Autogorroto linguistikoa
Erne jartzen zait belarria hiriko aglomerazioetan sartzen naizenean. Ohitura txarra dela diote, baina iritzi publikoa nondik doan jakiteko modu bikaina da. Nire amonak kazetaritza bikaina egiten zuen teknika honi esker. Nire aldetik, honela izan dut hainbat gutun eta zinta komiko egiteko parada. Eta autobus paradan jazo da, hain zuzen, lerro hauetako gaia.
Unibertsitatetik bueltan, hiru ikasle topatu ditut garraio publikoaren esperoan. Hirurak kazetaritza ikasle. Horietako batek hala diotso:
– … Es que nosotros utilizamos el estilo liburu de Berria para la asignatura de Erredakzio.
– ¡Vaya! – dio beste batek – Nosotros utilizamos el de The Times, que es mucho más internacional…
– Ya, pero es que nosotros estudiamos en euskeraz…
– Nosotros, es lo que tiene estudiar en castellano. Que te dan material potente, no el manual de un periodicucho…
– Ya…
Ideiak, argi eta garbi hirurek. Euskaraz ikastea ez du pitorik balio, euskarazko gidak eta informazioa bigarren mailakoak direlako. Bestalde, egunerokotasuna inportantea da, baldin eta batek Londresen gertatzen dena badaki. Euskaraz, eta norberaren herrian gertatzen dena (ere) jakitea, “probintzialismo” hutsa. Azkenik, ingelesari esker, gure gazteek argi eta garbi barneratu dute gure berezko hizkuntza inportantea ez ezik, gaztelerak ere ez duela pitorik balio. Hori bai: kalean, ez dira ez ingelesez, ez euskaraz mintzatzen. Gazteleraz ordea bai. Bata zein bestea irakasten ez ziren garaietan bezala.
Nire ondorioa: norberaren berezko hizkuntza baloratzen irakasten ez duen hezkuntza sistema, autogorrotoa sustatzen du. Kuriosoa, zeren eta duela mende erdi, autogorrotoa errepresioaren bidez sustatzen zen, eta zapalduek aski soberan zekiten etsaia nor zen. Orain, ez dakigu etsaia The Times, internazionalismoa edo gu geu garen. Dakigun gauza bakarra da euskeraren balorazioa ez dela gehiegi aldatu. Eta hiztunek eurek ere argi dutela hizkuntza arrotzak hobe direla eurena baino, nazioartekoa dela eta ez dela. Es lo que tiene…
Gai honi buruz pare bat ekarpen egin ahal ditudala uste dut, zuzenbide ikasketak egin nituelako eta, nahiz eta gaztelerako plana jarraitu, bi ikasgaiak euskaraz egiteko aukera izan nuen.
Eta zer esan dezaket? Ba zuzenbidearen kasuan ere kazetaritzan gertatzen den bezala da. Ez genituen inongo material indartsurik, lege gehienak ez dira euskarara itzuli eta maila nahiko baxua zen gaztelerako taldearekin alderatuz.
Tira, bahintzat ziurtatu dezaket irakasleen hizkuntz maila (edo gutxienez niri tokatu zitzaizkidan irakasleenak) apropos bat dutela. Aldiz, klasekide batek esan zidan Bilboko fakultatekoak penagarriak zirela zentzu horretan ere, ez zekitela ezta euskaraz ondo hitz egiten, eta hori berez gauza latz bal baldin bada euskaraz den klase batean, are eta gehiago zuzenbideko klase batean, non suposatzen da ederki menperatu behar duzula zure hizkuntza. Guztiz zentzugabea.