Oskorriren despedidia

Oskorri taldeari, jakingo duzuenez, heldu zaio agurraren tenorea, eta zazpi kontzertuko “despedidia” du iragarria.

Uriola atariak (Bilboko komunikabide digital euskaldunak) txoko berezi bat atondu du webgunean taldearen agurra dela-eta. Bertatik jaso ditugu ondoren irakurgai dituzuen Jabi Zabalaren testu ederra (bideo eta guzti!) eta Koldo Izagirreren bertso dotoreak, Natxo de Felipe kantariari:

Oskorrirenak

Nor bere garaiak osatzen du, interes, zaletasun, joera politiko eta gustu pertsonalak baldintzatzen eta bideratzen. Nire kasuan, 13 eta 16 urte bitarteko adina izan zen, nire pentsaeraren eta ondorengo ibilbidearen oinarri garrantzitsuak ezarri ziren aro kritikoa, euskaltzaletu eta euskaldundu nintzen garaia.

OskorrirekinOskorriren despedidia batera jaio nintzen, baina haurtzaroaren laino lausotik nerabezaroaren aro kritiko horretara iritsi arte ez nintzen hainbat gauzaz jabetzen hasi. Haurtzarotik gogoratzen dut Plentziako gure eskolan bazirela euskaldun batzuk, euskara etxean egiten zuten alfabetatugabeak, eta deigarria egiten zitzaigun euskara, kuriositatez galdetzen genien hau eta hura nola esaten zen. Nonbait gu baino baskoagoak zirela jakitun ginen. Escuela Nacional Comarcal hartan irakasle eta ikasleon hizkuntza espainiera zen eta, aldiz, armairutik atera berria zen euskarak bazuen aura mitikoa, exotikoa ere bai.

Giro berezia zen 80ko urteen hastapenetan: euskal gaiak, hizkuntza eta nortasuna erakargarriak eta legeztatu berriak ziren, oso garai nahasia eta bizia. Eta lehen aipatutako adin kritiko horrekin konbinatuta, nigan erreakzio kimiko modukoa gertatu zen: euskalduna izatea erabaki nuen.

Hala, prozesu horretan rol garrantzitsua izan zuen musikak, euskal musikak. Aipa nitzake Pantxoa eta Peio, Hertzainak, Zarama, Benito Lertxundi… eta, hoba ez, Oskorri. Diskoak buelta eta buelta entzuten ziren garai hartan, letrak buruz ikasi arte entzun nituen, “Alemanian euskaraz” diskoa eta beste batzuk, hasieran fonetikoki, gero apurka-apurka hitzen esanahia deszifratuz… Asko motibatu ninduen eta asko ikasi nuen musikarekin.

Gogoan dut, behin, euskara ikasten ari zen izeko batek Oskorri ikustera eraman ninduen Ayala antzokira, AEKk antolatutako kontzertu batera (uste dut “Hamabost urte eta gero hau” diskoaren aurkezpena izan zela), eta talde izugarria iruditu zitzaidan.

Talde ona izateaz landa, Oskorrik izan zuen nigan beste akuilu bat: Natxo de Felipe Anton Latxa eta beste taldekide batzuk euskaldunberriak zirela jakitean pentsatu nuen eurak bezala mintzatu eta sortu ahal izango nuela egunen batean. Bide batez, ulergaitza egin zitzaidan garai hartan norbaitek (espainieraz esan ere) Oskorrikoak españolistak zirela esan zidanean. Tira, gure tribuko liskar haiek, iraingarriak sorreran, barregarri xamarrak bihurtu ditu urteen joan-etorriak.

Euskal abesti esanguratsunenetakoak utzi dizkigu Oskorrik: “Euskal Herrian euskaraz” zirraragarria, “Korrika” aho-korapilo dinamikoa, “Furra-furra alaia, “Ostatuko neskatxaren koplak” inarroslea, “Aita-semeak” kritikoa, “Gora ta gora beti” kriptikoa, “Forjarien kanta” aldarrikatzailea, “Bizkaiko aberatsak” ironikoa…

Garai hartan Oskorrikoak Gwendal-en maila berean egon zitezkeen, euren ekarpenaren origitaltasun eta sendotasunari zegokienez. Hemen orduko (1987) bideo esanguratsu bat, Espainiako telebistan artean noizean behin euskal talderen bat agertzen zen garaikoa:

Denbora pasa ahala, baina, Oskorrirekiko interesa galdu nuen, aitortzen dut, instrumentazio eta erritmo antzekoegiak begitandu zaizkit azken 20 urteotako albumak, eta “Pub Ibiltaria” sorta instituzionalizatu eta instituzional xamar horiek ez dute izan hasierako haiek izan zuten sorkuntza maila eta, batez ere, garrantzia historikoa.

Denak du bere amaiera eta Oskorrirena iritsi da, urteen poderioz. Naturala da, zer egingo diogu bada? Bidegileak izan dira eta aspaldi lortu dute beren lekua euskal musikaren olinpoan, betirako. Eskerrik asko Oskorri, zuen musikagatik eta, niri bezala, beste hainbati ere, euskaldun izaten laguntzeagatik.

Jabi Zabalaren bitakora Sarean

 

Txomin Barulloren sekretarioaren bertso zintzoak

Oskorriren despedidiaIparragirre katean

euskal herria bakean

Natxo Felipe euskaldun bila

gitarra bat besapean

.

sei hari tinko eskura

besterik ezer ez gura

kantu berritan zabalduko du

gure bihotzen estura

.

burdina eta ikatza

Aresti bizirik datza

haren arima nekatuari

eman hioen hik hatsa

.

egia eta ogia

zuen bion melodia

herritasunez beti sutua

bularreko karobia

.

gure kontzientzia zer da

kantu sotil baten berba

ez duk erraza zintzo kitatzen

hiri zor diagun zerga

.

Txomin Barullok badaki

zer den simaur zer den jaki

erdal hirian Natxo sortu zen

euskal kantuaren azti.

.

Koldo Izagirre, 2015-09-05

.

Birako datak

Oskorrik agur birako lehen kontzertua iragan igandean jo zuen Getxo Folk jaialdian, Gara egunkariak, Pablo Cabezak sinatutako fotonotizia batean laburtu duena: “Bi orduz taldeak errepaso bat eman zio betiko errepertorioari klasikoak joz, publikoaren kalejira eta guzti; taldearen historiara loturik diren izenak ere gogoratuak izan ziren. Jai ederra, emoziozkoa”.

Getxokoaren ostean, agur birak urrian eta azaroan jarraituko du hilabete bakoitzean hiruna zuzenekorekin, berriro Bizkaiara bueltan etxean bukatzeko, Bilbon. Datak hauexek dira:

Baiona (urriak 10) / Gasteiz (urriak 17) / Donostia (urriak 25) / Iruñea (azaroak 7) / Maule (azaroak 14) / Bilbo (azaroak 22).

 

Oskorriren despedidia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.