Almeria bertan dago, eta Carlos Sobera ETB1-ean

Almeria bertan dago, eta Carlos Sobera ETB1-ean –

Almeria bertan dago, eta Carlos Sobera ETB1-eanGaizka Garitanok Almerian bere hizkuntza eskubideak irmo defendatu zituela-eta, Eibarko entrenatzailearen mireslez bete da sarea, harik eta norbaitek Euskal Herrian egunero-egunero antzekoak pairatzen ditugunaz ohartarazi eta #AlmeriaBertanDago aldarrikapen ikur bihurtu den arte. Eta horretara gatoz geu ere, euskararen zapalketa salatzera: Almeria bertan dago… eta Carlos Sobera ETB1-ean.

90eko hamarkadan jazo zen kontua eta bai, gure telebista publikoko lehenengo katean, hain zuzen ere euskaraz lan egiten ei duen horretan.

1993an Boulevard saioa gidatzen egin zuen ETB-n debuta Anne Igartiburu Elorrioko aurkezleak -sarean apenas aurkitu dugu saioari buruzko ezer-. Asteroko magazinak Carlos Sobera omen zuen gidoilari, barakaldoarrak berak prentsan kontatu eta guk @josu_goiko-ri esker jakin izan dugunez.

El País espainiar egunkariko El Semanal gehigarrian, orain bi asteburu, Carlos Sobera elkarrizketatu zuen Marién Kadner kazetariak, egindako akatsak gai hartuta: “Todos cometemos errores” (Samuel Sánchezen argazkiarekin, hemengo bera).

Carlos Soberak telebistan egin dituen akatsik larrienak kontatzen dizkio kazetariari, pasadizo modura… eta bukaeran, egun telebista aurkezle eta antzerkian buru-belarri diharduen gizonak, orain bi hamarkadako kontuak gogoan… hara zer dioen!

«Garai haietatik dakartzat  beste akats edo lorpen batzuk, segun eta nondik begiratzen diozun. Nire balentriarik handiena euskaraz berba bakar  bat ere egiten ez nuela (ETB1-eko) grabaketak jarraitzea izan zen -elkarrizketako aurreko pasarte batean kontatzen du Igartibururen Boulevard saioko gidoilaria zela-.

Gidoia gaztelerara itzulia nuen. Kontroleko zuzendariak galdetzen zidan: “Zer moduz?”, eta nik erantzun: “Nik zer dakit ba, txo, euskaraz ari dira-eta. Ez dakit haria jarraitzen ari diren, ondo edo txarto galdetu duten. Ideiarik ez».

Almeria bertan dago, eta Carlos Sobera ETB1-ean

Euskaraz jakin gabe saio bat ikuskatzen ETB1-ean, “proeza” bikaina da, bai; txalo bat (eskua zabal-zabal eginda) Sobera jaunari… eta doala Almeriara!

Adierazpen argigarri hauen ondotik, gizonak zein abizen aproposa duen ohartarazi du txiolari batek Twitter-en, eta N bat gehituta hobea lukeela, “soberan”, erantzun dio besteren batek. Baina ez genuke Carlos Soberaren berbek euskaldunarengan piztu dezaketen amorrua telebista publikora zuzendu behar?

Nola da posible euskaldunokin horren eskuzabala den gizartean horrelakorik gertatzea. Eta, egunera etorrita, badago bermerik berriro gertatu ez dadin, ETB?

 

 

Zer duzu buruan “Almeria bertan dago, eta Carlos Sobera ETB1-ean”-ri buruz