Zapata, eta hiru mila pareak

Ama Zuriaren plazan xenofobia salatu eta hiri kultur anitza aldarrikatzera datorren ekintza artistikoa burutzeko (apirilaren 17an), Irantzu Lekue artistak sei mila zapata eskatu dizkie gasteiztarrei. Zapatapean nahi gaituzten agintari baztertzaileen kontra egitera datorren ekimena da aurkezgai duguna, beste Zapata hark esan zuen bezala, Emilianok, “lurra lantzen duenarentzat” baita; eta hiria kalean dabilen hiritarrarentzat.

Zapata eta hiru mila pareak Gasteiz hiri grisa bihurtu dela-eta, kolore apur batez jantzi eta xenofobiari aurre egiteko nahi  ditu Lekuek sei mila oinetakoak; 3.000 zapata pare baino zehatzago esanda.

Artistaren esanetan, “zapatek jatorri sozial eta kultural ezberdineko herritarra irudikatzen du, eta hauen bitartez gizarte indartsuagoa eraikitzearen irudia islatu nahi dugu, integratzailea eta kutur anitza”.

Zapata berri zein zahar, erabiliaren erabiliaz guztiz apurtuak, bota luzeak zein udako espartin arinak, tankera guztietako oinetakoak onartzen dira apirilaren 15era arte; eta jada jasoak dituzte milaka batzuk. Gero, zapata horiekin guztiekin Ama Zuriaren plazan instalazio artistiko bat burutzea du helburua Lekuek, oraindik argibide gehiago eman ez dituen arren. Gainera, behin apirilaren 17an ekintza artistikoa eginda, oraindik ere erabilgarriak diren zapata pareak Caritas-i emango zaizkio, premia dutenen artean bana ditzan. Apurtuak, erreziklatu egingo dira.

Gora Gasteiz-ek ere bat egin du Lekuerekin, eta zapata batzen dabil. “Kaleak hartzeko deia egin dugu, irudimenez eta kolorez politika xenofobo, matxista, eta islamofoboen gris koloreari aurre egiteko. Hiritarrak parte hartze aktiboa izango du ekintza artistikoan, eta guztion artean Gasteiz koloretsu eta irekia margotuko dugu”.

Apirilaren 18an Gora Gasteiz eguna ospatuko duen herri ekimenaren esanetan, “gizarte gaietan eredugarria zen hiri batean jaio ginen gu, abegikorra zena eta hartu zuen jende saldoari esker, oso urrutikoak asko, hazi zena”. Horregatik, Gora Gasteizek “uko egiten dio herritarrak banatzeari, norbere mesede hutserako mina baino sortzen ez duten arazoak asmatzeari”.

Izena inondik aipatzen ez bada ere, Javier Maroto alkatearen politika baztertzaileak dituzte jomugan ekintza artistikoak eta Gora Gasteizen ekimenek.

 

Koldo Izagirrek idatzi eta Joseba Tapiak musikatu, elkarlanean emandako “Apoaren edertasuna” (Gaztelupeko Hotsak, 1998) zoragarriko “Zapatapean” kantua gehitu dugu berrira, horrela dio-eta:

apoaren azala“Nire itxura ez da ezeren zigorra
Nazka ematen badizu nik daukadan antzak…”

“Apo, apo
Isilik hago!
Ene Zapatapean…
Hi hilik hago!”

Ederra eta Piztiaren arteko solasa ei da kantua; Maroto alkatea bera eta etorkinen artekotzat ere hartu genezake, nahiago bada.

 

zapataZapata iraultzailea

Zapata kontuekin jarraituta, hara non dugun Emiliano Zapata. Mexikar galantak Chiapaseko zapatisten mugimenduari izena eman eta iraultzaren ikur unibertsala da egun, 1910eko Mexikar Iraultzan justizia eta askatasunaren aldeko borrokalari sutsua izan zela-eta, beti behartsuen alde.

Elia Kazan zinemagile itzaltsuaren “Viva Zapata!” filmean Marlon Brandok antzeztu zuen Emiliano nekazari txiroen semea ei zen, oso gizon trebea zaldiak hezten. Historialariek diotenez, Mexikar Iraultzako beste buruzagiak handinahiak edo botere gosez ziren bitartean, eraldaketa soziala ei zen Zapataren helburua.

Berak esana ei da “lurra, lantzen duenarentzat!” leloa; Irantzu Lekue eta Gora Gasteiz gogoan, kaleak hiritarrentzat gehituko genuke guk. Herenegun (apirilak 10), 96 urte bete ziren Emiliano Zapata jenerala erail zutela.