Autodeterminazioa & erabakitzeko eskubidea
Gaurkotasun osoa duen hitzaldi bat emango du Asier Ipiñazarrek ekainaren 25ean Koldo Mitxelena Kulturunean.
.
HITZALDIAREN SINOPSIA
Nahasmen handiak sortu dizkigute gure pentsamenduan, herri honek zapaldua daraman denbora luzean. Azkenaldian, erabakitzeko eskubidea eta autodeterminazioa gauza bera direla sinetsarazi nahi digute. Asier Ipiñazarrek sakon aztertu du gai hau, eta hitzaldi honetan azalduko digu, argi eta garbi, ez direla gauza bera.
Erabakitzeko eskubideak parean jartzen ditu askatasuna eta menperakuntza, herri bat izatea edo desagertzea. Autodeterminazioak, berriz, hitzak berak adierazten duen bezala, geure buruaren jabe izatea esan nahi du. Gure erabakiak guk eta ez beste inork hartzea dakar. Eta hori askatasuna da. Autodeterminazioa independentziaren sinonimoa da.
1.- Buruan nahasmen handia sortu digutela diozu. Nork eta zein helbururekin?
Hala da, gure herria, euskal herria alegia, etengabeko nahasmen egoera batean bizi da; geure buruarekiko kontzientzia galtzerainoko nahasmen gogorra pairarazten digute.
Baina nahasmen hori ez da une jakin batekoa: zapalkuntza prozesu baten barruan ulertu beharra dago, eragiten diguten mina nolakoa den ulertu eta neurtu nahi badugu behintzat.
Urteetan zehar, biolentzia fisikoan oinarritu izan dute gure zapalkuntza; azken urteetan, ordea, gatazka politikoa oso fase arriskutsura eramatea lortu dute, herria zapalkuntzaren agente aktibo eta boluntarioa izatea lortzen ari baitira.
Askatasuna berreskuratzeko bide propio bat sortu eta landu beharrean, arrazoia etsai politikoei oparitzen eta gu desagerrarazteko sortua dagoen sistema bera ari gara indartzen.
Gure egunerokotasuna zorrotz aztertzea nahikoa da nahasmen egoera honen hainbat adibide aurkitzeko: gure herria zatitzen duen banaketa administratibo inposatua onartu dugu, askatasuna etsaiarekin batera bozkatu behar dugula baieztatzen dugu, independentzia ez dela eskubide bat aldarrikatzen gabiltza, eta abar.
Zapalkuntzaren erantzule nagusiak munduko bi estatu handi direla argi izanik ere eta abertzale askorentzat mingarria izan arren, onartu beharra dugu egoera ez litzatekeela hau izango herri honek bere askatasun grinaren tamainako klase politiko bat izango balu.
2.- Gizartea-erabakitzeko eskubidea binomioa herria-autodeterminazioa binomioa baztertzeko asmoarekin asmatu dela uste duzu? Etsaiaren belarriak goxatzeko, nolabait?
Zoritxarrez, bai. Ematen du “aro berri” gisa bataiatu duten garai honetan independentzia eta askatasuna tabu bihurtu direla.
Ikerketa askok adierazten duten bezala, beti zapalduta bizi den gizakiak sufritzen dituen ondorioak oso gogorrak dira, eta, bizirik irauteko ariketa sinple batengatik baino ez bada ere, zapalkuntza hori eroangarriago egiten ahaleginduko da.
Horrela ulertzen dut nik gizartea eta erabakitzeko eskubidea binomioa, zapalduaren sindromearen ondorio gisa. Aurretik esan dudan bezala, urte asko daramatzagu zapalduta bizitzen, eta askatasuna berreskuratzeko estrategia faltak eraman gaitu herri guztiok berezko dugun autodeterminazio eskubidea gizarte eta erabakitzeko eskubidearekin ordezkatzera.
Ez dugu zapalkuntza hori onartu nahi, eta, gu geu zapaltzaile ez garen neurrian, geure burua engainatzen dugu pentsatuz noizbait etsaia zein onak garen konturatuko dela eta aske izaten utziko digula.
