxiatua izatea ez da gauza erraza
Errefuxiatua izatea ez da gauza erraza… edo hala dio behintzat abestiak. Garaiotan, zeinetan telebista piztu eta Ukrainako irudiek edo Siriako sarraskiak gosaritako kafea kontrako zulora bideratzen dizun, gurean ere badugu herritik kanporatua izateko arriskuan dagoen saharar gazte bat.
Marokoko gobernu diktatorialak hala eskatuta heriotza zigorrera kondenatu du auzitegi militar batek Hassan Aalia, Gdeim Izikeko kanpalekuko protestan parte hartzea egotzita. Hernanin zela jaso zuen gazteak berria, eta Espainiak estradizioa agindu. Faboreen katea ez hauste aldera, geopolitikak eta elkarri ipurdia garbitzeak dakarren konpromiso mailarekin fidelki bidali nahi zuen Espainiak ekintzaile sahararra heriotzera.
Alta, zorionez, Aaliak aurkeztutako babes helegitea aintzat hartu zuten, eta beraz, momentuz behintzat Euskal Herrian jarraitzen du. Orain baina, berriro, Guardazobilak (zail baita amonaren garaikoak eta oraingoak bereiztea) harrapatu zuten Burgosen, bi orduz atxiki eta gero utzi zuten aske, ados, baina bi orduz, berriro, jazarria izan zen Aalia. Orain egun gutxi batzuk baino ez ditu zirrikitu eta arrakala judizialak topatu eta gurean jarraitzeko.
Espainia bezalako herrialde demokratiko batek (guztiz modu ironikoan irakurri) 27 urteko ekintzailea heriotza zigorrera kondenatu duen sorterrira bidaltzeko prest azaltzea, bada bere horretan, gutxienez, asaldagarria.
Bakea, bizikidetza, demokrazia eta antzeko hitz ponposoak korbataren presioak eragotzi gabe ozen botatzen dituzten gizon zuri aberats horiek jakin beharko lukete Aaliak eta bere moduan borrokan diharduten sahararrak eurak baino ongietorriagoak direla Euskal Herrian; Maroko bezalako herrialde bat lagun-min izateak agerian uzten baitu Espainiaren eskrupulurik eza.
Bitartean jarrai dezagun elkartasun sareak ehuntzen, borrokak batzen. Jarrai dezagun amesten eta amesgaiztoak subkontzientez aldatzen. Herriak sortzen eta birsortzen. Besarkada bat Hassanna.