Ez dago errukirik 43 urtez isolatutako pantera beltzarentzat
Kontuak nola diren
Albert Woodfox izeneko gizona askatzeko agindua atzera bota du AEBetako Auzitegi Federalak eta 68 urteko Black Phanter izandako honek preso jarraitu beharko du beste epaiketa bat egiten dioten arte. Gutxienez.
Baina ez da hori bakarrik: 43 urte daroa isolaturik, inolako harremanik gabe gainerako preso edo pertsonekin. Egunean 23 ordu luzez (asteburuetan 23 ordu eta 45 minutu), ziega txiki batean edukitzen dute harrapaturik. Ez du inolako aktibitate kolektibotarako eskubiderik, ez eta ere mezatara joateko edo antzeko kontuetarako.
Joan zen azaroan salatu zuen New York Timesek berrogeita urte hiru dirauen tortura hau eta ematen zuen amaitu egingo zela oraintxe, Bâton Rougeko epaile batek, Louisianan, baldintzarik gabeko askatasuna eman diezaioten agindu duenean. Baina ez dago errukirik edo, hobeki esan, justiziarik, “Angola Three” taldeko azken presoarentzat.
Zein krimen ikaragarri egin ote zuen halako zigorra merezi izateko?
Albert Woodfox eta bere bi lagun, Robert King eta Herman Wallace, beltzak hauek ere, atrako armadun bat egin izanaz akusatu zituzten 1971. urtean. Hirurak sartu zituzten Louisiana Estatuko kartzelan, Angola izenaz ezagunagoa den hartan, antzina izandako kotoi-soro baten lurretan izan baitzen eraikia.
Hiru lagunek Pantera Beltzen talde bat sortu zuten, badakizu, beltzen askapenaren aitzakian, borroka armatua erabiltzen zuen talde huraxe. Kontua da, kartzela-baldintza hobeak lortzeko antolatu zituzten borroketako batean, labankada batez hil zutela zaindari zurietako bat. Hiru lagunak akusatu zituzten hilketa egin izanaz, batere frogarik gabe, lekukotza bakar batean oinarrituta, baina gaur da eguna badakiguna lekuko hura erosia izan zela komeni bezala egin zezan adierazpena, ostetik egindako bi epaiketak argi utzi baitute hori eta akusatuen errugabetza ere bai. Baina estatuko Prokuradoreak beti jarri izan du helegitea.
Akusazioa muntaia denean
Estatu Batuetan, “Angolako hiruren” kasua adibide gordin oso ezaguna da akusatu beltzei (ez)justizia ezartzeari dagokionean. Hiru lagunon erretratuak hamaika lekutan daude itsatsirik, kantu askotako protagonista dira, bi dokumental ere egin dira zeintzutan ageri den Pantera Beltzen zelula bat muntatu izana zigortu nahi izan dela euren kasuan… Dena alferrik, baita hildako zaindariaren alargunak euren alde egindako eskaera ere.
2001ean, Robert King-ek, zeina izan baitzen bere kideak baino zigor arinagora kondenatua, onartu egin zuen errudun zela, aske geratzearen truke. Erreboltari keinu bat egitera ausartu zen, hala ere, eskuineko eskuaren ordez, ezkerrekoa jaso baitzuen zin egiteko orduan. Hirugarrenak, Heman Wallace izenekoak, 2013an utzi zuen atzean presondegia. Albert Woodfoxen korapiloa geratzen da, bada, askatzeko. Bazirudien oraintxe konponduko zela, baina kale, ostera ere.
Inoiz aske uzten badute, ukaiten ahal du bere lagun Wallacek baino zori hoberik: aske geratu eta hiru egunetara hil zen.
(Robert Kingek bizi izandakoaren testigantza eman du Youtuben. Ingelesez dago, eta frantsesez azpidatzirik)