Botako nituzke sutara!

Botako nituzke sutara!

Ikasturtea amaitu da eta uda hasi, oporraldia, San Juan bezperako suarekin batera.

Eta botako nituzke sutara gurasoen uatxap talde gogaikarriak -ditxosozko urtebetetze ospakizun kolektiboetakoak BATEZ ERE-. Eta botako nituzke sutara “neuk erabakita baino denon izenean `andereño´-ari  (ke horror! nondik dator izen hori, `señorita´-tik?) erosi diodan oparitxoa”. Eta botako nituzke sutara malabareak egitera behartzen gaituzten hasierako egokitzapena eta bukaerako ordutegi ulertezin hori, erabaki batzuk hartzera behartzen zaituena: lanik ez egin, murrizketa eskatu, neskame bat  hartu -emakumea beti, etorkina askotan- edo aiton-amonak ilobetara gatigatu. Eta botako nituzke sutara eskolak publikoak izanda ere, Gabonetan hartzen duten kutsu erlijiosoa. Eta botako nituzke sutara festak, Gabonetakoa, inauterietakoa, korrikakoa, ikasturte bukaerakoa -musika eskolako kantaldi eta guzti-… San Joan suak! Eta botako nituzke sutara belaunaldiz belaunaldi errepikatzen den joera hori, umeei euskaraz egin eta gurasoen artean gazteleraz aritzekoa, jada euskal ohitura bihurtua.Eta botako nituzke sutara jolasparkeetan sortzen diren lehia nahigabekoak, “gure Markelek, bere kabuz aizue, irakurtzen ikasi duelako” eta datorren urtean eskolatik piszinara joaten hasiko direlako “Ane, Monika eta Uxue jada igerian egiten ikastera joaten direlako” edo “Aitzol, Maren eta Karlota ingelesera bidaltzen -bai, bidaltzen!- dituztelako”.

Botako nituzke sutara!
Oier Peñagarikano Arenaza

Eta botako nituzke sutara asteburuetan goiz jeiki beharrak, zer eta haurrak berak ere gustuko ez dituen eskolaz kanpoko jarduerak (judo, saskibaloia, euskal dantzak, bestelako dantzak, pilota, xakea, futbola eta futbola eta futbola)  direla-eta! Eta botako nituzke sutara bilerak eta bilerak, metodologiak azaltzekoak eta udalekuetakoak; euskaraz direnean kontu-kontari dabiltzan erdaldunekin eta badaezpadako guztiak galdetzen dituzten amatxoekin batera -aitatxorik apenas da bileretan-, botako nituzke sutara. Eta botako nituzke sutara rifak eta zozketak, ikas-bidaia?-rako niki eta egutegiak -euskararen aldekoak, herriko elkarteren baten aldekoak, Guraso Elkartekoak…-; borondate truke, euro batean,  bost edo hamar eurotan txin-txin! Eta botako nituzke sutara guraso beti-gazteak (bizar utzi-zainduko aita jipster cool-ak -bata `h´-ez eta bestea kul irakurri- eta siemprealaultimako ama irrifartsuak); eta gainera, beraien guraso (aitita-amama) orojakintsuekin botako nituzke sutara -metereologoak dira, medikuak dira, jostunak dira, psikologoak dira, injienariak dira, eta nola ez, poliziak ere badira-.

Eta gurasoekin batera -pasotak, enrollatuak, abertzaleak, kapritxosoak…-, adeitsuak, atseginak eta pazientzia ikaragarridunak izanda ere, irakasleak eta seinak eurek ere botako nituzke sutara -lanen karpetak ez, horrek gorde behar dira!-. Eta neure buruari su eman, emango nioke sua: `a lo bonzo´. Oporrak behar ditut, ez ba?

* Eta zuek, ez duzue ezer gaur gauean sutara botatzeko?

..