Ametsen eraiste neurtu(gabea)
Mundu bat baino gehiago egon daitezke hiri batean; igandeko Donostiari begiratzea besterik ez dago. Amarako autobus geltokian lehen edo azken opor eguna zuten turistak zebiltzan noraezean, iganderoko mezetatik bueltan zetorren andreak eguneko azken bermuta hartzen zuen bitartean. Alde Zaharrean estropaden erritmora edaten zituzten zuritoak, tabernatik tabernara ziabogak tarteko. Hango banderak, hango kantuak. Igande arratsaldez juerga egiteko aitzakia ezin hobearekin milaka lagun bost tabernetan bueltaka, jiraka, balantzaka.
Azken mundua aldiz Kortxoenean zegoen, jakin baitakigu eraiste arriskuan dagoela. Aldarrikapenez betetako musika doinuan hurbildu ziren donostiarrak “kultur hiriburu” izan nahi duen hori benetako “kultur” eta benetako “hiriburu” bihurtu ahal izateko.
Gorka Bereziartuak Argiako blogean idatzi bezala ulertezina baita kultur espresio jakin batzuk lehenetsi eta herritar batzuen auto-antolakuntza gaitasuna mehatxu bezala ulertzea. “Kultur” hitzaren esanahia ez baita bera, Donostia batean eta beste Donostian. Kultur adierazpen ezberdinen etxola dena eraitsi nahi dute letra larriz idatzitako KULTURAri bere gaztelua eraikitzeko.
Kultura bera geratu da beste behin publiko-pribatu binomioan harrapatuta; Kukutzarekin bizi izan genuenaren déjà vu-an preso gaude berriro. Izan ere, auzo antolatu bat bere behar kultural, politiko, ekonomiko zein filosofikoei modu autogestionatuan aurre egiteak behar luke nahiko arrazoi auzoari, zein hiriari berari, kultur merezimendu guztiak aitortzeko.
Bistan geratu da beste behin, nola Tabakalera eraikin hipermodernogarestimoloian baino ekintza gehiago antolatu dituzten asteburuan Kortxoenean. Baina bata eraiki eta bestea deseraikiko dute. Batak molestatu eta besteak “caché-a” ematen diolako hiriari. Izan ere, eta ni donostiarra izan gabe ohartu naiz jadanik –ezin zitekeen bestela–, oso argi dagoela gaur egun hiriak behar duena etxebizitzak eta plan urbanistiko erraldoiak direla (ironia tonuan irakurri). Zeinak, prekarietatearen eta krisiaren zuloan ezin dituzten handi-mandi aberats batzuk besterik erosi; eta horiek, Gipuzkoako hiriburuan hutsik dauden 11.000 etxeak nahikoa ez-eta gehiagoren artean hautatu nahi dute. Kultur adierazpen ugariren umetokia eraitsi nahi dute: kapitalik gabeko kultura ez baita KULTURA.