Egoeraren diagnostiko egokia egin gabe ekintzak antolatzen hasten bagara, halabeharrez sisteman desegingo gara, herri gisa desagertu egingo gara alegia, azukre koskorrari kafesnean gertatzen zaion bezala.
Eta, beste behin ere, ondorio berera heltzen gara: herri honek ez duela lidergo politiko sendorik.
3.- Zein da nahasmen horretatik ateratzeko estrategia edo mezurik egokiena? Herria edo subjektu politikoa nork osatzen duen argi zehaztea, agian?
Herri bat osatzen dugula eta ondorioz autodeterminazio eskubidea berezkoa dugula konplexu gabe adieraztea beharrezkoa da, askatasuna berreskuratu nahi badugu behintzat. Guk geuk geure burua onartzen ez badugu, nork onartuko du?
Politikan horri subjektu politikoa definitzea deitzen zaio, eta, oinarrizkoa izateaz gain, oso ariketa garrantzitsua da erabakimena etsaiari ez oparitzeko.
Munduko estatu guztiek badakite zein garrantzitsua den erabakimena kontrolatzea. Adibidez, Espainiako Konstituzioak argi esaten du lehen artikuluan: “La soberanía nacional reside en el pueblo español, del que emanan los poderes del Estado”.
Hori azaltzen dudanean, askotan galdetzen didate: Nola jakin dezakegu nor den herrikide eta nor ez? Erantzuna sinplea da: gure herriaren askatasunaren alde dagoena herrikidea da; kontra daudenak, berriz, ez.
4.- Hamaikagarren aldiz egin dira ustezko demokraziako hauteskundeak. Gure zapalkuntza egoera alda dezaketela uste al duzu? Horrela ez bada, zerk aldatuko luke?
Egin didazun galdera bera da gakoa gai honetan, hau da, edozein erabaki hartu aurretik diagnostiko egokia egin beharra dugu: demokraziaren eta zapalkuntzaren arteko hautua egin behar dugu. Benito Lertxundik Euskadi irratian egin zioten elkarrizketan ederki azaldu zuen bezala, demokrazian bizi gara, ala herri zapaldu bat gara? Biak batera izatea ezinezkoa da.
Zapaltzailearen sistemaren barruan baino ulertu ezin diren hauteskunde batzuetan parte hartzeak sistemari zilegitasuna ematea dakar eta zapalkuntza egoera bera demokratizatzen du. Beraz, gure zapalkuntza egoera ez aldatzeaz gain, hauteskundeak askatasuna berreskuratzeko bidea eraikitzeko oztopotzat hartu behar genituzke.
Ikuspuntu hori azaltzen dudanean, abstentzioaren alde egiten dudan galdetzen didate sarritan. Ezta gutxiago ere! Abstentzioa, bere horretan, hauteskunde sistemaren beste aukeretako bat baino ez da, espainol edo frantsesei eskaintzen zaizkien aukeretako bat da. Guk gure bide propioa egin behar dugu, askatasunaren alde lan egingo duten sistema eta erakunde propioak sortuz; hitz gutxitan esanda, gure herriari demokrazia ekarriko dion sistema eraikiz.
Suediak, Palestina estatu independentetzat onartu zuenean, bidea zein den erakutsi zigun munduko beste herri zapaldu guztioi. Nazioarteko legediaren irizpidea betetzen duelako onartu omen zuen Suediak Palestina estatu independente gisa; herri bat, lurralde bat eta gobernu bat dituelako, alegia.
Guk herri bat osatzen badugu eta lurralde bat badugu, zer falta zaigu? Gobernu propio bat.
Okupazio egoera batean ez dago ezer erabakitzeko, okupazioa gainetik kentzea baizik.
Pedazo de purista hauek . En fin . Non bizi dira?
Purista diozu? Non bizi dira? Nor baina? Yo tambien creo que son puristas, igual que tu.No puedes escribir un mensaje en vascuence? Qué es lo que quieres decir en castellano? Porque en euskara no se te entiende, y en vascuence tampoco.Qué idioma escribes? Eres de alguna secta? En fin. Non bizi zara?