Zergatik tematzen da Jaurlaritza Kontseiluaren aurka egiten?

Nik bezala, bateren batek pentsatuko zuen akaso, zenbat denbora beharko zen Lorea Agirrek, Bilbon, Korrikaren amaieran irakurritako azken mezuaren garra itzaltzeko. Ahalduntzeaz aritu zen, lotsarik eta beldurrik gabe plazaren erdira agertzeaz, eguneroko lanaz, menpeko perpausa ez izateaz… Nik esango dizuet zenbat iraun zuen testu haren oihartzunak: 3 egun. 3 egun behar izan baitzituen Korrika amaitu eta berehala, Joxean Muñozek, Jaurlaritzako Kultura Sailburuak, Donostia 2016 ekimenaren baitan, Kontseiluak antolatuko duen hizkuntza gutxituen goi-bilera kritikatzeko.

Nik bezala, bateren batek galde dezake zertara datorren Jaurlaritzak euskalgintzako eragileei luzatzen dien enegarren ostiko hau.

Martxoaren 31n aurkeztu zuen Kontseiluak, 2016ko abenduan burutuko duen hizkuntza gutxituen goi-bilera.

Auziak uzten dituen galderak

Zergatik egiten du Jaurlaritzak Kontseiluak antolatu nahi duen goi-bileraren aurka?

Zergatik batu zaio Jaurlaritza Espainiako Kultura Ministeritzak jarritako helegiteari ?

Zergatik bide judiziala zabaldu Espainiako Gobernuari loturik, Jaurlaritza ere Donostia 2016ko Patronatuko kide denean?

Zer lortu nahi du Muñoz/Bastarrika bikoak honekin guztiarekin?

Zergatik halako gorrotoa Jaurlaritzak Kontseiluarekiko?

Zergatik ukatu nahi die espazioa, eragina, zilegitasuna euskararen gizarte eragileei Jaurlaritzak?

Zein da Jaurlaritzaren hizkuntza politikaz Kontseiluko eragileek duten iritzia?

Zein izango da Euskaltzaindiaren papera guzti honetan?

Poziktibity? Negatibiy!

Nahi adina Poziktibity kanpaina lelo abiaraziko ditu Jaurlaritzak euskararen erabilera sustatzeko, baina aurpegi zuritzetik gehiago izango dute, beste edozertatik baino, bizkarretik Kontseilua osatzen dute euskararen gizarte eragileak gutxiesteko eta, aukera duen orotan, eurei zilegitasun osoa kentzeko asmoari eusten badio.

Eta hori bilatzen du Muñozek bere adierazpenekin. Donostia 2016ren aitzakian, Kontseiluak ez, eta altuera hauetan, Jaurlaritzak antolatu behar balu, bere ustetan goi-batzar hori, euskararen eragileei esaten ari zaiena da, konpartsa hutsa direla, ez dutela ahalduntzeko gaitasun edo baliorik eta, horrenbestez, euskararen gauza serioez arduratzeko autoritate bakarra Jaurlaritza dela. Eta hori, Muñozek badaki, Korrikaren amaieran Lorea Agirrek testuan eta ekimenak leloan zioenaren aurkakoa da, hain justu.

Larria eta penagarria

Euskarak interbentzionismo politiko gutxiago behar du Jaurlaritzaren aldetik eta babes handiagoa eman behar die horretan egunero dabiltzan eragileei. Irtenbide inteligenteena, eta euskarak behar lukeena, gizarte eragileen ahalduntzean Jaurlaritzak Kontseiluari goi-bileraren antolaketa lanetan erabateko babes politiko eta instituzionala ematea litzateke, Espainiako Kultura Ministeritzarekin lerratu beharrean. Baina..

Mugimendu honekin, Jaurlaritza ez ezik, Joxean Muñozen izen ona ere oso zikindua geratu da, bere kurrikulum eta postua alderdiaren taktika eta interesen zerbitzura jarri duenean. Bastarrika eta Jaurlaritzaren hizkuntza politika gatzgabeek aspaldi jo zuten hondoa, sustapen kanpaina inozoetara murriztuta, baina Kontseiluaren hizkuntza gutxientuen goi-bileraren aurka eginez, euskararen etxeari harrika ari zaizkio orain, lotsarik gabe eta Espainiako Kultura Ministeritza aliatutzat hartuz. 2016ko proiektua lurperatzeko asmotan Kontseilua eta euskara nahastu ditu, eta hori, ni bezalako euskaltzaleentzat marra gorri guztiak gainditzea da.

Euskara alderdien agendan sartzeko beharra aldarrikatzen zuen aspaldi euskalgintzak. Baina ez zen euskararen aurka egiteko, prezisamente. Euskarak ahalduntzea eta babesa behar zituenean, Jaurlaritzak sostengu baino traba izatea erabaki du, beste behin ere.

Larria eta penagarria.

3 pentsamendu “Zergatik tematzen da Jaurlaritza Kontseiluaren aurka egiten?”-ri buruz

  • Peru Dulantz 2015-04-15 14:49

    Beti izan da hori bera PNVren (eta Jaurlaritzaren) jarrera: kontrolatzen ez duten mugimendu oro suntsitzea edo baztetzea. Ez da berria. Eta euskarari buruz zer esan… Ez dute sinesten, ez dute inoiz sinetsi, eta horrela gabiltza…

  • Eta alderantziz? Zer du Kontseiluak Jaurlaritzaren aurka? Ez noa ni Jaurlaritzaren lana ondo ala gaizki dagoen esaten, baina gutxienez hauteskunde batzuen bermea dauka, baten batzuen botoei esker dago dagoena. Kontseilua noren izenean ari da? Nork izendatu du bozeramaile hori? Askotan enpresarien elkarteko burua datorkit burura. Enpresarien elkarteko presidenteak enpresa batzuen izenean egin dezake berba, besterik ez. Eta Kontseiluak ere baten batzuen izenean, ez herriaren izenean. Nekatuta gaude zurikeriekin. Ez dago inor sobra!

  • Bestek ere (Gorka Bereziartuak eta) eman diote itxurazko erantzunik planteatzen duzun hainbat galderari, baina banoa ni neu ere irristatzera.
    1) Jaurlaritzak ezin du guztiz kontrolatzen ez duen erakunde baten eskuetan utzi bere Hizkuntza Politikaren kritika sakona ekarriko duen kongresu internazional bat.
    2) Jaurlaritzak ez du desmadrerik nahi. Are gutxiago nahi du kolonialismo-inperialismo moduko terminologiarik Europa neoliberalak ordainduko duen kongresu batean.
    3)Jaurlaritzak ezin du babestu bere ahulezia linguistiko eta politiko guztiak nazioartean agertzeko posibilitate erreala. Kontseilua torpedeatzeko borondatea hortik baino ez datorkio.
    4) Batarrikak eta Muñozek ongi azpimarratu duten bezala, Jaurlaritzak nahiago du hemengo Unibertsitateren bat, Euskaltzaindia bera, Eusko Ikaskuntza, Unesko Etxea… antolatzaile izatea, “formalagoak” (zentzu anitzean) baitira, serioak, gorbatadunak… Baina inportanteena, agintean daudenei buruhauste gehiegirik emango ez lioketen erakundeak dira horiek guztiak, fomalismo hutsalez gainera, Lakuak ongi lotuak baititu kidetasun idoelogikoen indarrarekin batzuetan eta aurrekontu eta diru-laguntzekin gehienetan.

    Arazoa judizializatzeak, noski, Gpuzkoako agintariak eta Kontseilua presionatzeko aukera ekarriko dio.
    Lagun onak aukeratu ditu gainera.