Euskal hedabideak, zenbaki bat baino gehiago

Euskal hedabideak, zenbaki bat baino gehiago

Iristea eskatzen zaie euskal hedabideei. Zabaltzen dituzten edukiek izan ditzatela kontsumitzaileak. Normala: hedabideek komunikatu egin behar dute, eta bestaldean hartzailerik ez badago, bozgorailu mutuak dira. Baina iristea ez da norabide bakarreko bidea. Iristea eztabaida eragitea da, mezuei oihartzuna ematea, hiztun komunitatea elikatzea, sareak ehuntzea. Horregatik, bai, zalantzarik gabe: euskal hedabideak iristen dira. Balio soziala hor dute.

Eta Hekimen osatzen duten euskal hedabideetan sinetsita gaudenez administrazioen ahalegina ezinbestekoa dela sendoagoak eta hobeak izateko eta, ondorioz, gehiago eragin eta jende gehiagorengana iristeko, bilera dinamika bultzatu dugu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin, politika eraginkorragoei buruz eztabaidatzeko.

Gure dimentsioen eta gure ekarpenaren diagnostikoa egin nahi dugu. Irakurketa adostua egitera iritsiko bagina, diru laguntzez hitz egiteari utzi eta inbertsioez hitz egiten has gintezke. Zenbakiez ez ezik, balioez ere mintza gintezke.

Ezin baitugu kezka ezkutatu. Lan baldintza prekarioetan ari dira euskal kazetariak, eta sektoreak lanak ditu urtea gainditzen duten inbertsio edo sustapen egitasmoetan sartzeko. Politika iraunkorragoak behar ditugu administrazioetan, begirada luzekoak. Horretarako modu bat izan daiteke helburuak eta bideak partekatzea. Lehen urratsa egin dugu.

 

Hekimen – Euskal Hedabideen Elkartea

hekimen

 

ZUZEUn Alberto-Barandiaran, hekimeneko zuzendariari 2013an egindako elkarrizketa hemen

hekimen

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.