Egizu zerbait
Lagunekin bapo afaltzetik zatoz. Autoa hartzera zoaz lurpeko aparkalekura eta hara non mahai bat ageri zaizun parkinaren erdian eta, harantzago, maniki batzuk bizkar emanda. Desolazio moduko bat transmititzen du ikuskizunak.
Aparkalekuaren gainerako bazterretan, beste gauza batzuk ikusiko dituzu: testu liburuak eta arkatzak lurrean, trafiko seinale bereziak… Gipuzkoako Caritasen azken kanpaina da: APARKATU ZURE EZAXOLATASUNA. Seguru asko, KERIA esatea litzateke zehatzagoa.
Antza, ohitu egin gara pobrezia ikusten edo, zehatzago, jende pobrea eskean ikusten bazterretan eta ematen du horixe ikusarazi nahi duela kanpaina honek, galdu egin dugula pobreziaren aurrean ezer sentitzeko gaitasuna.
“Gera zaitez, begiratu zure inguruari eta egizu zerbait. Landu zure giza-garapena, egin harrera, enpatizatu. Erakutsi hor zaudela”.
Hori guztia eta gehiago diote han-hemenka zabalduta dauden afixek. Arte-instalazio kutsua dute gehienek eta, behingoagatik, aintzat hartu zaitu publizitateak: garaikidea da, mezuak argiak dira, transgresorea egiten zaizu, erakargarria… Uste ez zenuen unean pobreziari buruz pentsatzen jartzen zaitu. Eta zerbait egin ote dezakezun erabakitzen.
Sarreran bertan harrapatu zaitu publizitateak, eskailerak jaisten hasi zaren unean berean:
Harritu egin zaitu ikusi duzunak. Normalean eskaleren bat egoten da, begiratu ere egiten ez duzuna, ez baituzu astirik izaten inoren zorigaitzetan pentsatzen hasteko. Errukiari hesiak jarrita ibili ohi zara hirian presaka.
Gaur, ordea, afixa bat besterik ez da, baina ezohiko lekura eraman dizkizu begiak: gora beharrean behera, lurrera. Eta irakurri egin duzu. Publizitate bat I RA KU RRI egin duzu, publizitate bat I RA KUR TZEN harrapatu duzu zeure burua, beti iragarkien ihesian bizi zaren horrek. Gainera euskara aratzean dago. Ezbairik gabe, zuretzat jarri dute hor mezu hori. Lurretik irteten da, sasia eta osinen antzera. Erre egiten du, behintzat. Begiak behera begira jarri behar izan dituzu.
Zirrara handia egin dizu afixa honek. Bere lekuan eskale bat irudikatu duzu, gizon edo emakume bat, eskua zabalik sos baten eskean, eta bai, horko hori leku txarra da zinez, orduak eta orduak eskean egoteko. Eta bai, zerbait egin behar duzula erabaki duzu zure axolagabetasuna aparkatzeko. Ala keria behar zuen?